Adegik 5.500 enplegu berri espero ditu Gipuzkoan 2019a amaitzerako

Patronalak nabarmendu du inoiz baino kontratu mugagabe gehiago daudela: «krisi aurreko kopuru handiena baino 5.000 kontratu gehiago». Lurraldeko ekonomia %2,2 eta %2,6 artean haziko da

Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia, Eduardo Junkera presidentea eta Patxi Sasigain Lehiakortasuneko arduraduna. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako ekonomia txanpon bat balitz, alde batean ziurgabetasuna agertuko litzateke, eta, bestean, sendotasuna. Lehena nahi beste baitago gaur egun munduko merkatuetan, Donald Trump AEBetako presidentearen eskutik batik bat. Bigarrena Gipuzkoako enpresek egindako dibertsifikazio eta nazioartekotze prozesu bati esker azaltzen da, industria egonkor bati esker. Horrela labur daiteke Adegi Gipuzkoako patronalak atzo helarazitako egoera ekonomikoaren argazkia.

Enpleguaren alorrean «albiste onekin» iritsi ziren Adegiko arduradunak patronalaren Batzar Nagusiaren bezperan. 2019. urtean 5.500 enplegu garbi sortuko direla uste dute, enpresa bazkideei egindako ohiko inkesten datuak aztertu eta gero. Gipuzkoan %2,2-2,6 haziko da ekonomia, eta hazkunde horrek, enpresek enplegu sorkuntzari begira emandako erantzunekin batera, patronaleko adituak eraman ditu aurreikustera 5.500 enplegu inguru sortuko direla. «Datu horrek erakusten du ongien Gipuzkoako ekonomiaren egonkortasuna sendoa dela», esan zuen Eduardo Junkera presidenteak.

Izan ere, enpresen %92k esan dute enplegua handituko dutela datozen hilabeteetan, edota dutenari eutsi egingo diotela. Soilik %8k erantzun dute enplegua murriztuko dutela. Datu horiek bat datoz salmenten inguruan emandako erantzunekin. %85ek uste dute merkatuaren egoera «normala dela edo susperraldian dagoela», eta bakarrik %14,5ek diote merkatua «atzeraldian» dagoela.

Kezkak ere bai

Fakturazioa %0,9 igo da azken hiruhilekoan; alegia, moteldu egin dira salmentak, hala barne merkatuan nola atzerrian. Baina datu eskas horren ifrentzua eskari zorroa da, %1 egin du gora eta. Enpresen %73k diote eskari maila handia edo normal dutela, eta %74tik gora dira eskari zorroa handituko dutenak edo egungo mailari eutsiko diotenak. Gainera, enpresen produkzio gaitasunaren erabilera maila %83koa da.

Bestalde, Gipuzkoako patronalak ez zuen ahaztu enpresarien kezkak zerrendatzea. Nabarmentzekoak dira, haren arabera, «salmenten errentagarritasunak izan duen beherakada; lan kostu handiak eta soldata igoerak; nazioarteko eta Espainiako ekonomiaren ahultasuna; eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna».

Horiek horrela, Gipuzkoako enpresari askok, esportatzaile petoak izaki, kezka handia dute Trumpen politikak direla eta. Brexit-ari ere ez diote begirik kentzen, eta ez zuten ezkutatu «mundu mailako gerra komertzialak» eragina baduela. Horrek eraman ditu enpresariak konfiantza apaltzera. 2018ko errekor erakusleak atzean geratu dira, mundu mailako ziurgabetasunak gora egin duelako.

Bestalde, Gipuzkoan azken egunetan izandako lan istripu hilgarriak direla eta, lan osasunari buruzko eztabaida Adegiren egoitzara iritsi zen. Horri buruzko hausnarketa bat egiteko eskatuta heldu zion gaiari Junkera presidenteak. «Oso gertaera kezkagarria da, begien bistakoa denez», hasi zen Junkera; «lanean jarraitu behar dugu gure eskuetan dagoenheinean halakorik gerta ez dadin». Enpresa bazkideei horixe bera helarazten dietela adierazi zuen. «Ezbehar deitoragarriak dira».

Lan istripuak

Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiak gaineratu zuen epe motzera oso gertakari negatiboa dela lan istripu hilgarrien gorakada, baina «epe luzera» egin beharko liratekeela azterketak, eta gogoratu zuen azken hamarkadan «nabarmen» gutxitu direla lan istripuak.

Hauteskundeen inguruko iritzia eskatu ziotenean, berriz, Aierzak berak gogoratu zuen «Adegik ez duela balorazio politikorik egiten», baina erantsi zuen beren mezua argia eta ezaguna dela maila politikoan: «Aberastasunaren iturri nagusia enpresa da, enplegu iturri oparoena. Hori horrela izanik, administrazio guztiek jarri beharko lukete beren estrategiaren erdian enpresa, enpresa lehiakorrak behar ditugulako». Ohar hori eman eta gero, «egonkortasun politikoa» baloratzen dutela ere garbi utzi zuten Adegiko bozeramaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.