AEB-ak

AEBek ez diote muga zergarik ezarriko Mexikori

Trumpek aurreratu du migrazioaren inguruko kontrolak handitzea hitzartu duela Mexikorekin. Akordio horren arabera, Mexikok lana eta osasun arreta eskainiko die migratzaileei eta beren familiei herrialdean dauden bitartean.

Donald Trump, artxiboko argazki batean. IAN LANGSDON, EE
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 8a
08:25
Entzun

Donald Trump ez da iragarritakoa betetzera heldu. Ez du beharrik izan. Mexikoko Gobernuak egin du hark eskatutako urratsa, alegia, mugako segurtasuna zorroztera konprometitu da, eta trukean AEBek ez diete hango produktuei muga zergak ezarriko. Izan ere, bihartik aurrera ziren horiek indarrean sartzekoak. Joan den maiatzaren amaieran Trumpek iragarri zuen Mexikotik inportatzen diren produktu guztiei %5eko muga zerga ezarriko ziela, hark legez kanpoko migrazioaren kontra neurri nahikoak hartzen ez zituela argudiatuta.

Bart gauean, ordea, AEBetako presidenteak jarrera aldatu zuen, eta azaldu zuen migrazioa murrizteko akordioa lotu zutela bi herrialdeek. Hitzarmen horren inguruko xehetasunak AEBetako Estatu Departamenduak emango ditu datozen egunetan. Baina zenbait puntu aurreratu ditu dagoeneko Mexikok berak. Marcelo Ebrad Mexikoko Atzerri ministroaren arabera, herrialdeak lana eta osasun arreta eskainiko die migratzaileei herrialdean dauden artean.

Horrez gain, Mexikok segurtasun indarrak bidaliko ditu mugara hura zaintzeko, eta, aldi berean, herrialdean geratzeko aukera eskainiko die, AEBetan haien asilo eskaerari buruz erabakitzen duten bitartean. Washingtonek aurreratu du "azkartu" egingo dituela asilo eskaerei buruzko erabakiak. Ebraden iritziz, "orekatua" da bi aldeen arteko akordioa: "Bi aldeek adostu dute hitzartutako neurriak aski ez badira gehiago hartuko dituztela".

Iazko urrian handitu zen AEBetara igaro nahi zuten migratzaileen kopurua, baina joera areagotzen ari da, eta migratzaile taldea gero eta handiagoa da. AEBetako mugara ailegatu diren paperik gabekoen gorakada etengabekoa da: datu ofizialen arabera, maiatzean 144.000 migratzaile baino gehiago atxilotu zituen mugan AEBetako mugako Poliziak; azken hamahiru urteotako kopururik handiena izan da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.