Epaiketaren kronika

Botoa, edo konstituzioa

Espainia «hautsi» nahi zuten buruzagi katalanen aurkako epaiketak lau hilabete iraun zuen. Fiskaltza saiatu zen mobilizazio baketsuak eta desobedientzia zibila indarkeria gisa aurkezten, eta matxinada delitu bat egitea leporatu zien akusatuei, zigor handiak eskatuta; Estatuaren abokatutzak sedizioa leporatu zien. Defentsek, ordea, ukatu egin zuten akusatuek indarkeria erabili zutela; gehienez ere desobedientzia izan zitekeela argudiatu, eta absoluzioa eskatu zuten. Espainiako Estatuak oinarrizko eskubideei jarritako hesiak ere agerian utzi zituzten.

jarraia167451.jpg
mikel p ansa
2019ko urriaren 14a
11:05
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorena telebistako plato bilakatuta, 2019ko otsailaren 12an hasi zen luzaroan itxarondako epaiketa: akusazioen arabera 2017ko udazkenean Espainiako Konstituzioa —eta beraz Espainia— «hautsi» nahi izan zuten buruzagi katalan independentisten aurkako epaiketa. Makroepaiketa bat, zentzu guztietan. Ikusmin handia sortu zuen, preso batzuek ia bostehun egun zeramatzatelako herritarren aurrean agertu gabe.

Agertokia, prest: Auzitegi Gorena, Madril erdian, inguruko perimetro guztia itxita. Poliziak, ultraeskuindar espainiarrak eta independentista katalanak elkarrengandik metro batzuetara, tartean auzipetuen senideak, politikariak, ehunka kazetari, International Trial Watcheko begiraleak... Tentsioa, nerbioak. Goizaldetik ilaran jarrita zeuden haietako batzuk, auzi aretora publiko gisa sartu ahal izateko; presoen senideek ez zuten erraztasunik izan sartzeko. Zerbait handia hasiko zen sentipena zabaldu zen.

Ekarri zituzten presondegitik bederatzi akusatuak, eskuburdinarik gabe, sartu ziren baldintzapean aske dauden beste hiru akusatuak, eta jarri zituzten bigarren aretoko erdiko lau bankuetan eserita. Eskuinean zituzten akusazioak: lau fiskalak, Estatuaren bi abokatuak eta Voxen kanpainako bi ordezkariak. Ezkerrean, defentsako abokatuak, bederatzi —Olga Arderiu, Mariano Berges, Judit Gene, Xavier Melero, Pau Molins, Jordi Pina, Marina Roig, Joan Segarra eta Andreu Van den Eynde, hitza hartuko dutenak—. Aurrean, zazpi magistratu, erdian Manuel Marchena aretoko burua zutela. Eta atzean, publikoa, Voxeko militanteak, presoen senideak, eta behatzaileak, Gorenak azken horiei ez baitzieten baimenik eman behatzaile gisa sartzeko. Eta Auzitegi Gorenaren zuzeneko telebista seinalea jarri zen martxan. Bost, lau, hiru...

[Youtube]https://youtu.be/zYtxTVEacdE[/Youtube]

Defentsen estrategiak

Jordi Pina defentsako abokatuak esan zuen lehen hitza, etorriko zenari susmoa hartuta: «Irudipena daukat erakutsi nahi dela magistratuak Espainiaren batasuna defenditzeko daudela hemen. Baina eskatuko dizuet epailearen lana egiteko, eta ez aberriaren salbatzailearena». Javier Melero —Joaquim Fornen abokatua—, ordea, beste izkina batean, «epaiketa penal bat» zela hura; esanez bezala politikak ez zuela zerikusirik areto hartan.

Hasieratik nabaritu baitzen defentsek estrategia ezberdinak izango zituztela; defentsa juridikoagoa egiteko asmotan ibili ziren batzuk, eta defentsa politikoagoa egingo zuten besteek. Epaiketa prestatzeko ez zietela aski denbora utzi ere salatu zuten, bestalde. Hortik aparte, abokatuen lehen salaketak: peritu froga batzuk eta lekuko batzuk baztertu zizkietela, defendituen eskubide batzuk urratu zirela... Europako auzitegietara bidean oihartzuna izan zezaketen oharrak.

Hurrengo saioan egin zuten Voxekoek beren lehen ekitaldia. Marchenari eskatu zioten xingola horiak kenarazteko akusatuei. Baina Marchena epaileak —ez alferrik «Estrasburgoko dotrina» aipatuz—, ihardetsi zien ezetz, ez zela posible, eta uzteko bazterrak nahasteari. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiaren mamua zelatan zegoela sumatu zen epaiketaren lehen momentutik.

Akusazioen txanda gero. Javier Zaragoza fiskalak ez zuen aukera galdu lehen dardoak botatzeko: polizien jardun legezkoa oztopatu nahi zuten «herri harresi» batzuk ziren independentisten mobilizazioak. Herritarren mobilizazioei bortizkeria kutsu hori emateko intentzioan, Zaragozak ez zuen tonua jaitsiko epaiketa guztian: azkeneko akusazio idatzia irakurri zuenean ere, ekain hasieran, «arma» izendatu zituen herri mugimenduak.

[Youtube]https://youtu.be/_pMQDizLnB8[/Youtube]

Akusazioen etengabeko ahalegina izan zen, epaiketak iraun zuen lau hilabeteetan, independentismoak aldeztutako mobilizazio baketsuak, desobedientzia zibila eta erresistentzia baketsua indarkeriarekin parekatzea. Hori izan zen Jose Manuel Maza fiskalak bere kereilan argudiatua zuena —idatzi eta gutxira hil zen—, hori Pablo Llarena magistratuak bere autoan erabilitako argudioa, hori erabili zuen fiskaltzak bere tesia eraikitzeko, eta hori izan zen ekain hasierako zigor eskarietan errepikatu zuena Zaragozak, aldaketa esanguratsurik gabe.

