Euskal eskola publikoaren jaia

Hezkuntza publikoaren aldeko taupada erraldoi bat izan da Errenteria

Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatu dute, Koldo Mitxelena ikastetxeak antolatuta, Makina bat taupada lelopean. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Hezkuntza lege berri baten beharra defendatu du, XXI. mendeko aldaketetara egokitzeko. Legea prestatzeko "lehen urratsak" egiten ari direla jakinarazi du.

Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren hasiera ekitaldia.
2019ko ekainaren 3a
12:53
Entzun

Euskal Eskola Publikoaren Jaiak 11:00etan egin du irekiera ekitaldi ofiziala, jaiaren antolakuntzaz arduratu den Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian. Jaiaren lelo bera duen Makina bat taupada abestiaren bertsio akustikoarekin hasi dute ekitaldia eta Koldo Mitxelena Ikastetxeko Koldokide elkartearen izenean hitza hartu du Maialen Oliberik. Eskerrak eman dizkie guztiei egun handi honetan Errenteriara hurbiltzeagatik eta Euskal Eskola Publikoaren Jaiarekin bat egiteagatik. Atzoko egunera arte egindako bidea luzea izan dela aitortu du Oliberik, baita batzuetan neketsua ere, "baina lanean aritu garenak argi dugu merezi izan duela. Merezi izan du Koldo Mitxelena ikastetxeko ikas komunitatea indartu egin delako, Oarsoaldeko gainontzeko ikastetxeekin harremanetan jarri eta lan sarea osatzeko balio izan duelako. Merezi izan du Euskal Eskola Publikoak egiten duen lan itzela ezagutzera eman duelako, eta merezi izan du aurrerantzean ere lanean jarraitzeko grina piztu digulako".

Bidean jende ugariren laguntza jaso dutela nabarmenduta, eskerrak eman ditu Oliberik: "Eskerrik asko Koldo Mitxelenako familiei, zuzendaritzari, irakasleei eta irakasle ez diren langileei inplikazioagatik; eskerrik asko herriko zein Oarsoaldeko gainontzeko eskola publikoei zuen laguntzarengatik, eta eskerrik asko Errenteriako Udalari eta batez ere zuzenean gurekin lanean aritu zaretenei hasieratik erakutsi diguzuen ilusioagatik eta babesagatik".

Ekitaldian izan da Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Henkuntza sailburua ere.  Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Helkuntza lege baten beharraz ohartarazi du, XXI. mendeko aldaketetara egokitzeko. Nabarmendu du lege horrek bide laburra egingo duela "hezkuntza komunitatearen babesik gabe".

Uriartek berretsi egin du Hezkuntza lege berri bat onartzeko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa, eta "lehen urratsak" ematen ari direla adierazi du. "Bide horretan guztiok gara garrantzitsuak. Egungo legeak 27 urte ditu, eta begi bistakoa da zenbat aldatu den hezkuntza urte guzti horietan". Sailburuak gaineratu du hezkuntza sistemak, metodologiak eta teknologiak asko aldatu direla.

Hezkuntza sistema publikoaren aniztasuna defendatu du, bestalde, Uriartek. "Kolore anitzeko sistema gara, jatorri anitzeko pertsonek osatua. Baina gure hezkuntza sistemara heltzen diren unetik, guztiok gara bat. Haiek ez dra hangoak, eta gu ez gara hemengoak. Guztiok talde berekoak gara".

Bastidak (Araba) hartuko du Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren lekukoa. Bertan ospatuko dute eguna datorren urtean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.