Memoria

Bixente Perurena omenduko dute, GALek hil eta 35 urtera

Bihar egingo dute ekitaldia Perurena hazi zen auzoan, Errenteria eta Astigarraga artean. 1984ko otsailean hil zuten Perurena Hendaian, Angel Gurmindo Stein errefuxiatuarekin batera. Errenteriako eta Hendaiako alkateek hartuko dute parte ekitaldian.

Blanki Pascual eta Bixente Perurena, artxiboko argazkian. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 5a
18:53
Entzun

Gazterik joan behar izan zuen tailer batera lanera Bixente Perurena Telletxeak (Oiartzun, 1946; Hendaia, 1984), baina baserriko lanetan laguntzeko modua ere egiten zuen. Baita familiaren tabernan ere. Hura zegoen lekuan —Perurena auzoko Inaxio Berasarte Bidean, Errenteria eta Astigarraga (Gipuzkoa) artean— egingo dute Perurena oroitzeko ekitaldia, bihar, GALek hil zuenetik 35 urte baino gehiago pasatuta —1984ko otsailean hil zuten—. 18:30ean izango da.

Familiak iragarri duenez, senideekin batera, han izango dira Errenteriako jarduneko alkate Julen Mendoza eta Hendaiako alkate Kotte Ezenarro. Ekitaldia irekia izango da, eta gatazka armatuan eragindako biktima gehiago egotea ere espero da. Joan den otsailean, hitzaldi bat antolatu zuten Perurenaren inguruan, Memoria gara izenburupean.

1984ko otsailaren 8ko arratsean hil zituzte Bixente Perurena Peru eta Angel Gurmindo Stein, 19:50 inguruan. 37 urte zituen Peruk. Hiru urte lehenago egin behar izan zuen ihes Ipar Euskal Herrira, eta hiru hilabete inguru zeramatzan familiarekin Hendaiako Aizpurdi kaleko etxe batean. Han aurrean tirokatu zituzten. Urte gogorrak ziren euskal errefuxiatuentzat: bi hilabete lehenago, esaterako, GALek Segundo Marey bahitu zuen kale hartan bertan, berrehun bat metrora. Ez Espainiako ez Frantziako epaitegietan inor ez dute inoiz epaitu —ezta zigortu ere— atentatu honengatik.

Errefuxiatuek bazuten arriskuaren berri, eta Frantziako agintariek ere bai. Hil zituzten egunean bertan, lantegira joan zen goizean Peru, eta lankideei kontatu zien auto susmagarri bat ikusi zuela etxe inguruan, Seat markakoa eta Bilboko matrikuladuna, hiru bat lagun barruan zirela. PAF Aire eta Mugetako Poliziak Hendaian zuen bulegora jo zuen, gertakaria salatzeko asmoz, baina Joel Cathala polizia etxeko buru eta "borroka antiterroristaren" arduradunak ez zituen hartu nahi izan.

Zantzuak zantzu, auzia artxibatuta

Gau hartan bertan Ibardingo gaineko bentetako langile batek deitu zuen Egin egunkarira, inguruan mugimendu arraroak ikusi zituela salatuz. Tartean, mugako pasabide horretan Guardia Zibileko teniente gisa aritzen zena ikusi zuen, kaleko jantzita. Hilketa gertatu eta ordu erdiren barruan Renault markako bi autotan bost lagun iritsi zirela kontatu zuen, eta matrikulak aldatu ondoren zain zeudenen autoetan alde egin zutela.

Espainiako Auzitegi Nazionalak hainbat lagun inputatu zituen hilketagatik —tartean, CESIDeko buru izandako Emilio Alonso Manglano, Andres Casinello, Jose Antonio Saenz de Santamaria eta Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralak eta Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibilak—, baina azkenean, artxibatu egin zuten auzia 2003an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.