Konstituzioa, eta kito

Zaragozaren atzetik, Fidel Cadena fiskalak gogorararazi zuen Kataluniak ez zuela autodeterminazio eskubiderik, ezinezkoa zela. Hori baitzen areto hartan epaituko zen beste korapilo handia. Zalantzak uxatzeko, handik egun gutxira (otsailaren 20an) Felipe VI.a Espainiako erregea atera zen komunikabideen aurrera, zuzenbideari buruzko kongresu batean, Madrilen bertan: «Ez da onargarria balizko demokrazia bat aldeztea zuzenbidearen gainetik; legeen errespetua gabe ez baitago elkarbizitzarik eta demokraziarik».

Javier Zaragoza fiskalak ideia horixe indartuko zuen zigor eskarien idatzia irakurri zuenean, ekain hasieran: «Ezin da demokraziarik egon legerik gabe». Hori baitzen Gorenak epaituko zuena: konstituzioa bete beharra dagoela, oinarrizko eskubideen gainetik edo azpitik; Espainiako Konstituziorik gabe ez dagoela eskubiderik. Eta hori baitzen defentsa batzuek auzitan jarri nahi zuten puntuetako bat: botoa emateko eskubidea ukatzen duenez eta mobilizazio eskubidea kriminalizatzen duenez, besteak beste, oinarrizko eskubideak urratzen dituela Espainiako erreinuak. Alegia: botoa, edo konstituzioa?

[Youtube]https://youtu.be/5pyttFShqyA[/Youtube]

«Preso politiko bat naiz»

Azkenean, iritsi zen akusatuen txanda. Oriol Junqueras hasi zen. Handia zen ikusmina. «Orain arte ezin izan dudalako hitz egin ari naiz hainbesteko pasioz», desenkusatuz bezala, bere arrazoiak esplikatzeko irrikaz. Tinko, hala ere: «Epaiketa politiko batean gaude, eta ni preso politiko bat naiz». Eta aurreneko abisua, epaiketa hark zer ebatziko zuen: «Botoa ematea ez da delitu bat, eta hori indarrez galaraztea bai da delitu bat».

Hain justu, hori izango baitzen epaiketaren gakoetako bat: akusazioak saiatuko baitziren, etsi gabe, independentismoaren bortizkeriarako joera demostratzen, eta urriaren 1eko erreferendumean Poliziak erabilitako indarkeria saihesten; eta defentsak, kontrakoa erakusten.

Gero Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilari ohia hasi zen deklaratzen, eta diskurtsoari doinu juridikoagoa eman zion. Gako bat eman zuen: Generalitateak erreferenduma bultzatzeko «konpromiso politikoa» zuela, baina errepublikaren aldarrikapenak ez zuela ondorio juridikorik izan, eta, gainera, aldi berean, mossoei «polizia judizial gisa» jokatzeko agindu ziela. Alegia, Generalitateak ez ziela mossoei desobeditzeko agindurik eman inoiz; kontrakoa, epaileen aginduak betearazteko esan zietela.

Traperoren zaplaztekoa

Hori zen, izan ere, akusazioen argudioetako bat, Generalitateak erabili nahi izan zituela mossoak Espainiako legedia «hausteko». Epaiketaren ordu asko hartuko zituen auzi horrek, mossoen urriaren 1eko ustezko desobedientziaren auziak, harik eta Josep Lluis Trapero Mossos d’Esquadraren maior ohiak —155. artikuluarekin kendu zuen Mariano Rajoy Espainiako presidente zenak kargutik— argi utzi zuen arte ez zela inondik ere halakorik gertatu.

Auzitegi Nazionalean epaitzekoa zuten Trapero, eta ez zuen Gorenean deklaratzeko obligaziorik, baina joan zen bere abokatuarekin, eta bere burua defenditzeko gogo biziarekin. Sei orduko deklarazioan, azaldu zuen Puigdemonti eta Forni eskatu ziela legeak betetzeko, bi alditan, urriaren 1aren aurretik. «Esan genien ez genuela bat egiten proiektu independentistarekin». Eta mossoek ohartarazi zutela erreferenduma eginez gero ordena publikoko arazo larriak gerta zitezkeela.

Baina ez zen horretan gelditu, eta kolpe bat eman zuen Traperok mahaian: mossoek prest zeukaten plan bat, beharrezkoa izan balitz, Carles Puigdemont Generalitateko presidente zena eta gobernuko gainerako kideak atxilotzeko. Trapero deabru baten gisa aurkeztua zuten Madrilgo hainbat hedabidek, eta adierazpen horiek zaplazteko baten gisa aditu ziren aretoan.

Manuel Castellvi eta Emili Quevedo mossoen buruek ere berretsi zituzten esan horiek Traperoren aurretik; bertsioa sendoa zen. Eta geroago Ferran Lopez egungo mossoen buru eta orduko Traperoren laguntzaileak ere ideia berak berretsi zituen. Areago, mossoen buruek agerian utzi zuten urriaren 1erako prestatu zituzten operatiboak ezereztatu eta beren kasa jokatzea erabaki zutela Espainiako poliziek erreferendumaren egun hartan, mossoei jakinarazi gabe. Minduta deklaratu zuten aretora joan ziren mosso guztiek.

