Urrutikoetxea 20 - 22 Irribarria

Bigarren txapela eskuratu du Irribarriak

Jokoa erabakita joan da Urrutikoetxea finalera, eta baita min handia egin ere sakearekin. Baina partida erditik aurrera zehatzago aritu da Aramakoa, eta horri esker eskuratu du txapela. 

jarraia167484.jpg
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 10a
16:50
Entzun

Partida hasi aurreko apustuak nahiko parekatuak egon arren, Iker Irribarria zen faborito ikusleen artean. Apustuak apustu, baina, Mikel Urrutikoetxea aurretik joan da lehen tantoetan, nahiz eta Irribarriak hirutan berdindu markagailuan. 4-5ekora heldu direnean aurreratu da lehen aldiz Aramakoa. 

Fresko hasi du partida Irribarriak, baina garesti ordaindu ditu egindako hutsak: 4-7 irabazten zihoan, baina 12-7 galtzen joan da gero. Aldiz, Urrutikoetxea asmatzen ari da sake mota ezberdinak tartekatuz: zabalean, oinetara, luze ezker-eskuin, eta 8-0eko partziala egin dio. Asmatu ezinik. Hala ibili da Aramakoa partida hasieran. 

Partida erdiko langara heldu denean berpiztu da nolabait Irribarria, eta aldea nabarmen murriztu du, bi tantora hurbilduz. Baina Urrutikoetxeak ahal izan duenean sakez ekin dio erasoari, eta bost tantoren tartea atera dio (15-10). Ezinean eta bere buruarekin haserre aritu da Irribarria.

Baina tantaka-tantaka eta ahalegin izugarria eginez, markagailuan gora egitea lortu du Irribarriak, eta 15na berdindu dute biek. Hasieran baino zehatzago aritu da erditik aurrera; izan ere, Irribarriaren kolpearen aldagaia inoiz ezin da aurreikusi, eta horri esker eraman du bigarren txapela ere. 

Pozik geratu da Irribarria bera egindako lanarekin, nahiz eta aitortu lehen zatian itsututa aritu dela eta ondorioz huts ugari egin dituela. "Finalak bi une erabakigarri izan ditu, 12-7koa eta 15-10ekoa. Galtzen joateak gauzak garbiago ikusten utzi dit. Tarte horretan sakearekin asmatu dut". Markagailuan aurretik joateak, hala ere, lasaitu egin du aramarra, eta, behin txapela irabazita, argi izan du nori eskaini hura: "Familiarentzat da txapel hau, une txarretan aguantatzen nauelako. Azken bi urteetan asko egon direlako". 

Iker Irribarria, historiara pasatuko den jotzaile bat. 23 urte bete gabea, eta dagoeneko bigarrenez buruz buruko txapeldun. Mikel Urrutikoetxeak ere meritu handia du. Kolpean alde handia egon arren, asko estutu du Irribarria.

Hala ere, galdu izanaren zapore garratzarekin geratu da Zaratamokoa. "Nola ez naiz, ba, triste egongo! Aurreko finala 22-21 galdu nuen, eta gaur txapel garrantzitsuenetik bi tantora gelditu naiz. Baina duela urtebete nola nengoen ikusita, gauza handia da finalean egotea". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.