Merkataritza gerra

Huawei: "Ez dago ez pistolarik, ez kerik: espekulazio hutsa da"

Txinako konpainiak Trumpen betoa konstituzioaren aurkakoa ote den ebazteko eskatu dio Texasko epaitegi bati. Yuan-dolar aldaketaren inguruan, Washingtoni erantzun dio aldaketa tasaren erreforman sakontzen jarraituko duela.

Huaweiren saltoki bat. ROMAN PILIPEY / EFE
xabier martin
2019ko maiatzaren 29a
07:53
Entzun

Washingtonek gerra komertziala hauspotzeko sartu duen azken eztenak dibisarekin du lotura. Yuan-dolar aldaketa merkatuaz besteko zioei loturik legokeela iradoki du AEBetako Altxortegiak; "kezka esanguratsuak" ditu erakunde horrek Txinako dibisa "gutxietsita" legokeelako. Alegia, tasa aldaketa horrek Asiako potentziaren alde jokatuko luke AEBekin duen merkataritza superabitari eusteko; 419.000 milioi dolarreko superabita da hori. Egoera horrek leherrarazi du Washingtonen eta Pekinen arteko gerra komertziala, Donald Trumpen txioei kasu eginez gero.

Bada, dibisaren balioa ezartzen duen sistemak berdin jarraituko duela erantzun du Pekinek argi eta garbi. "Txina ez da dibisa manipulatzaile bat; zentzu onak esaten du, eta nazioarteko adostasunak ere bai. Espero dugu AEBek errespetatu egingo dituztela merkatuaren legea eta aldagai objektiboak; eta dibisaren gaia ez duela politizatuko". Lu Kang Atzerri ministroak erantsi du dibisaren balioa ezartzen duen tasa aldaketaren erreformarekin jarraituko dutela.

Huawei, epaitegietan

Bien bitartean, Huawei auzian ere badira berritasunak, Txinako konpainiak Texasko epaitegi batera jo baitu Trumpen betoaren aurka. Eskaera bat egin dio justiziari Defentsa Nazionalerako Baimen Legea 2019 konstituzioaren aurkakoa ote den ebazteko. "AEBetako gobernuak ez du frogarik erakutsi Huawei segurtasunarentzat mehatxu gisa azaltzeko. Ez dago ez pistolarik, ez kerik: espekulazio hutsak dira", esan du Song Liuping konpainiako zerbitzu juridikoetako buruak.

"Zibersegurtasuna aitzakia hartuta Huaweiri betoa ezartzeak ez du lagunduko segurtasuna hobetzen sareetan". Songek gaineratu du Etxe Zuriak "nazio oso baten indarra baliatu duela enpresa pribatu baten aurka joateko"; "hau da ez normala; kasik ez da inoiz ikusi historian".

Eta Txinan, giroa berotzen

Trumpen muga zergen politika oldarkorra giroa berotzen joan da Txinan, baina Xi Jinpingen gobernuak orain arte zuhur jokatu du adierazpenen atalean, tarifa bereziei tarifa bereziekin erantzun dien arren. Txinako Alderdi Komunistaren egunkarian, ordea, mehatxuak argiak izaten hasi dira, eta horietako azkenak lur arraroekin dauka zerikusia. "Ez esan ez genizuela abisatu", dio egunkariak, lur arraroak AEBei saltzeari uztea aukera oso erreala dela azaltzen duen albistean.

Hamazazpi elementu kimiko dira lur arraroak, eta goi teknologia duten gailuetan ezinbestekoak dira. Txinak dauka lur arraro gehien munduan, eta haien salneurria gora eramatea edota zuzenean AEBei saltzeari uztea beste urrats bat litzateke potentzia bien arteko gerra komertzialean. Pekingo gobernuak ez du esan orain arte horrelakorik egitekoa denik, baina mehatxua hor dago, eta egunkari ofiziala aho bilorik gabe ari da gaiaren inguruan.

Txina eta AEBen arteko gerra komertziala 2018ko martxoan hasi zen, Donald Trumpek altzairuaren merkatuan esku hartu zuenean. Ordutik muga zerga bereziak balak balira bezala jaurti dizkiote elkarri Washingtonek eta Pekinek, eta egoera desegonkor horrek munduko merkatuei eragin die. Gipuzkoako Adegi patronalak atzo bertan onartu zuen euskal industria esportatzaileari ere eragiten ari zaiola.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.