Gainera, agerian geratu zen Ferran Lopezen eta Diego de los Cobosen deklarazioak ez datozela bat —poliziak koordinatzeko buru izendatu zuen Espainiako Gobernuak De los Cobos—, urriaren 1eko operatiboaren antolaketan utzikeriaz nork jokatu zuen bertsio diferenteak dituztelako. Elkarri leporatu zioten deskoordinazioaren erantzukizuna. Defentsek eskatu zuten aurrez aurreko bat egiteko Lopezen eta De los Cobosen artean, argitzeko zein ari zen egia esaten. Gerorako geldituko zen, eta Marchena epaileak ez zuen horretarako aukerarik eman azkenean.

Akusatuen argudioak

Fornen atzetik jarraitu zuten beste akusatuek. Raul Romevak, galdetuz ea nola den posible Europako balioetan sinisten duen eta bakezalea den bera bezalako pertsona bat akusatuen aulkian egotea, eta justu horren kontrakoak diren Voxeko kideak akusazioaren aulkietan egotea. Ohar bat ere utzi zuen Romevak: «Autodeterminazioa ez dute debekatzen ez konstituzioak, ez nazioarteko tratatuek».

Jordi Turullek, azalduz katalanak ez direla «ardiak», independentismoa «behetik gora doan» mugimendua dela, eta politikariek «eskaera sozial bati irtenbide politiko bat» eman ziotela erreferendumarekin, besterik ez.

Josep Rullek, defendituz Espainiako Konstituzioaren barruan erreferendumak egitea posible litzatekeela, eta hogei alditan baino gehiagotan saiatu zirela galdeketa bat hitzartzen Madrilekin, baina independentzia deklarazioa, edozein moduz, adierazpen «politiko bat» besterik ez zela izan.

Dolors Bassak, zehaztuz erreferenduma inoiz ez zela pentsatu «independentziarako ekintza konkluiente» gisa.

Meritxell Borrasek, adieraziz aldebakarreko independentzia aldarrikapena «ondorio juridikorik gabeko adierazpen politiko bat» izan zela.

Carles Mundok, ñabartuz erreferenduma egiteko ez zela diru publikorik erabili.

Eta Santi Vilak —independentzia deklaratu aurretik dimititu zuen Generalitateko kontseilariak—, kolpe lehor bat emanez prozesu guztiari, besteak beste esan baitzuen: «Zuzenbideko lehen urteko ikasle batek ere ez zukeen onartuko independentzia aldarrikapena, hain zen burugabea».

Gutxi edo gehiago, denek defenditu zituzten erabakitzeko eskubidea eta elkarrizketaren bideak, baina akusatu gehienen estrategia pragmatikoa izan zen, 2017ko urriaren 27ko independentzia aldarrikapenak inolako ondoriorik ez zuela izan nabarmenduz.

[Youtube]https://youtu.be/bP5u6EjuSfw[/Youtube]

Jordi Sanchezek goratu zuen zerbait tonua, eta, Junquerasek bezala, «preso politiko» gisa aurkeztu zuen bere burua. Irailaren 20ko atxiloketen eta miaketen ondoren sortutako protestengatik galdekatu zuen fiskalak batez ere, eta defentsa irmoa egin zuen Sanchezek: «Ez da justua eta proportzionala ekintza jakin batengatik mobilizazio oso bat kriminalizatu eta penalizatzea». Mugimendu independentistaren bakezaletasunean egin zuen azpimarra.

Cuixarten desobedientzia

Sanchezek epaiketaren doinua aldatu zuen pixka bat, baina Jordi Cuixartek hankaz gora jarri zituen auzitegiko aretoko aulkiak. «[U-1ekoa] Europan inoiz egin den desobedientzia zibil ekitaldi handiena izan da», esan zuen, argi, Omnium Culturaleko buru zenak. Inor gutxi ausartu zen desobedientzia zibila horren argi defenditzen aretoan. Aste batzuk geroago, David Fernandez CUPeko parlamentari ohi eta En Peu de Pau taldeko sortzaileetako batek egin zuen gauza bera, baina bakanetakoak izan ziren.

Cuixartek eta Fernandezek gakoetako bati heldu zioten deklarazio horiekin, izan ere akusazioek desobedientzia zibila kriminalizatzeko bidea hartu baitzuten epaiketan. Aurrerago, Jaime Moreno fiskalak John Paul Lederach eta Jesus Castañer soziologoak galdekatu zituen, eta planteatu zien Cuixartek mobilizazioetan tinko mantentzeko egindako deiak ez ote zitezkeen interpretatu indarkeriara egindako deiak balira bezala. Lederachek fiskalari azaldu behar izan zion desobedientzia zibilaren ezaugarria dela printzipioetan tinko mantentzea, baina formetan malgu eta baketsu irautea.

Marina Roig abokatuak ere, azken ondorioen aurkezpenean, fiskalei esplikatu behar izan zien desobedientzia zibilak ez duela zerikusirik matxinada delituarentzat zigor kodeak deskribatzen duen altxamenduarekin: protesta modu zilegia da, lege baten kontra egiten dena, eta ez ordenamendu juridiko guztiaren kontra, eta modu publikoan eta baketsuan gauzatzen dena.

Gorenaren sententzia bat 2009koa

Fiskaltza etengabe saiatu zen mobilizazio baketsuak zerbait bortitzaren iturburu gisa aurkezten —Llarenak bere autoan aipatzen zuen «hazi bortitz» hura erakusten alegia—; horregatik, soziologo horiek epaimahaiari gogorarazi behar izan zioten Gorenak berak 2009an kaleratu zuela sententzia bat, esaten duena desobedientzia zibila estatuaren aurrean ezadostasuna agertzeko modu legitimo bat dela, eta «estatu demokratiko batek» ezin duela ideologia hori kuestionatu. Oinarrizko eskubideei buruzko eztabaida epaiketaren erdira eraman zuten soziologo horiek ere, Cuixartek eta Fernandezek bezala, nahiz eta fiskaltzaren bukaerako zigor eskarietan ez zen askorik nabaritu.

