Danimarka

Danimarkako lehen ministroak dimisioa eman du hauteskundeen ondoren

Lars Lokke Rasmussenen gobernua osatzen duten alderdiek behera egin dute, eta Alderdi Sozialdemokratak eta haren aliatuek 91 ordezkari lortu dituzte: haiek dute gehiengoa.

Lars Lokke Rasmussen Danimarkako lehen ministroa, gaur. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko ekainaren 6a
13:16
Entzun

Lars Lokke Rasmussenen Alderdi Liberalak ezin izango du berriz gobernua osatu. Duela lau urte baino emaitza hobeak lortu ditu haren alderdiak —bederatzi eserleku gehiago—, baina gobernuko sozioek beherakada handia izan dute, eta gehiengorik osatu ezinda geratu dira. Sozialdemokratei "zentroko gobernu bat" osatzea eskaini zien atzo Rasmussenek, baina berehala jaso zuen ezezkoa, eta dimisioa iragarri du gaur, Danimarkako erreginarekin izandako bileran.

"Erreginari atzoko bozen emaitzen berri eman diot, eta nire gobernuak ez du gehiengorik lortu. Horregatik eman dut dimisioa", adierazi du Rasmussenek. Margarita II.a erreginak eman behar dio hautagai bati gobernua osatzeko mandatua, eta emaitzak ikusita, Alderdi Sozialdemokratako Mette Frederikseni ematea espero da.

Frederiksenen alderdiak lortu ditu eserleku gehien, izan ere: 48. Haren aliatuek ere gora egin dute; Alderdi Sozial Liberalak eta Alderdi Popular Sozialistak, esaterako, bikoiztu egin dute ordezkaritza. Hala, 91 ordezkari lituzteke sozialdemokratak buru dituen blokeak, nahikoa gehiengo osorako.

Giltzarri izateari utzi diote DPPko xenofoboek

Rasussenen Alderdi Liberalaren gobernuko kideek kolpe gogorra jaso dute. Atzerri ministro izandako Anders Samuelsenen Aliantza Liberala, esaterako, parlamentutik kanpo geratu da. Haiekin ez ezik, DPP Daniarren Herriaren Alderdiarekin osatu zuen gobernua Rasmussenek 2015ean, eta alderdi xenofoboak ere behera egin du. 2015ean 21 eserleku lortu zituzten, eta 9ra pasatu dira.

2001ean, DPPren babesarekin osatu zuen gobernua Alderdi Liberalak. Aurrerakuntzarako Alderditik banandu, eta 1995ean sortu zuten DPP. "Danimarkako ondare kulturala" babestea izan dute ordutik obsesio, etorkinen aurkako diskurtsoa ardatz hartuta. Ondoren, hamar urtez (2001-2011) itzalpetik jardun zuen DPPk, gobernuan sartu gabe, eta higatu gabe. Baina, era berean, babesaren truke liberalak migratzaileen aurkako neurriak hartzera bultzatu zituen, eta, urte gutxian lortu zuten Danimarkak EB Europako Batasuneko migrazio politika murriztaileenetarikoa izatea. 2015ean, gainera, Pia Kjaersgaard DPPko buruzagi historikoa parlamentuko presidente hautatu zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.