Bizkaia

EAJ gehiengo osoaren atarian geratu da Bilbon

Zinegotzi bat gehiago lortu dute jeltzaleek hiriburuan, eta Barakaldon hiru gehiago lortu dituzte. Batzar Nagusietan ere gehiengo osoaren atarian geratu dira jeltzaleak, lehen zituztenetik bi gehiago lortuta.

Juan Mari Aburto, ematzak ospatzen. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko maiatzaren 26a
11:09
Entzun

Lehia bizia dago Bizkaiko hainbat herritan, eta haietako nagusietako bat Barakaldo izan da. 2015eko hauteskundeetan, 52 botoren aldearekin irabazi zuen EAJk alkatetza, eta, hala, agintea lortu zuen urte luzez sozialisten eskuetan egon zen udal batean. Udal hauteskunde hauetan, berriz, alde hori handitu dute jeltzaleek. Zortzi zinegotzi izan ostean 11 eskuratuko ditu EAJk, eta PSE-EEk, berriz, 2015ean lortu zituen zortziak. Elkarrekin Podemos hirugarren indarra da lau zinegotzirekin, eta EH Bilduk zituen lauretatik bat galdu du. Azkenik, PPren hiru zinegotziak bakarrean geratu dira.

Bilbon ere gora egin dute jeltzaleek, eta gehiengo osoaren atarian geratu dira. 13 zinegotzi izan ostean, orain 14 dituzte, eta, inkestetan ziotenaren aurka, ez dituzte gehiengo osoa eskuratzeko 15 eserlekuak lortu. PSE-EE da bigarren indarra bost zinegotzirekin, eta EH Bildu hirugarrena laurekin —duela lau urte launa lortu zituzten—.

Getxon ere jeltzaleek ere nabarmen egin dute gora, eta gehiengo osotik zinegotzi bakar batera geratuko dira. Duela lau urte lortu zituzten bederatzi zinegotzietatik hamabira egin dute jauzi, eta PP izan da bigarren indarra bostekin. Ordezkari kopuruari eutsiko liokete, baina bi puntu jaitsiz. EH Bilduk, bestalde, lau zinegotzirekin jarraituko du. PSE-EEk bi ordezkari izatetik hirura egingo dute jauzi, eta Ciudadanosek Bizkaian zeukan zinegotzi bakarra galdu du.

Portugaletek, bestalde, Ezkerraldeko udal sozialista bakarra izaten jarraituko du, bederatzi ordezkari izatetik hamar izatera igo baitira. EAJk bost izaten jarraituko du, Elkarrekin Podemosek hiru, eta PPk bakarra. Sozialisten igoera hori, EH Bilduk galdutako zinegotzitik iritsiko litzateke —hiru izatetik bira jaitsi dira koalizioko kideak—.

Bermeon EH Bilduk izan duen alkatetza galduko du. Zazpi zinegotzi izatetik bederatzi izatera igaro da EAJ, eta zazpitik bostera jaitsiko da koalizio abertzalea. Guzan plataforma, berriz, bi zinegotzi izatetik hiru izatera igaroko da.

Lekeition ere lehia bizia egon zen aurreko udal hauteskundeetan, 116 bozen aldearekin irabazi baitzuen EAJk. Gaurkoan, ordea, jeltzaleek lau puntu egin dute gora, eta hiru behera EH Bilduk. Zazpi ordezkari dituzte jeltzaleek, eta sei koalizio abertzaleak.

Gernika-Lumon, Jose Maria Gorroño egungo alkateak jarraituko du aginte makilarekin. Euzko Abertzaleak plataformak jeltzaleekin aliantza egin, eta gehiengo osoa izaten jarraituko du. Dena den, 11 zinegotzi izatetik hamar izatera igaro da, eta ordezkari hori EH Bilduk lortu du.

Durangon, jeltzaleek alkatetza galdu dezakete eta EH Bilduren eskuetara igaro daiteke. Biek aurreko hauteskundeetako zinegotzi kopuru bera lortu dute —zortzi jeltzaleek, zazpi koalizio abertzaleak—, baina PPk ordezkaria galdu du udalbatzan, eta zinegotzi hori Elkarrekin Podemosek irabaziko luke. Beraz, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek akordioa lortuko balute alkatetza eskuz aldatu ahalko litzateke.

Batzar nagusietan, EAJ gehiengo osoaren atarian

Bizkaian lehendik zuen indarra berretsi du EAJk, eta bi ordezkari irabaziko lituzkete Batzar Nagusietan. 23 lortu zituzten 2015ean, eta 25 lortu dituzte. Zenbaki horiekin gehiengo osotik ordezkari bakarrera geratuko lirateke jeltzaleak, eta beraz, Unai Rementeria egungo ahaldun nagusiak bere hautagaitza indartuko luke. EH Bilduk hamar ordezkari lortuko ditu, hau da, lehendik zituenak baino bat gutxiago; PSE-EEk zortzi batzarkide lortuko ditu (azken hauteskundeetan baino bat gehiago), eta Elkarrekin Podemosek sei ordezkari lortuko lituzke, duela lau urte bezain beste. Hauteskunde hauetako galtzaile nagusia PP izango litzateke, zituen lau batzarkideetatik bi galduko dituelako.

Europako bozetan ere, EAJk gora

Europako hauteskundeetan parte hartzeak 21 puntu egin du gora Bizkaian, eta horrek alderdi denei eragin die positiboki. Bai behintzat boto kopuru aldetik. Ehunekoei begiratuta, EAJk Europako bozetan ere gora egin du lurralde historikoan. 226.514 bozka lortu dituzte, emandako boto guztien %38. PSE-EE litzateke bigarren indar bozkatuena 109.843 botorekin (%18,56), eta EH Bildu hirugarren tarte gutxira: 108.462 (%18,32). Hurrengo indarra litzateke Elkarrekin Podemos 67.161 boto lortuta (%11,35) eta PPk 36.178 bozka eskuratu ditu (%6,11).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.