Baina Cuixart ez zen horretan gelditu. Pasioz betetako deklarazio suharra egin zuen. «Instrukzio epailearen aurrean egin nituen deklarazioek bilatzen zuten kartzelatik ateratzea edozein preziotan. Eta hori ja ez da nire lehentasuna. Preso politiko bat naiz. 500 egun preso egon eta gero, nire lehentasuna ez da kartzelatik ateratzea. Nire lehentasuna da Katalunian eta Espainiako Estatu osoan gertatzen diren eskubide eta askatasun urraketak salatzea».

[Youtube]https://youtu.be/FceviH0_wBc[/Youtube]

Aretoko hormak dardaraka jarri ziren Cuixarten ahotik «nire lehentasuna ez da kartzelatik ateratzea» entzun zenean. Beste eremu batera eraman zuen epaiketa Omnium Culturaleko buru zenak, eta hitz horiek emozioz hartu zituzten deklarazioa aditzera eta ikustera Bartzelonako kaleetan bildu ziren milaka herritarrek —Omnium Culturalek 4.000 bazkide egin zituen egun hartan—.

Euforia momentu bat izan zen Cuixarten deklarazioa, eta, haren atzetik, Carme Forcadellenak aparra jaitsi zuen. Kataluniako Parlamentuko presidente gisa, proposatzen zizkioten debate guztiak bideratu behar zituela defenditu zuen. Berriro agerian gelditu zen akusatuen defentsa estrategiak ez zihoazela koordinatuta.

Rajoyren eta Urkulluren memoriak

Akusatuek bukatuta, lekukoek ekin zioten deklaratzeari, arduradun politikoekin hasita. Mariano Rajoy presidente ohia, Soraya Saez de Santamaria presidenteorde ohia eta Juan Ignacio Zoido Barne ministro ohia ez ziren ia ezertaz akordatu defentsak galdetu zienean. Berri handirik ez zuen utzi haien lekukotzak.

Laburtuz: inoiz ez zutela autodeterminazioari buruz negoziatu, 2017ko udazkenean Katalunian indarkeria erabili zutela independentistek, urriaren 1ean botoa ematera joan ziren herritarrek izan zutela kulpa, botoa ematera joan izan ez balira ez baitzen ezer gertatuko, eta haiek ez zekitela ezer poliziek urriaren 1erako antolatutako operatiboari buruz.

[Youtube]https://youtu.be/EZN0XhPHrwY[/Youtube]

Hurrengo saioan Rajoy ebidentzian utzi zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Egunak eta orduak eta detaile xeheak eraman zituen auzi saiora, ongi prestatuta, eta Espainiako presidentearekin egin zituen bileren berri eman zuen. Rajoyk ez baitzuen argitu 2017ko udazkenean Urkullurekin bildu ote zen ere —gerora polemika ere ekarri zuten Urkulluren deklarazioek, Puigdemontek adierazi baitzuen Urkulluk ez zuela esan egia osoa, eta lehendakariak atzera ihardetsi baitzion bera zintzotasun osoz aritu zela epaiketan—.

[Youtube]https://youtu.be/D6MRBIHw2Sg[/Youtube]

Marchenaren pazientzia bukatu zen

Rajoyren deklarazioen ostean, bestalde, bukatu egin zen Marchenaren kortesiazko aldia. Benet Salellas defentsako abokatua saiatu zen urriaren 1eko bideo bat jartzen Zoidori, baina magistratuak ez zion utzi. Rajoy deklaratzen ari zen bitartean bideo bat jartzen utzi zion defentsari, baina han bukatu ziren ikus-entzunezkoak; epaileak iturria itxi zuen, eta maiatzaren azkeneko astera arte ezin izan zen urriaren 1eko bideo gehiago ikusi aretoan.

Magistratuak erabaki zuen ez zela «juridikoki esanguratsua» bideoak erakustea lekukoei; nahiz eta defentsek esan kontraesanak zeudela lekukoen hitzen eta gertakizunen artean, ezin izan zituzten momentuan bertan kontrastatu probekin —defentsek kexa formal bat aurkeztu zuten horregatik—. Hortik aurrera, giroa gaiztotzen joan zen defentsako abokatuen eta Marchenaren artean.

[Youtube]https://youtu.be/ZRoyPIAjUKI[/Youtube]

Polizien «izua»

Eta, orduan bai, akusazioen artilleria hasi zen: dozenaka eta dozenaka polizia —230 bat guztira, lekuko guztien %40 inguru; 500 bat pertsonak deklaratu zuten guztira Gorenean—, auzitegira joan zirenak esplikatzera independentismo katalana, funtsean, mugimendu bortitz bat dela.

Independentismoak bere mobilizazioekin eta erreferendumarekin sortu zuen «izu giro» orokorraren deskribapena indartu nahi izan zuen irailaren 20an poliziekin miaketa batean parte hartu zuen auzitegiko idazkariak ere. Ohiko hiztegian ezohikoa den hitz bat, aldra, erabili zuen atxiloketen aurka protestatzera joandako herritarrak izendatzeko, eta aldra da, hain justu zigor kodeak matxinada delitua definitzeko erabiltzen duen kontzeptua.

