Ibilaldia

Ibilaldiko inbertsioa berdindu eta proiekturen bat bideratzea lortu du Lekeitioko ikastolak

Elorrioko Txintxirri ikastolak antolatuko du 2020ko jaia, Hel horri! lelopean, maiatzaren 31n.

jarraia167343.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko ekainaren 6a
07:11
Entzun

"Euskaraz esan genezakeen modu guztietan esango dugu: eskerrik asko, mila esker, esker anitz!". Joan den maiatzaren 19an eguraldi txarrak erabat zapuztu zuen Lekeition ospatutako Bizkaiko ikastolen jaia. Azkue ikastolak galerak izango zituela iragarri zuen, eta gastuei aurre egiteko laguntza eskatu zuen. Herritarren ekarpenei esker inbertsioa berdindu eta aurreikusitako proiekturen bat martxan jartzea lortu dutela azaldu du ikastolako lehendakari Ainara Ikaranek. Zehaztu du Euskal Herriko bazter guztietatik iritsi zaiela laguntza; ez soilik ekonomikoa, baita euren burua lanerako eskaini duten pertsonena edo euren kultur ikuskizunagatik kobratzeari uko egin diotenena ere. "Urtean zehar egin dugun lan gogorrari eta jasotako elkartasunari esker, neurri batean, gure proiektua aurrera eramateko aukera izango dugu", esan du Maitane Hidalgo ikastolako zuzendariak. 

Euskaltzaldiaren Bilboko egoitzan egin dute agerraldia goizean, Elorrioko Txintxirri ikastolako kideekin batera. Izan ere, datorren urteko Ibilaldia antolatuko du Txintxirrik, Hel horri! lelopean, maiatzaren 31n. 50. urteurrena ere ospatuko du Elorrioko ikastolak, eta azaldu dute urteotan izandako konpromisoak berretsi nahi dituztela Ibilaldian. Hiru helburu nagusi izango ditu datorren urteko Bizkaiko ikastolen jaiak. Batetik, Txintxirriren hezkuntza eredua herriratu nahi dute. Herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotu gura dituzte. Eta, noski, baliabide ekonomikoak eskuratzea ere badute xede, ikastolak dituen erronka berriei aurre egiteko: Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako bioeraikin berria egin eta XVII. mendekoa den Txintxirri jauregiaren berrantolaketa osatu.

Ibilaldia maiatzean izango den arren, urte osoan lanean ibiliko direla iragarri dute. Eta aspaldi hasi ziren. Gaur aurkeztutako leloa eta logoa asmatzeko beharrekin ibili dira udaberri osoan. Ikastolako haur eta gurasoak jolastokiko lorategian elkartu zituzten arratsalde eguzkitsu batean, eta ia bi orduz ikastolarekin lotutako kontzeptuei buruzko marazkiak, hitzak eta esaldiak lantzen aritu ziren. Guraso eta irakasleek osatutako lantalde batek aztertu ditu, eta jasotakoa findu ondoren sortu da Hel horri! leloa eta hiru elorri zuhaixkak osatzen duten logoa. Elorrio eta elorria izan dira abiapuntuak. Zeri heldu nahi dioten zehaztu dute Txintxirrikoek: "Euskarari eta Euskal Herriari, elkartasunari, berdintasunari, kalitatezko hezkuntza berritzaileari, auzolanari, biharko euskal herritar prestatu eta kritikoak sortzeari...". 

Oraindik asko falta da maiatzaren 31rako egitaraua osatzeko. Baina egun horretako ekintzek izango eta bultzatuko dituzten baloreak zein izango diren argi dute: "euskara, parekidetasuna, iraunkortasuna, parte hartzea eta inklusioa". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.