Udal hauteskundeak

Hegoaldeko hiriburuetako argazkiak, auzoz auzo

EAJk irabazi ditu bozak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik hirutan, baina auzoak banaka begiratuz gero alde handiak daude batetik bestera. Ez dute berdin bozkatu Bilboko Otxarkoagan edo Donostiako Aieten, Gasteizko Mendizorrotzan edo Iruñeko Alde Zaharrean.

jarraia167012.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 31
07:25
Entzun

Urteetako emaitza hoberenak lortu ditu EAJk azken hauteskundeetan. Bera izan da nagusi Bilbon, Donostian eta Gasteizen, duela lau urteko datuak hobetuta. Iruñean, berriz, Navarra Suma koalizioak irabazi du. Baina lupa hartu eta hiriburuak gertuagotik aztertuz gero, argi geratzen da alde handia dagoela auzo batetik bestera. Gauza bat da Bilboko San Frantzisko auzoan bizitzea eta beste bat Abandon, eta desberdintasun horiek bozetan ere agertzen dira.

Gaindegiak BERRIArentzat egindako mapa interaktiboan ikus daitezke emaitza guztiak auzoz auzo. Iragaziak atalean klikatu eta hiriburuak auzoka jartzen duen tokian lau hiriburuetako bat aukeratu behar da emaitzak auzoka ikusteko. Ondoren, auzo bakoitzaren gainean klikatuta botoen banaketa ageri da.

Bilbo
(auzoetako emaitzak ikusteko egin klik beheko irudian edo hemen)

Kolore berde ilunez margotu dute Bilbo azken udal hauteskundeek. EAJren alde egin dute bilbotarren %48,3k. Horietatik gehienak hiriburuko auzo aberatsetako biztanleak dira. Adibidez, jeltzaleen alde egin dute Abandon eta Indautxun; azken horretan, PP izan da bigarren indarra (2.722 boto) eta laugarren tokian geratu da EH Bildu (1.202 boto). Aipagarria da Voxek 242 boto lortu dituela Bilboko bigarren auzorik aberatsenean —Eustaten arabera, urtean 56.476 euroko irabaziak ditu batez beste auzo horretako familia batek—.

Badira hiru auzo, ordea, jeltzaleak oraindik nagusitu ez direnak. San Frantzisko eta Bilbo Zaharra dira horietatik bi. EH Bildu izan da garaile bi horietan, nahiz eta 11 botoko aldea soilik atera EAJri. Abstentzioa ere altua izan da San Frantziskon: %47raino heldu da. Errenta baxuenetako bat duen auzoetako bat da San Frantzisko —24.639 eurokoa, batez beste—. Baina, aldi berean, baita biztanlego gazteena duena —herritarren %71 dira 20 eta 64 urte artekoak—, eta EBtik kanpoko atzerritar gehien bizi direna ere (%24). San Frantziskorekin gertatzen den bezala, Bilbo Zaharra ere hiriburuko errenta baxuenetako bat duen auzoa da, eta baita bizi itxaropen baxuenetako bat duena ere —75 urte gizonek eta 84 emakumeek; Abandon, aldiz, 80 urte gizonek eta 86 emakumeek—.

San Frantziskon baino alde handiagoa atera du EH Bilduk Bilbo Zaharrean. Auzo horretan 94 botoren aldea atera dio koalizio abertzaleak Juan Mari Aburtoren taldeari. Boto gutxirengatik, baina Alde Zaharrean, berriz, EAJ nagusitu da. Aipagarria da EH Bildu izan dela nagusi Gasteizko eta Iruñeko hiriburuetako alde zaharretan; Donostian, ordea, EAJ aurreratu zaio lehen aldiz, 117 botorengatik.

Berdez inguratutako uharte gorri baten itxura du, aldiz, Otxarkoagak. Sozialisten aldeko hautua egin dute auzo horretan. Bilboko auzo aberatsenarekin alderatuta —Abando— batez besteko errenta hiru aldiz baxuagoa dute auzo horretan. Lan bila heldutako etorkinentzat eraikitako auzoa da Otxarkoaga, eta azken urteetan bizi baldintzak hobetu dituzten arren, ez du nortasun hori galdu.

Donostia
(auzoetako emaitzak ikusteko egin klik beheko irudian edo hemen)

Gipuzkoako hiririburuan aipatzekorik baldin bada, Alde Zaharreko aldaketa da. Urteetan EH Bilduren gotorleku izan den auzo horretan EAJren alde egin dute herritar gehienek oraingo honetan. Bien arteko aldea ez da handia, 117 botorena zehazki; aldiz, Elkarrekin Podemos izan da hirugarrena, EH Bildutik 726 botoko tartera. Azken urteetan asko aldatu da Alde Zaharra. Badirudi pisu turistikoen inguruko eztabaidan egindako kudeaketak mesede egin diela jeltzaleei.