Ez zen kasualitatea izango noski, aurrerago deklaratu zuen polizia saldoak ere multzo semantiko antzekoa erabili baitzuen —«izua», herritarren «gorrotoa» eta «gorrotozko begiradak», «herri harresia», «aldra», «altxamendua»...—, 2017ko erreferendumaren garaiko gertakariak deskribatzeko. Polizietako batek esana, hitzez hitz: «Ez nuen inoiz hainbeste gorroto ikusi, eta urteetan egon naiz Euskal Herrian».

International Trial Watcheko behatzaileek susmoa agertu zuten ematen zuela lekuko batzuek elkarrekin prestatu zutela deklarazioa. Delitua litzateke hori. Rajoyren deklarazioekin ere sortu zen susmo bat, ea lekukoek elkarrekin prestatu ote zituzten beren deklarazioak, aurreko lekuko bati erreferentzia egin baitzion Espainiako presidente ohiak bere agerraldian.

Espainiako polizien deskribapen beldurgarri horien pare-parean, berriz, Reusko eta Figueresko bi hoteletako jabeen azalpenak. Espainiako poliziei ostatu eman zieten Katalunian egon ziren garaian, eta ez zuten sumatu indarkeriarik polizien aurkako elkarretaratzeetan; nahiz eta Espainiako hedabideek eskandalu gisa agertu polizien aurka egindako escrache-ak. Bi mundu paralelo agertu ziren, etengabe, Goreneko aretoan; errealitatea ulertzeko eta esplikatzeko bi modu guztiz kontrajarri.

Lortu zuten erreferenduma «homologatua» ez izatea

Polizia saldo horretan, erreferendumaren kontrako operatiboen gidaritza eraman zuten bi ahots nagusi: Jose Antonio Nieto Segurtasuneko Estatu idazkari ohia eta Diego Perez de los Cobos koronela, urriaren 1eko operatiboaren koordinatzailea. Rajoyk eta Espainiako beste ordezkari politikoek baino xehetasun gehiago eman zituzten.

Epaiketan hitzetik hortzera ibili zen Mercedes Armas Kataluniako Auzitegi Nagusiko epaileak urriaren 1erako eman zuen agindua: erreferenduma galarazteko agindu zuen epaile horrek, baina «herritarren bizikidetza» lehentasun gisa gordetzeko aginduz. Alegia, ezin zela erreferenduma edozein preziotan edo edozein modutan galarazi.

Defentsek eta mossoek sarri aipatu zuten urriaren 1ean bortizkeriarik ez erabiltzearen arrazoia hori izan zela, eta Espainiako poliziek ez zutela bete Armas epailearen agindua. Espainiako poliziek, ordea, urriaren 1ean utzikeriaz aritzea leporatzen zieten mossoei, eta hori zen, haien ustez, mossoek erreferendumarekin bat egin zutenaren froga.

Eta mossoekin fidatzen ez zirenez, Jose Antonio Nietok azaldu zuen «hasierako planak aldatu» egin zituztela, eta urriaren 1a «erreferendum gisa homologatua izan ez zedin beharrezko zen bozkalekuetan esku hartzeko» plan bat prestatu zutela Espainiako poliziek. «Eta hori lortu egin zen». Nietok begien bistan jarri zuen erreferenduma «homologatzeko modukoa» izateko arriskua zela estatuaren kezka nagusia sasoi hartan.

Bestela, argudio bat ere eman zuen polizien jarduna zuritzeko: «Ez zen erabili ahal izango zen indar guztia, nahiz eta legitimoa izango zatekeen. Horregatik, indarraren erabilera proportzionala izan zen [U-1ean], beharrezkoa zen gutxienekoa izan zen».

Hala ere, Andreu Van den Eynde defentsako abokatuak estu hartu zuen Nieto, eta izerditan jarri zuen, eskatu zionean independentisten ekintza bortitz bakar bat zehazteko. Kostata eta totelka, irailaren 20an hondatutako Guardia Zibilaren autoak ekarri zituen gogora Nietok azkenean.

[Youtube]https://youtu.be/ptuVZMXH5Kg[/Youtube]

Milloren Fairya

Hurrengo saioan, Diego Perez de los Cobos koronelak, urriaren 1eko operatiboko koordinatzaileak berretsi egin zituen Nietorenak; mossoek ez zutela laguntzeko borondaterik; eta neurrikoa izan zela Espainiako polizien jokabidea. «Ez zen izan interbentzio bakar bat ere boto emaileen aurka. [...] Proportzionaltasuna erabatekoa izan zen».

Argudiaketa sendo eraman zuten, akusazioek nahi zuten bidetik, baina Enric Millo iritsi zen aretora, Espainiak Katalunian orduan zuen ordezkaria, eta surrealismora eraman zuen narrazioa, 2017ko udazkeneko indarkeriaren deskribapen hanpatuegiekin. Millo heriotza pintaketa bat irakurri zuela esanez hasi zen, eta bukatu zuen esaten urriaren 1ean bozkaleku batzuetan herritarrek Fairy (sic) bota zutela, zer eta poliziek irrist egin zezaten, lurrera eror zitezen, «eta burua ostikatu ziezaieten», hala kontatu ziola polizia batek.

Espainiako agintari batzuen deklarazioek eskas prestatuaren itxura eman bazuten, Milloren hori izan zen seinale. Epaiketaren beste momentu batean, Cristobal Montoro Espainiako Ekonomia ministro ohia ez zen gai izan zehazteko Generalitateak nola erabili zuen diru publikoa erreferenduma ordaintzeko. Hori baitzen beste akusazioetako bat, epaiketan azkenean hainbesteko oihartzuna eduki ez zuen arren. Auziaren puntu horri buruzko deklarazioak eta probak ez ziren oso urrutira joan.

