Ki-taek familiako lau kideak langabezian daude, eta era guztietako trikimailuak egin behar dituzte aurrera egiteko. Abiapuntu hori du Parasite filmak. Gaur egungo mundua menderatzen duen kapitalismoaren kritika zorrotza egiten du, eta gizakiaren alderik ankerrena ere erakusten du. Alejandro Gonzalez Iñarrituk zuzendutako epaimahaiaren ustez, huraxe izan da Cannesko zinema jaialdiko pelikularik onena aurten.
Antonio Banderasentzat izan da gizonezko aktore onenaren saria (Dolor y Gloria) , eta emakume onenarena Emily Beechamentzat (Little Joe). Jean-Pierre eta Luc Dardenne anaiek zuzendari onenaren garaikurra jaso dute (Le jeune Ahmed), eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Mati Diop zuzendariaren Atlantique filmarentzat izan da.