Katalunia eta Espainia

Espainiak NBEri eskatu dio inhabilitatu ditzala politikari presoen espetxeratzea gaitzetsi duen lantaldeko bi aditu

Espainiako Atzerri Ministerioak salatu duenez, bateraezintasun arazo bat egon daiteke, lantaldeko bi kidek eta Kataluniako politikari presoen defentsa abokatuak izan duten harreman profesionalarengatik.

Josep Borrel Espainiako jarduneko Atzerri ministroa, artxiboko irudi batean. VALENTIN FLAURAUD, EFE
2019ko maiatzaren 31
17:28
Entzun

Espainiako Gobernuak ez du uste NBEren Atxilotze Arbitrarioen Lantaldeak zuzen jardun duenik. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko burua aske uzteko eskatu zion lantalde horrek Espainiako Gobernuari, joan den asteazkenean, eta beraien behin-behineko espetxeratzea nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa zela adierazi zuen txosten batean. Lantaldearen ebazpenari erantzun dio Espainiako Gobernuak. Zalantzan jarri du haren zilegitasuna.

Madrilen iritziz, bateraezintasun arazo bat dago lantaldeko bi kideren kasuan —bost kidek osatzen dute—. Argudiatu duenez, Jose Guevara mexikarrak eta Seong-Phil Hong korearrak ez lukete Junqueras, Sanchez eta Cuixarten auzia aztertu behar politikari presoen defentsa abokatu Ben Emmersonekin izan duten harremanarengatik. Espainiako Atzerri Ministerioaren arabera, Emmersonek eta landaldeko bi kide horiek aurretik elkarrekin egin dute lan NBEren antzeko beste erakunde batzuetan eta, beraz, horrek interes gatazka sor dezake. Hori dela eta, bi kide horiek inhabilitatzeko eta barne ikerketa bat abiatzeko eskatu dio NBEri, Guevara eta Hong Kataluniako politikari presoen auzitik baztertu behar ote diren argitu dezan. Hala jakinarazi du Cristobal Gonzalez Aller Espainiak Genevan (Suitza) duen enbaxadoreak.

Horrez gain, Espainiak salatu du lantaldeak ez dituela bete gisa horretako prozesu bati dagozkion eginkizunak. Zehazki, adierazi du estatuak ez duela txostena aldeek baino 48 ordu lehenago jaso, araudiak hala egin izan behar dela jasotzen duen arren. Omniumek, baina, gezurtatu egin du Espainiaren salaketa. Espainiak astelehenean jaso zuen txostena, Omniumen esanetan. Hau da, Emmersonek jaso baino bi egun lehenago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.