Ogasuneko lau perituk esan zuten bozkalekuen balizko alokatzeak 900.000 euroren kostua izan zezakeela, nahiz eta Generalitateak ez zuen lokalik alokatu urriaren 1erako. Izatez, Generalitateak erreferenduma antolatu izanaren frogarik ere ez zen agertu garbi epaiketan. Poliziek fakturarik apenas aurkitu zuten, baina Generalitatearentzat lanak egin zituzten gehienek —kartelak eta halakoak— azaldu zuten haiek ez zutela kobratu ezer.

Botoa ematearen dilema

Behin poliziek deklaratu ondoren, atzetik, defentsaren lekukoak. Eta horien artean, asko, urriaren 1ean botoa eman zuten herritarrak. Erretiratuak, suhiltzaile bat, ospitaleko langile bat, ingeniari bat, ikasle bat... Erreferendumaren eguneko oroitzapenak ekartzerakoan malkoei eutsi ezinik batzuk. Baina Marchenarentzat urriaren 1eko poliziaren indarkeria ez zen auzi honen muina —gainera, sarri gogorarazi zuen horiek ikertzen ari direla beste auzitegi batzuetan—, eta «izua» sentitu zuten poliziei baino errazago moztu zien hitza erreferendumaren egunean «izua» sentitu zuten herritarrei.

Edozein moduz, akusazioak saiatu ziren boto emaile horiek ekintza ilegal bat egiten ari zirela demostratzen. Cadena fiskalaren galdera: «Bazenekien boto emate hori Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu zuela?». Joan Porras boto emailearen erantzuna: «Ez naiz gogoratzen ba ote nekien. Baina momentu bakar batean ere ez nuen pentsatu hauteskunde batzuk ilegalak izan zitezkeela, zeren botoa ematea delitu balitz, banku hauetan milioika katalan egongo baikinateke».

Horixe baita Gorenean zalantzan jarri eta epaitu zena: oinarrizko eskubide demokratikoak (adibidez botoa ematea) legeen gainetik (adibidez Espainiako Konstituzioa) egon ote daitezkeen. Eta boto emaile horrek ezin argiago planteatu zuen dilema epaileen aurrean.

Salellas abokatua, isilik hobeto

Halako batean pazientzia galtzen hasi zen Marchena, gisa horretako adierazpenekin: boto emaile horietako bati mikrofonoa itzali zion, beste abisurik gabe, eta Ana Bernaola defentsako abokatuari beste galdera bat egiteko eskatu zion. Ondoren damutu egin zen Marchena, eta mikrofonoa isilararazi zuen momentuan abokatua lekukoari egiten ari zitzaion galdera errepikatzeko esan zion Bernaolari, nahi bazuen.

Lekukoak, azkenean, kontatu ahal izan zuen ostatuetan zeuden poliziek tu egin zietela, eta armak erakutsi zizkietela larderiaz, eta probokatzen jardun zutela; ez manifestariek, poliziek baizik. Baina hori ez zen epaiketaren gaia, Marchenak argi utzi zuen. Kontzesio bat izan zen abokatuari galdera egiten uztea.

Kontzesio gehiegi ez baitzituen egin magistratuak. Gehiago izan ziren beste erakoak. Beste lekuko bati ere itxi zion mikrofonoa, katalanez deklaratzen saiatu zelako. Baina Benet Salellas defentsako abokatua Marina Garces filosofoa galdekatzen ahalegindu zenean jo zuen goia tentsioak.

Marchenak sarritan eten zituen nola lekukoa, hala abokatua, hurrengo bideoan ageri denez. Etsiak jotzeko zorian, Salellas berriro saiatu zen, Garcesi zuzenduta: «Beldurra aipatu duzu? Zein zentzutan beldurra?». Berriro moztu zuen Marchenak abokatua: «Beste galderarik baduzu?». Salellas, suminduta: «Aretoak ez badit galdera hau baimentzen, ez dut galdera gehiago egingo». Marchenaren epaia: «Hainbat hobe».

[Youtube]https://youtu.be/xqajUe8HcIA[/Youtube]

Marina Roig abokatuari ere zuzendu zitzaion aurrez Marchena, magistratu batengan arrunta ez den aitakeria keinu batekin: «Tronpatzen ari zara zure defentsa estrategiarekin». Abokatuek elkarri begiratu zioten, interbentzio horrekin zeharo harrituta, ez baita normala epaile batek defentsari horrelako ohartarazpenak egitea. Baina Gorena biktima gisa agertu zen gertakari horren ondoren, prentsa ohar bat zabaldu baitzuen, esateko «ezinegon handia» zuela defentsek zerabilten estrategiarekin eta abokatuen eta lekuko batzuen jokabidearekin. Esan nahi baita, defentsek eramandako lekukoekin.

[Youtube]https://youtu.be/IlBNt9ovhAY[/Youtube]

Espainiako polizia independentista bat

Tartean, pasadizo eta gertakari asko pilatu ziren. Esate baterako, gizon bat aretotik botatzeko agindu zuela Marchenak, Llibertat presos politics kamixeta bat zeramalako.

Antonio Baños eta Eulalia Reguant CUPeko parlamentari ohiek ez zietela Voxeko abokatuei erantzun nahi izan, eta Marchenak aretotik bota zituela haiek ere, 2.500 euroko isunak jarrita —CUPek 25.000 euro bilduko zituen 24 orduan—.

Lluis Llach ere urduri, Voxeko ultraeskuindarren aurrean: «Herritar homosexual, independentista eta munduko herritar izateko bokazioa duena naizenez, ez nago ados Voxek niri galderak egitearekin». Defentsen lekuko askok agertu zuten ezinegon bera.