Aldiz, EH Bilduk eutsi egin die tradizionaki bere alde egin izan duten Añorga, Egia, Igeldo, Martutene eta Zubietari. Donostiako espetxea Martutenen dago gaur-gaurkoz, nahiz eta hura lekualdatzeko asmoa iragarri duen udalak behin baino gehigotan. Hiriburuko errenta baxuenetako bat duen auzoetako bat ere bada —32.452 euro batez beste—. EH Bildu izan da nagusi, baina EAJk zuzendutako udalak azken urteetan auzoan egindako aldaketek ere emaitzak izan dituzte, eta 44 boto eskasen aldea atera dio lehenak bigarrenari.

PSE-EEk ez ditu horren emaitza onak lortu hiriburuan. Duela lau urte haren alde egin zuten auzoetatik soilik batean irabazi du: Altzan. Donostiako errenta baxuena duen auzoa da hori, Eustaten datuen arabera, eta Bilboko Otxarkoaga bezala —han ere PSE-EEk irabazi du—, langileentzat eraikitakoa. Aldiz, udal gobernuaren kudeaketa saritu dute iraganean PSE-EEren alde egin izan dute Loiola, Intxaurrondo eta Bidebietako auzoek.

Gasteiz
(auzoetako emaitzak ikusteko egin klik beheko irudian edo hemen)

Alderdi Popularraren kolore urdinez margotuta ageri dira Gasteizen Mendizorrotza, Zabalgunea eta Gazalbide auzoak. Gasteizko auzo aberatsenetatik hiru dira horiek; Mendizorrotzan bizi den familia baten batez besteko errenta, esaterako, 71.476 eurokoa da. Han PP izan da lehen indarra, eta EAJ bigarrena, 231 botoko aldearekin. Aldiz, beste muturrean legoke Alde Zaharra, bai errentari dagokionez, eta baita izaera politikoan ere. Miren Larrion zerrendaburu duen koalizioak 1.330 boto eskuratu ditu Alde Zaharrean, eta EAJ izan da bigarren indarra, 700 botorekin.

EH Bildu izan da garaile Aretxabaleta-Gardelegin, Zabalganan eta Salburuan ere, biztanlego gazteena duten auzo berrienetan —hiruretan 19 urtez azpikoak dira herritarren %28 baino gehiago—, nahiz eta EAJ bigarren indarra izan, boto gutxiren aldearekin. Berdin gertatu da Judimendin.

Aldiz, sozialistek kolore gorriz tindatu dituzte Abetxuku, Sansomendi, Ehari-Gobeu, Pilar, Zaramaga, Koroatzea, Aranbizkarra, Arana, Santa Luzia, San Kristobal eta Adurtza. Langile auzoak guztiak. Horietatik gehienak nabarmen handitu ziren 1960tik aurrera, nekazaritza inguruetatik etorritako langileentzat eraikitako etxeekin.

EAJ nagusi izan da, bestalde, hirigunetik kanpoko hiru eremu handietan: hego-ekialdeko nekazaritza eremuan, hego-mendebaldekoan eta ipar-mendebaldekoan. Hiruretan EH Bildu izan da bigarren indarra, eta PP hirugarrena.

Iruñea
(auzoetako emaitzak ikusteko egin klik beheko irudian edo hemen)

Bitan zatitutako herri bat erakusten du Iruñeko mapak: EH Bildu batetik, eta UPN, PP eta Ciudadanos alderdiek osatutako Navarra Suma koalizioa bestetik. Auzo zaharrenetan, Alde Zaharrean eta Arrotxapean, nabarmen nagusi izan da Joseba Asironen alderdia, 2.850 eta 4.003 boto eskuratuta hurrenez hurren, eta Navarra Sumaren boto kopurua bikoiztuz (bigarrena izan da). Aipagarria da, gainera, Alde Zaharrean EH Bildurentzat izan direla botoen %45, duela lau urteko emaitzak hobetuz —%32 lortu zituen orduan—.

Txantrean eta Mendillorrin ere irabazi egin du EH Bilduk, duela lau urte bezala. Geroa Bai, aldiz, hirugarren tokitik laugarrenera igaro da bi auzo horietan, PSEren mesedetan.

Sanduzelai izan da aldaketa egin duen barruti bakarra. Duela lau urte EH Bilduk irabazi bazuen, aurten Navarra Suma nagusitu da, 127 botoko aldearekin. Berreskuratu egin du, beraz, 2015ean galdutako auzoa. Enrique Maiaren taldeak irabazi du Iruñeko gainontzeko auzoetan ere. Horietatik Zabalgunean jaso ditu koalizioak boto gehien (%56,70), EH Bilduk baino 6.043 boto gehiago eskuratuta —bigarrena izan da—. Oso antzeko emaitzak utzi ditu Iturramak ere, non botoen %56,18 izan diren Maiaren taldearentzat. Bietan laugarren tokian geratu da Uxue Barkosen taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.