Euskal presoak

Estrasburgok artxibatu egin du hamasei presoren zigorrak batzeko eskaera

Aurrez ere norabide berean eman zituen beste bi erabaki. Euskal presoek eskatu zuten Frantzian betetako zigorrak aintzat hartzeko Espainian bete beharrekoak kalkulatzean. "Auzitegiak uste du ez dagoela justifikatuta eskariak aztertzen jarraitzea", ebatzi du Estrasburgok.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Estrasburgoko auzitegiko presidente Guido Raimondi, otsailean. J.P.GANDUL / EFE
2019ko ekainaren 6a
13:13
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak artxibatu egin du hamasei euskal presok Frantzian betetako zigorrak Espainiakoekin batzeko egindako eskaria. Lehen ere ebatzi izan du Estrasburgoko auzietegiak norabide horretan: 2018ko urrian, adibidez, Santiago Arrozpide, Alberto Plazaola eta Francisco Mujika euskal presoen kasuan. Frantziako kartzeletan betetako zigorra aintzat hartu eta zati hori egun betetzen ari diren zigorretik ken ziezaieten eskatu zuten, baina Estrasburgok erabaki Espainiak ez zuela eskubiderik urratu zigorrak betetzeko egindako kalkuluarekin. Aurtengo apirilean, bide berean ebatzi zuen Kepa Pikabearen eskaera ere.

Beste hemeretzi euskal presok ere jarria zuten salaketa, baina berri agentzien arabera, haiek erretiratzeko asmoa agertu zuten, aurreko ebazpenak ikusita. Gaur, Estrasburgok artxibatu egin ditu kasu horiek, argudiatuta ez dagoela Giza Eskubideen Ituneko eskubideei eragiten dien "egoera partikularrik". "Auzitegiak uste du ez dagoela justifikatuta eskariak aztertzen jarraitzea".

Europako Batzordeak zuzentarau bat onartu zuen 2008an, esanez Europako Batzordeko kide den edozein estatutan betetako zigorra aintzat hartu behar dela beste estatu batean bete beharreko zigorra kalkulatzeko. Hori bereziki garrantzitsua da euskal preso askoren kasuan, Espainian zigorra betetzen ari diren askok badituztelako Frantziako espetxeetan betetako zigorrak. Espainiak, ordea, muzin egin zion behin eta berriro Europatik etorritako irizpidea betetzeari. 2014ko abendura arte ez zuen agindua bete, eta zuzentaraua bere legerian txertatu zuenean, hainbat baldintza eta epe ezarri zituen Espainiak; praktikan, ezinezko egin zuen euskal presoek zigorra batzeko aukera izatea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.