Emakumeak protagonista Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren sasoi berrian

NOSek askotariko estiloko obrak interpretatuko ditu, eta Baluarte Fundazioaren eskaintzan dantza ikuskizunak izango dira nagusi.

Felix Palomero Baluarte Fundazioko gerentea, Ana Herrera Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilaria, Raquel Andueza artista eta Manuel Hernandez-Silva NOSeko zuzendaria, Baluarte Fundazioaren sasoi berriaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ane Eslava.
2019ko maiatzaren 30a
13:46
Entzun

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Baluarte Fundazioak 2019-2020 denboraldia aurkeztu dute gaur goizean; elkarlanean antolatu duten hirugarrena. Hamalau orkestra programa eta beste hainbeste musika, lirika eta dantza ikuskizun eskainiko dituzte irailetik aurrera. Emakumea izango da protagonista orkestraren zein fundazioaren ikuskizunetan, Manuel Hernandez-Silva orkestrako zuzendariak adierazi duenez: "Ez daude hemen emakumeak izateagatik, sekulako artistak izateagatik baizik: artista unibertsalak". Felix Palomero Baluarte Fundazioko gerenteak, berriz, nabarmendu du orkestrak lurraldean duen tokia indartu nahi dutela, bai eta gizartearen interesei erantzun ere.

Koloreak goiburupean dator NOSen denboraldi berria, "orkestraren atrilak kolorez bete" nahi dituztelako, Hernandez-Silvak esan duen moduan: "Orkestraren ohiko errepertorio klasiko eta erromantikoaz gain, bestelako soinuak txertatu nahi ditut, orkestra gehiago hazi dadin". Horretarako, tokia egin diete Frantziako, Espainiako eta Latinoamerikako musikei. Halere, soinu berriak txertatzeaz gain, orkestrak azken hiru urteetan programatu duen Beethovenen sinfonien interpretazioa burutuko du aurten. Zuzendariak azaldu duenez, garrantzi berezia eman diote ondarearen berreskurapenari; horregatik, Lorenzo Ondarra musikagile nafarraren Te Deum pieza eta Emiliana Zubeldiaren bigarren pianorako kontzertua berreskuratuko dituzte. Zubeldiaren obraren presentziak eta Teresa Catalan musikagile iruindarrak estreinatuko duen El canto de atenea piezak erakusten dute NOSen programazioan emakumeei eman nahi izan dieten garrantzia, Hernandez-Silvaren hitzetan. Era berean, Alondra de la Parra zuzendariak debuta egingo du orkestrarekin, eta Raquel Andueza soprano nafarra egoitzan egongo da Baluarten.

Baluarte Fundazioaren programazioan, berriz, dantza izango da protagonista nagusia: programatu dituzten hamalau jardueretatik zazpi dantza ikuskizunak dira. Askotariko estiloak nahastuko dira, gainera: dantza klasikoa egongo da Espainiako Dantza Konpainiaren Don Quijote lanarekin; garaikidea, Blanca Li konpainiaren Solstice lanarekin eta Antonio Ruizen Electra-rekin, eta antzerki musikatua, berriz, Leonard Wernsteinen West Side Story-rekin. Gainera, Portoko Quorum Ballet taldeak fadoari eskainitako ekoizpen bat aurkeztuko du, eta estiloen fusioa ere egongo da Gurumbé, las raíces negras obran; Arcangel flamenko kantaria, Patricia Guerrero flamenko dantzaria eta Accademia del Piacere taldea ariko dira elkarrekin.

Lirikaren esparruan ere eskaintza zabala egongo da. Vicenzo Belliniren Norma lana ikusi ahal izango da lehenbizikoz, Gabrieli Consort & Players taldeak Henry Purcellen King Arthur "erdiopera" interpretatuko du, eta The English Concertek, berriz, Georg Friedrich Haendelen Rodelinda. Bestalde, Ainhoa Arteta sopranoak gala bat eskainiko du, eta Raquel Anduezak kontzertu bat, hainbat lagunekin batera. Nazioarteko bi pianista ere ariko dira Baluarte Fundazioaren ikasturte berrian: Arcadi Volodos eta Mitsuko Uchida. Eskaintza sinfonikoa osatzeko, Mariinski Antzokiko Orkestra eta Valeri Guerguiev ariko dira Iruñeko Orfeoiarekin elkarlanean. Mariinskik eta Iruñeko Orfeoiak interpretatuko dute Sergei Prokofievek Ivan Izugarria filmerako sortu zuen musika.

Azkenik, Baluarte Camara programan ahotsean oinarritutako lau ikuskizun eskainiko dituzte, eta Baluarte Txikin, berriz, sei obra, euskaraz eta gaztelaniaz. NOSen zein Baluarte Fundazioaren programak osorik ikus daitezke Baluarteren webgunean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.