Enpresak

Uztailerako izango da prest enpresak errotzeko funts publiko-pribatua

Jaurlaritzak, aldundiek, BGAEk eta enpresek 200 eta 250 milioi euro artean jarriko dute. Abian da BRTA, zentro teknologikoak koordinatzeko partzuergoa

BRTA EAEko zientzia eta teknologia partzuergoaren aurkezpena, gaur goizean. IREKIA.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 10a
07:23
Entzun

Zegonak Euskaltelen gidaritza hartu berritan, enpresa esanguratsuen kontrola ihes egitea eragotzi behar duen funtsa aurki izango dela prest jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Uztailerako, 200 eta 250 milioi euro artean erabilgarri izango direla iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak. Funts publikoa eta pribatua izango da, Gasteizko gobernuak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ez ezik, pentsio osagarriak kudeatzen dituzten BGAE erakundeek eta enpresa batzuek jarriko dutelako dirua, haien artean, Mondragon taldeak.

2017ko urtarrilean jakinarazi zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak Jaurlaritzak funts bat sortu nahi zuela enpresen errotzea bermatzeko. Gamesa, Guascor eta ITPren kasuak zeuden orduan denen ahotan, banan-bana atzerriko enpresa boteretsuen esku geratu baitziren (Siemensen esku lehen biak, eta Rolls Royceren esku aeronautikoa). Orain, ordea, Euskaltel da mintzagai nagusia, Zegona funts britainiarraren eskutik buruzagitza eta estrategia berria iritsi direlako Derioko enpresara, eta,  etorkizun hurbil batean, konpainia sektoreko eragile handi baten menpe geratzeko arriskua, Zegonaren asmoa bere parte hartzea saltzea baita, akzioak igotzen denean.

Eusko Legebiltzarrak joan den astean eskatu zion Jaurlaritzari «dituen baliabide guztiak erabil ditzan Euskaltelek sustraitze ahalik handiena izan dezan Euskadin». Funtsa telekomunikazio enpresaren akzioak erosteko erabiliko ote duten ez du argitu Urkulluk. Euskaltelek gaur egun burtsan 1.400 milioi euro inguru balio dutenez, 210 milioi beharko lituzke enpresaren %15 erosteko, baina ez dirudi hori denik Gasteizko gobernuaren asmoa, dozena erdi inbertsio aztertzen ari dela onartu baitio Europa Press agentziari.  

Euskaltelen partaidetzak erosteko aukera aipatu zuen Tapiak Berria-ri otsailean eskainitako elkarrizketan, baina azken asteetan gogo hori apaldu zaio, eta gustura azaldu da Zegonaren asmoekin, funtseko arduradunek agindu baitiote ez dutela egoitza aldatzeko inolako asmorik.
Tapiak berak esan zuen 2017 amaierarako egongo zela prest funtsa, baina beste urte eta erdi igaro behar izango du orduko asmoa egi bilakatu dadin. Bada tarte horretan aldatu ez den asmo bat: dirua ez dute inbertituko larri dauden enpresetan. —esaterako, Navalen—, baizik eta enpresa osasuntsuen «errentagarritasuna hobetzeko, errotzea bermatzeko eta tokian tokiko ekoizpen sarearekiko lotura handitzeko», Urkulluk zehaztu duenez.

BRTA partzuergoa

Jaurlaritzaren aspaldiko beste asmo bat izan da zentro teknologikoen gaineko kontrola handitzea, bikoizketak gutxitzeko eta ematen dizkien laguntza publikoei etekin handiagoa ateratzeko. Horretarako tresna BRTA izango da, Basque  Research & Technology Alliance partzuergoa. Urtarrilean iragarri eta gaur aurkeztu zuen Gasteizko gobernuak, eta ekitaldi hori baliatu du Urkulluk inbertsiorako funtsari data bat jartzeko.

Ricardo Bueno Zabalo izango da BRTAko zuzendaria, eta egoitza Gipuzkoan izango du, Mendaroko Kurutz-Gain industrialdean. Partzuergoko lehendakaria, berriz, Tapia bera izango da.

Sailburuak azaldu duenez, 2013an hasi ziren sare teknologikoa «hobeto antolatzeko» saioekin, eta 2015ean sektorea arautzeko dekretua egin zuten. Tapiak onartu du eztabaida asko izan dituztela sektoreko eragileekin, «batzuk oso biziak, egia esateko».

Honakoak izango dira partzuegoko kideak: Jaurlaritza eta haren menpeko SPRI industria agentzia, hiru foru aldundiak, lau ikerketa zentro —CIC Biogune, CIC Nanogune, CIC Biomagune eta CIC Energigune eta hamabi zentro teknologiko —Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker, eta Vicomtech—.

Koordinazioa dagoeneko «emaitza askoz hobeak» ematen ari dela ziurtatu du Tapiak. «Baina ezin gara lokartu. Hobetzen jarraitu behar dugu, ezagutu egin behar gaituzte». Izan ere, sailburuak onartu du aliantzaren helburuetako bat dela hiru lurraldeetako sare teknologikoa munduan aurkeztea, eta ikerketako korporazio handiekin lehiatzea.

Beste helburu bat da zentro teknologikoen artean sinergiak bilatzea, eraginkorrago izateko, eta «euskal industriaren erronkei elkarrekin erantzuteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.