Enpresak

CAFek gidaririk gabeko 43 tren hornitzeko kontratua lortu du Londresen

Erresuma Batuko HS2 abiadura handiko proiekturako Oaris trenak hornitzeko eskaintza ere aurketzu du CAFek

CAFen tren diseinua Londresko DLR sarerako. CAF
Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 12a
07:26
Entzun

Beasaingo konpainiari adjudikatu diote Transpor for London (TfL) enpresak kudeatutako Docklands Light Railway (DLR) linearako 43 treneko flota diseinatzeko, fabrikatzko eta hornitzeko kontratua. CAFek jakinarazi du, halaber, kontratuak euskarri teknikoko eta flotarako ordezkoak hornitzeko zerbitzuak ere biltzen dituela akordioak; alabaina, Gipuzkoako enpresa handienak ez du jakinarazi zenbat diru ordainduko dion TfLk kontratuagatik.

Aurreikuspenen arabera, 2023. urtean hasiko dira CAFen gidaririk gabeko tren berriak bidaiarientzako zerbitzua ematen Londresko sarean. Tren bakoitzak 5 kotxe izango ditu, eta "CAFen metro ibilgailuen diseinu arrakastatsuan oinarrituta egongo dira". Ohar bidez azaldu duenez, tren berriak gaur egun DLR linean zerbitzua ematen duten hiru kotxeko trenen antzeko luzera izango dute, baina bidaiarientzako beste hobekuntza batzuk izango dituzte: "bidaiari buruzko informazio bisuala eta audio bidezkoa denbora errealean emateko teknologiarik aurreratuena, aire girotua, gailu mugikorrak kargatzeko puntuak, erabilera anitzeko guneak (haurtxoen aulkietarako, bizikletak eta maletak eramateko) eta gurpildun aulkientzat erreserbatutako guneak biltzen dituzten hobekuntzak".

Eskarien zorroa ondo beteta dauka CAFek, Richar Garner CAFen Erresuma Batuko zuzendariak gogora ekarri duenez: "CAFi azkenaldian esleitu dizkioten kontratuetan azkena da hau. Esleipen horien artean, honako hauek aipa ditzakegu: Wales & Borders frankiziarentzako DMUen hornikuntza eta manetentze lana, Parisko metro sareko 43 PER MI2N unitateen birgaitze lana eta Australiako Hegoaldeko Gales Berrirako eskualdeko 29 unitate diesel-elektrikoaren hornikuntza eta mantentzea".

Londresko alkateak aurkeztutako plan estrategikoa betetzen lagunduko du CAFen kontratuak. Plan horren bidez, alkateak inbertsioak egingo ditu DLR modernizatzeko; helburua da 2041. urterako autoekiko mendekotasuna gutxitzea Londresen, eta joan etorrien %80 garraio publikoan, bizikletaz edo oinez egitea. 

Erresuma Batuko AHTrako lehian

Bestalde, CAFek iragarri du Erresuma Batuko HS2 abiadura handiko trenaren proiekturako Oaris trenak hornitzeko eskaintza aurkeztu duela. "Eskaintza horretan, Oaris plataforma proposatu dugu kontratu horren eskakizun zorrotzak bete ahal izateko". Kontratuak proiektuaren lehen faserako gutxienez 54 trenen diseinua, fabrikazioa eta mantentzea jasotzen du, eta horren bolumena 3.000 milioi eurotik gorakoa da. HSD Ltd enpresak datorren urtean egingo du publiko nori egingo dion esleipena.

Esleipena lortzea garrantzitsua da CAFentzat, HS2 proiektua tren arloan gaur egun garatzen ari diren guztien artean "esanguratsuenetako bat" delako konpainiaren ustez, eta "Erresuma Batuko ekonomiaren etorkizunean eragin handia izango duelako". HS2ren zerbitzuek Londres, Birmingham, Manchester eta Leeds hiriburuetan ez ezik, sare nagusitik kanpoko beste toki batzuetan ere funtzionatuko dute, besteak beste, York, Newcastle eta Liverpool hirietan, eta Eskoziako Glasgown eta Edinburgon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.