Katalunia

Junqueras, Sanchez eta Cuixart aske uzteko eskatu du NBEren Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak

Lantaldeak Espainiari eskatu dio egin dezala Katalunian gertatutakoari buruzko "ikerketa sakon  eta independentea".

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua eta ERCko burua diputatu akta jasotzera joan zen Espainiako Kongresura, maiatzaren 20an. J.J. GUILLEN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Hodei Iruretagoiena
2019ko maiatzaren 29a
07:10
Entzun

Garaipen bat gehiago lortu dute Kataluniako sektore independentistek, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren kolpea jaso ondoren. Atzo, Estasburgoko auzitegiak ontzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren osteko osoko bilkura indargabetu izana. Gaur, berriz, NBEko Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak eskatu dio Espainiari aske utz ditzala Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omniumeko burua.

Bide batez, NBEren Giza Eskubideen Bulegoaren menpeko erakunde horrek eskatu dio Madrili egin dezala "ikerketa independente eta sakon bat" Katalunian gertatutakoari buruz. Horrez gain, txostenak zehazten du kale-ordainak ere jaso beharko lituzketela hiru atxilotuek. NBEren Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldearen ebazpenak ez dira lotesleak, baina, indar independentisten iritziz, gaurkoa garrantzi handikoa izan daiteke Giza Eskubideen Europako Auzitegian, Kataluniako gatazkaren harira, Espainiaren kontra bultzatuko duten auzia irabazteko.

Hiru buruzagi independentistek salaketa jarri zuten NBEren erakunde horretan. NBEren txostena ezagutu ondoren, Cuixartek abokatu Benet Salellasek preso auzipetua "berehala" aske uzteko eskatu du Espainiako Auzitegi Gorenean —epaiketan dira gaur ere—. Manuel Marchena epaileak erantzun dio "eskubide osoa" duela eskaera egiteko, baina ohi bezala, idatziz egin beharko duela.

Gaur publiko egindako txostenean, "iritzi" mailan eman ditu argudioak NBEren lantaldeak, baina baieztapen larriak egin ditu:

Iritzi eta adierazpen askatasuna

"Atzemandako datuen arabera, ez zegoen nahikoa oinarri atxiloketa prebentiborako eta epaiketarako", dio. "Iritzi bat adierazi izana delitu gisa hartzea ez da bateragarria Giza Eskubideen Adierazpenarekin, ezta NBEren Itunarekin ere". Autodeterminazio eskubidea, gainera, horren barruan dagoela esan du: "Nabarmentzekoa da iritzi eta adierazpen askatasunak barne hartzen duela herriek beren sistema politikoa, konstituzioa edo gobernua modu librean erabaki ahal izateko modua manifestatu ahal izatea".

Gainera, NBEren taldeak ziurtatu du erreferendumak baimenduta daudela Espainian "modu askotako gaietarako", "eta kasu honi dagokionez ere, hiritarren parte hartzerako prozesuetara deitzea, norbanakoen edo antolakundeen bidez, iritzi eta adierazpen askatasunaren adierazpen zilegiak dira".

"Indarkeriarik" ez

Auzipetuei egozten zaizkien delituak egozteko indarkeria ezinbesteko elementua dela nabarmendu du NBEk: "Bere erantzunean, gobernuak prozesu indpendentistari buruzko informazioa eman zuen, baina ez zuen aurkeztu auzipetuen ekintza zehatzei buruzko informaziorik, indarkeria barne hartu zezakeenik". Harago ere badoa: "Lantaldeak berretsi du Cuixart, Sanchez eta Junquerasen ekintzak [...] ez zirela biolentoak izan, ez zutela biolentziara deitu". Egoera ikusita, NBEko kideek uste dute "bere iritzi politikoengatik mehatxu egitea zela" delitu horiek egotzi izanaren helburua.

Gauzak hala, delitu horiek epaitzea Kataluniako epaitegiei dagokiela uste du NBEren lantaldeak, eta ondorio modura, hala dio: "Auzia prozesu eta epaiketa justu bat izateko oinarrizko bermeen kaltetan gauzatu da".

NBEren Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldearen ebazpenak ez dira lotesleak, baina, indar independentisten iritziz, gaurkoa garrantzi handikoa izan daiteke Giza Eskubideen Europako Auzitegian, Kataluniako gatazkaren harira, Espainiaren kontra bultzatuko duten auzia irabazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.