Unibertsitatea

Lana gaztelaniaz aurkezteko eskatu diete EHUn Medikuntza euskaraz ikasi duten ikasle batzuei

Gradu amaierako lanen artean ohorezko matrikula merezi dutenak hautatuko dituen epaimahaiko kide batzuek ez dute euskara ulertzen.

jarraia166985.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 28a
07:14
Entzun

Berriro ere haserrea piztu da Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza gradua euskaraz ikasten ari direnen artean. Gradu amaierako lana gaztelaniaz edo ingelesez aurkezteko eskatu diete epaimahaiko kideek, euretako batzuk ez direlako euskaldunak. Lau dira egoera horretan dauden ikasleak. Leire Ugarte da euretako bat. "Ingelesez aurkezten diren lanetarako epaimahai berezi bat egoten da, eta kide guztiek ingelesa menderatu behar izan dute. Hori eskatzen dugu euskaraz egindako lanentzat ere". Azaldu du urteroko kontua dela euskaraz ikasten dutenentzat.

Jadanik euren gradu amaierako lana aurkeztuta dute, eta arazorik gabe: bakoitzak bere hizkuntzan. Baina orain euskarazko eta gaztelaniazko ikasleen artean aurkeztu diren lanen artean onenak iruditu zaizkienak hautatu dituzte, horietatik ohorezko matrikula zeini eman erabakitzeko. Hor sortu da gatazka. Aukeratu dituzten lanak ebaluatu zituzten epaimahaietako presidenteek osatu dute epaimahai berria, ohorezko matrikula nortzuk merezi duten erabakiko duena. «Lau euskaldunak dira, baina beste biek ez dute ulertzen». Hautatutako ikasleek mezu elektroniko bat jaso zuten, aurkezpenaren deialdiarekin. Azken paragrafoan esaten zieten ez zela derrigorrezkoa gaztelaniaz edo ingelesez egitea, baina epaimahaiak eskertuko liekeela. "Ez genion aparteko garrantzirik eman", aitortu du Ugartek. Baina astelehenean bigarren mezu bat jaso zuten, soilik lana euskaraz aurkeztu zuten laurek: "Aurkezpeneko diapositibak gaztelaniaz edo ingelesez jartzeko eskatzen ziguten, epaimahaiko kide batzuek ez dutelako euskara ulertzen". Lana euskaraz aurkeztu duten lau ikasleek mezu bat zabaldu zuten astelehenean bertan sare sozialetan, gertatutakoa salatzeko: "Horrelako zapalkuntza jasan beharra lotsagarria, negargarria iruditzen zaigu".

Baldintza ezberdinak

Fakultateko dekanoak barkamena eskatu die, Euskara eta Eleaniztasun dekanordeak idatzitako gutun baten bidez. "Egindako okerra aitortu izana pauso" modura hartu dute ikasleek, baina ditu gogobete, ez dutelako lortu gura zutena: epaimahiko kide guztiak elebidunak izatea eta aurkezpena arazorik gabe euskaraz egin ahal izatea. "Guk nahi duguna da gaztelaniaz aurkeztuko dutenen baldintza beretan egon ahal izatea. Euren lana gaztelaniaz aurkeztuko dutenen kasuan epaimahai osoak egingo du ebaluazioa. Guk euskaraz aurkeztuko dugu, eta, beraz, epaimahaikideetako bik ezingo dute gure lana ebaluatu, ez dutelako ulertuko. Ez gara maila berean egongo".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.