Carles Hernandez, mossoen Brimo Brigada Mugikorreko burua, defentsak deitua, baina Jordi Sanchez oso leku txarrean utzi zuena, iradoki baitzuen irailaren 20an hark agintzen zuela, eta Hernandezi berari ere aginduak ematen saiatu zela.

Eta katalanez deklaratzeko eskaria egin zuten lekuko bat baino gehiago, Marchenak gaztelaniaz egitera behartu zituenak.

Presoak agurtzen saiatu ziren pare bat lekuko ere bai, eta bat, behintzat, segurtasun indarrek kanpora atera zutena besotik helduta.

Filologo bat, esplikatu zuena Fornek mossoei bidalitako gutun batean «s'ha de celebrar el referendum» idatzi zuela, eta instrukzioan modu inperatiboan, agindu bat balitz bezala, itzuli zutela gaztelaniara, baina esaldi horrek ez duela esan nahi erreferenduma «egin behar da», ez dela inperatiboa.

Ohartzekoa ere, epaiketara publiko gisa joan ziren euskal herritarren zerrenda, prozesu judiziala Euskal Herrian ere gertutik jarraitu zen seinale. Goreneko aretoan publiko gisa egon ziren, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe, Joseba Egibar, Maddalen Iriarte, Jone Goirizelaia eta Jon Iñarritu.

Baina pasadizo guztietan deigarriena, magistratuak eta akusazioa aho-zabalik utzi zituen hau: polizia independentista bat. Nemesio Fuentes, Espainiako Polizia erretiratua, 70 bat urteko gizona, jakaren paparrean xingola hori bat jarrita sartu zen aretora, eta esplikatu zuen 2017ko urriaren 1eko goizaldeko bostetan bere auzoko bozkalekura joan zela boluntario gisa, mahaian egoteko, eta guardia zibilak iritsi zirenean inorekin hitz egin gabe hasi zirela kolpeka, eta bere hiru seme-alabak zauritu zituztela.

Lau hilabete eta sei hautetsi

Otsailaren 12an epaiketa hasi zenean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin aurretik bukatzea zen asmoa, itxura batean; ahalegintzea bederen. Baina epeak asko luzatu zitzaizkion Marchenari, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bozak aurreratu zituen, eta, azkenean, hauteskundeak behin ez, bitan egokitu ziren epaiketa bukatu aurretik. Aurrena, lau auzipetu parlamentari (Oriol Junqueras, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull) eta beste bat senatari (Raul Romeva) aukeratu zituzten herritarrek. Eta gero, Junqueras europarlamentari bilakatu zen, eta Joaquim Forn Bartzelonako Udaleko zinegotzi. Voxeko bi abokatuak ere Kongresuko parlamentari bilakatu ziren.

Epaiketa ez baitzen, soilik, areto barruan jokatu. Lau hilabete haietan, otsailetik ekainera, izan ziren mobilizazio ugari Katalunian, baita greba bat ere epaiketaren hasieran, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazio bat Madrilen, 120.000 lagun elkartu zituena. Eta Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Arbitrarioen Batzordearen adierazpen bat, presoen eskubideak urratu egin zirela salatuz, eta kalean aske beharko luketela adieraziz.

Baina noizbait bukatu ziren lekukoak, eta peritu frogak erabakitzeko txanda ailegatu zen. Eta hori bukatutakoan, orduan bai, azkenerako utzitako bideoak. Baina ezin izan zituzten komentatu; Marchenaren araua izan zen proiektatu soilik egin zitezkeela. Aurrena akusazioek eskatutako bideoak eman zituzten, tartean Intereconomia TVko mahai inguru baten zati bat —azkenean epaimahaiak berak erretirarazi zuena—, eta gero defentsaren bideoak. Urriaren 1eko polizia indarkeria gordin agertu zen areto barruan orduan, otsail bukaeran Rajoyk bideo motz bat ikusi zuenetik berriro gertatu ez zena.

Pantaila piztuta, eta isiltasuna aretoan, eta berau zaintzeko aulki banatan eserita egon ohi ziren bi poliziak, zutik jarrita pantailari begira, eta begiak zabalik. Baina bideoak berandu iritsi ziren; akusazioak horiek ikusteko beharrik ez zuen. Madrilgo prentsa bezperatik ari zen zabaltzen fiskaltzak matxinada akusazioari eutsiko ziola. Epaiketa bukatu aurretik ondorioak idatziak zituzten fiskalek.

«Altxamendu hau bortitza izan da»

Edozein moduz, iritsi zen antzezlanaren azkenaurreko jokaldia —hain justu eraikineko beste areto batean, laugarrenean, Franco diktadorearen gorpua hobitik ez ateratzeko agindu zuten egun berean—. Bukatu ziren lekukoak eta probak, eta ondorioak aurkezteko momentua zen. Ikusmin handirik ez zegoen ordurako, fiskalaren jarrera ezaguna baitzen: akusatuek «estatu kolpe bat» eman zuten, indarkeria gertatzeko aski da larderia egotea —«altxamendu hau bortitza izan da»—, mota askotako bortizkeria sinbolikoak eta fisikoak erabili zituzten independentistek, eta beraz matxinada egotzi behar zitzaien akusatuei, eta hasierako zigor eskariei eutsi.

