Enpresak

Frantziako Gobernuak dio ez diola betorik jarri Fiaten eta Renaulten bat egiteari

Italiarrek eskaintza atzera bota dute, ez baitute Renaulten administrazio kontseiluaren baiezkoa jaso.

Renaulteko egoitza nagusia, Boulogne-Billancourt hirian. ETIENNE LAURENT / EFE
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 6a
13:32
Entzun

FCA Fiat Chrysler Automobiles eta Renault batzeko saioak porrot egin du. Oraingoz. Asteazken gauean, ustekabean, FCAk atzera bota zuen bat egiteko proposamena, Renaulteko administrazio kontseiluaren bi eguneko bilerak fusioari baietz esan ez ziolako. "Ez dira bat egiteko baldintzak betetzen", argudiatu du FCAk.

Begi guztiak Frantziako Gobernuaren ordezkariei begira jarri dira, haiek izan ziren, langileekin batera, bat egitearen aurkako botoa eman zuten bakarrak. Renaulten akzioen  %15 ditu Frantziako Estatuak, eta halako bi boto eskubideetan.

Agiri baten bidez, Bruno Le Maire Ekonomia ministroak azaldu du gaur goizean ez diotela betorik jarri operazioari, eta denbora gehiago baizik ez zuela eskatzen, "Nissanen baiezko garbia" lortu arte. Renaultek eta Nissanek aliantza estrategiko bat izan dute azken hogei urteetan, eta hari eustea funtsezkoa iruditzen zaio Parisi.

Ghosnen kasua

Uneotan, oso tirabiratsuak dira frantziarren eta japoniarren arteko harremanak. Izan ere, aliantzaren bultzatzaile nagusia, Carlos Ghosn, Tokion dago preso, Nissanen dirua desbideratzeaz akusatuta. Azken egunotan zabaldu da Frantzian ere salaketa jarriko dutela Renaulteko eta Nissaneko buruzagi izandakoaren aurka. Nissanek oso harrera hotza egin dio FCA-Renault balizko fusioari, uste baitu hankaz gora jarriko lukeela Frantziako autogilearekin duen harremana.

Le Mairek ziurtatu duenez, Nissanen baiezkoa zen FCArekin akordioa egiteko bete beharreko azken baldintza, ados zeudelako jada beste hiru baldintzetan: Frantziako enpleguei eta fabrikei eustea, talde berriaren egoitza, eta bateria elektrikoak garatzeko Frantziako eta Alemaniako gobernuak sustatzen ari diren proiektuan parte hartzea.

Elektrifikazioaren erronka

Parisen erantzunak pazientzia galarazi zion FCAri, eta proposamena atzera bota zuen. Erruduna garbi daukate italiarrek: "Badirudi Frantzian baldintza politiko egokiak ez direla betetzen halako bat egite bat ongi ateratzeko".

Urteak daramatza Agnelli familia akziodun nagusi duen taldeak ezkontidearen bila, uste baitu nekez egin diezaiokela aurre sektorearen erronka nagusiari: elektrikikazioa. Arlo horretan oso atzeratuta doa enpresa italiar-estatubatuarra, eta horregatik behar zuen Renaultekin bat egin. 

Hain zuzen ere, motor elektriko merkeagoak eta iraunkortasun handiagokoak egiteak dakartzan inbertsio handiak partekatzeko beste aliantza bat gertatu da aste honetan, BMWrena eta Jaguar-Land Roverrena. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.