Lan gatazkak

Bizkaiko metalgintzako greban gora egin du parte hartzeak

ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deituta, milaka lagun elkartu dira BECen aurrean.

Manifestariak, BEC parean, Barakaldon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 6a
16:37
Entzun

Sindikatuek ziurtatu dutenez, parte hartzea "%85 ingurukoa" izan da grebaren bigarren egunean. Aurrekoan, maiatzaren 23an, Bizkaiko metalgintzako enpresen %70-80 artean izan zen lanuztea, baina FVEM patronalak %26ra jaitsi zuen parte hartzea.

Grebak bihar jarraituko du, eta sindikatuek manifestazio bat egingo dute Bilbo erdialdean.

Gaur, berriz, Barakaldoko BEC erakustazokan batu dira grebalariak, +Industry azokaren azken eguna egiten ari direlako han.

Hedabideei egindako adierazpenetan, Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak ziurtatu du "greba handia" izaten ari dela, eta jarraipen oso berdintsua izaten ari dela sektoreko enpresa guztietan. "Bizkaiko erreferentziazko enpresak gelditzen ari dira", eta haien artean aipatu du Petronor. Etxebarriaren datuen arabera, findegiak azpikontratatzen dituen 3.000 langileak "ez dira lanean sartzen ari".

Lan hitzarmena berritzeko negoziazioek ez atzera ez aurrera jarraitzen dute Bizkaiko metalgintzan. Hogei bider elkartu dira alde biak, baina oraindik ez da ezer lortu. Lau sindikatu nagusiek —ELA, LAB, CCOO eta UGT— plataforma bateratu bat eratu zuten maiatzean proposamen bateratuak eramateko mahaira, baina akordiorik ez dute lortu FVEM patronalarekin.

Hurrengo bilera hilaren 17rako dute bi aldeek. Sindikatuek gaur ohartarazi dutenez, FVEMek ez baditu haien eskaerak onartzen hilaren 20an eta 21ean ere greba egingo dute. Azken bileran, astelehenean, patronalak "jarrera probokatzailea" izan zuela ziurtatu du Etxebarriak, duela sei hilabete baino baldintza kaskarragoak eskaini zituelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.