Panama 0-0 Euskal selekzioa

Hutsean berdindu du euskal selekzioak Panaman

Javier Clemente hautatzailea pozik agertu da jokalariek zelaian izan duten jarrerarekin. Neurketa "orekatua" izan da, bere esanetan.

2019ko maiatzaren 30a
12:03
Entzun

Panama Hiriko Rommel Fernandez estadioan jokatu du bart euskal selekzioak bertako selekzioaren aurka, eta berdinketarekin itzuliko da Euskal Herrira. Golik gabeko partida izan da, "orekatua", Javier Clemente hautatzailearen esanetan. Bi taldeetako batek ere ez du gol aukera garbirik sortu.

Clemente pozik agertu da jokalariek zelaian izan duten jarrerarekin. Panama selekzio mundialista dela nabarmendu du, eta ahal fisiko handikoa dela. Aurkariez gain, euskal selekzioko jokalariek bero eta hezetasun handiari ere aurre egin behar izan diote. Gaineratu duenez, bidaia luzea egin ondoren taldeak ez du baldintzetara egokitzeko tarte handirik izan. Hala ere, Panamarentzako "aurkari ona" izan da euskal selekzioa, Clementeren esanetan.

Partida hasieran, honakoa izan da euskal selekzioaren hamaikakoa: Herrerin; Aihen, Balentziaga, Martinez, Elustondo, Bustintza; Eraso, San Jose, Manu Garcia, Larrazabal; Aduriz. Bigarren zatian, Herrerinen tokia hartu du Aitor Fernandezek, Villalibrek Adurizena, Iñigo Vicentek Aihen Muñozena, eta Aresok Larrazabalena.

Clementek nabarmendu duenez, talde "gaztea" zelairatu du. Adierazi du gisa horretako partidak interesagarriak direla euskal selekzioarentzako, oraindik esperientzia handia ez duten jokalariak zailtzeko, eta urte batzuen buruan taldearen maila handitu eta jokalari gehiago izateko.

Aritz Elustondoren esanetan, berdinketa "ez da emaitza txarra", baldintzak kontuan hartuta. "Borroka egin dugu", adierazi du. "Saiatu gara gola sartzen garaipena lortzeko".

Panamak Amerika Kopa prestatzeko baliatu du euskal selekzioaren kontrako neurketa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.