Javier Zaragoza: «Erreferendum bat egitea delitua da. [...] Ez dago sezesiorako eskubide moralik, eta, gainera, konstituzioa defenditzeko betebehar zibiko eta legal bat bai badago. [...] Estatu kolpe bat eman nahi izan zuten; ordena juridiko baten ordez beste bat ezarri nahi izan zuten, bitarteko ilegalekin». Fiskalak ez zuen zalantzarik; berdin zioten akusatuen bakerako dei guztiek. Emaitza, zigor eskarietan agerian: 25 urte Junquerasentzat; 17 urte Cuixart, Sanchez eta Forcadellentzat; 16 urte preso zeuden beste kontseilarientzat; eta 7 urte Vila, Borras eta Mundorentzat.

Abokatutzaren ezustekoa

Baina oraindik bazegoen sorpresa bat, eta akusazioaren aulkietan esertzen zen. Rosa Maria Seoane Estatuaren abokatuak eman zuen. Abendura arte Adifeko idazkari nagusia izan zen Seoane, baina Pedro Sanchez Espainiako presidenteak kargu horretan jarri zuen, Edmundo Bal kenduta —Bal Ciudadanoseko kidea da geroztik, eta gogor kritikatu zuen Seoaneren jokabidea prentsan—.

Estatuaren abokatuak, epaiketaren zati handi batean fiskaltzaren itzalean egon zen horrek, esan zuen berak ez zuela horren argi ikusi fiskalek aipatutako indarkeria hura guztia; Katalunian ez zela gertatu matxinada delituak eskatzen duen adinako indarkeriarik, alegia. Eta horregatik sedizio delitua ezartzeko eskatuko zuela, eta akusatuentzako kartzela zigor eskariak txikitu zituen: 12 urte Junquerasentzat; 11,5 urte Turull, Forn, Rull, Romeva eta Bassarentzat; 10 urte Forcadellentzat; 8 urte Cuixart eta Sanchezentzat; eta 7 urte Vila, Borras eta Mundorentzat.

[Youtube]https://youtu.be/qPWF8cdv15g[/Youtube]

Defentsetako abokatuen txanda izan zen gero. Akusatuen errugabetasuna zorrotz defenditu zuten; batzuek, zigor eskari txikienak zituztenek edota akusazioak zalantzan jartzeko aukera gehien zutenek, defentsa teknikoagoak egin zituzten. Salaketen eta frogen ahultasunak markatu zituzten horiek.

Beste abokatu batzuek, berriz, epaiketaren izaera politikoan indar gehiago egin zuten. Seinalatu zuten matxinada edo sedizio delituak egozteko zigor kodeak eskatzen duen indarkeriarik inola ere ez zela gertatu Katalunian 2017ko urrian, eta akusazioek nahita puztu zituztela gertakariak, auzipetuei zigor gogorragoak jarri ahal izateko.

Eta segidan akusatuek eurek hartu zuten azken hitza. Ordu laurdenez aritzeko aukera eman zien epaileak bakoitzari. Guztiek nabarmendu zuten arazo politikoei konponbide politikoak eman behar zaizkiela, baina politikak «porrot» egin zuela auzi honetan, eta deitoratu zuten arazoa justiziari bizkarreratu zaiola, elkarrizketaren bideari eutsi beharrean. Horrela bada, magistratuei eskatu zieten sententziarekin arazoa ez okertzeko, eta auzia politikaren eremura itzultzeko.

[Youtube]https://youtu.be/_ghTEc9kTZY[/Youtube]

Defentsa sentituak egin zituzten denek ere, batzuek luzeago, besteek laburrago, eta askok beren seme-alabak eta senideak izan zituzten gogoan; Jordi Sanchezi, adibidez, ahotsa kraskatu ere egin zitzaion momentu horretan.

Santi Vilaren azken hitzak ere, auzi guztian bezala, doinu ezberdina izan zuen, beste auzipetuen aldean. Aldebakarreko bidearekin eta Generalitateak hartu zituen erabakiekin kritiko agertu zen, erreferendumaren garaian ere egin zuen bezala. Beste akusatuek, ordea, tinko eutsi zioten erabakitzeko eskubidearen printzipioari eta oinarrizko eskubide unibertsalen defentsari: biltzeko eskubidea, manifestatzeko eskubidea, adierazteko askatasuna, botoa emateko eskubidea... Zehatz planteatu zuen Sanchezek: «Boto kutxa ez da inoiz estatu kolpe bat emateko tresna bat».

Akusatu batzuk urrunago ere joan ziten. Desobedientzia zibila kriminalizatzeko joerak gaitzetsi zituzten Sanchezek eta Cuixartek, adibidez. Orduko hartan ere oso argia eta gardena izan zen Cuixart: «Berriro egingo genuke». Eta aurrerago: «Kataluniarrek autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzen jarraituko dute». Josep Rull ere tinko mintzatu zen: «Ez dago kartzela aski herri baten askatasun nahia preso sartzeko».

Mundoren interbentzio motzarekin bukatu zuten auzipetuek azken txanda hori, eta Marchenak esan zuen: «Sententziarako ikusia», eta bukatu zen independentismoaren kontrako makroepaiketa, otsailaren 12an hasi eta ekainaren 12an bukatu dena; Espainia «hautsi» nahi izan zuten horien aurkako auzia. Sententziaren zain geratu ziren akusatuak, kartzelan preso.

Itzali ziren fokuak; itzali ziren kamerak; telebistako plato izateari utzi zion Gorenak. Baina ez zen ezer bukatu berez; borroka luzeago bat hasiko baita sententzia ezagutu orduko, Gonzalo Boye defentsako abokatuak esana duen bezala: «Haiek pentsatzen dute mundua Goreneko atean bukatzen dela, baina guk badakigu mundua hortik aurrera hasten dela». Hurrengo geltokia Estrasburgon izango dela badakite eta defentsek. Baita akusazioak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.