Memoria Historikoa

Servinik deklaratzera deitu ditu 78ko sanferminetako kereila izenpetu dutenak

Ekainaren 5ean deklaratuko dute, Argentinan, frankismoaren krimenen kontrako auziari lotuta. Deklaratuko dutenen artean dira 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko hainbat kide eta German Rodriguezen senideak.

jarraia167126.jpg
2019ko maiatzaren 31
15:23
Entzun

78ko Sanferminak Gogoan elkarteak eta, Iruñean, 1978ko uztailaren 8an, Polizia indarkeriaren biktima izan ziren bost lagunek hasi zuten bidea. Kereila bat aurkeztu zuten Iruñeko epaitegi batean Poliziaren erasoaren kontra, ardura penalak ikertu daitezen. Salaketa Buenos Aireseko auzitegietara ere eraman zuten, kereilak bat egin zezan frankismoaren krimenen kontra Argentinan abian den auziarekin. Eta hala gertatu da. Argentinako Justiziak ikertu egingo ditu Espainiako polizia indarrek German Rodriguez hil zuten egunean Iruñean izan ziren gertakariak. Hori dela eta, deklaratzera deitu ditu kereila izenpetu dutenak. Ekainaren 5ean hartuko die deklarazioa Maria Servini epaileak. 

Buenos Aireseko auzitegian izango dira 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko ordezkariak, Iruñeko Peñen Federazioko zenbait kide —kereilara batu ziren— eta ikertuko diren gertakarietako hainbat biktima —German Rodriguezen senideak eta larri zauritutako hainbat lagun, tarteko—.

Kereilak Poliziaren erasoaren arduradun nagusi jotzen du Rodolfo Martin Villa Francoren Barne ministro izandakoa. Egun, gizateriaren kontrako krimenengatik auzipetuta dago Martin Villa, frankismoaren krimenen kontrako auzian. Besteak beste, ardurak leporatzen zaizkio 1976ko martxoaren 3ko sarraskian, Arturo Ruiz gaztearen heriotzan —1977ko urtarrilean— eta, 1977ko maiatzean, Amnistiaren Aldeko Astean hil zituzten zazpi lagunen heriotzean. Martin Villa irailaren 9rako deitu du deklaratzera epaile argentinarrak.

Deklaratzera joango diren elkarteek eta biktimek bidaia baliatuko dute Argentinako hainbat eragilerekin biltzeko. Perez Esquivel Fundazioarekin, Maiatzeko Plazako Amekin, eta beste zenbait elkarte memorialistekin bilduko dira. Baita Argentinako Kongresuko eta Senatuko batzordetako hainbat kiderekin ere. Kereila aurkeztu dutenei Argentinara lagunduko diete frankismoaren krimenak salatu dituzten udaletako hautetsi talde batek eta Nafarroako Parlamentuko, Espainiako Kongresuko eta Europako Parlamentuko ordezkaritza banak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.