Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Estrasburgok ez du tramitera onartu Forcadellen askatasun eskaria

Badaezpadako espetxealdian da Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetua, prozesu subiranistaren aurkako auziagatik.

Carme Forcadell, Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu zuenean. EFE
2019ko ekainaren 12a
13:57
Entzun

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du tramitera onartu Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuak egindako askatasun eskaera. Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, badaezpadako espetxealdian da Forcadell Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auziagatik, eta Efe berri agentziak auzitegiko iturriak aipatuz zabaldu du atzera bota dutela haren askatasun eskaera. Epaile bakar batek hartu du espetxealdiaren aurkako galdea tramitera ez onartzeko erabakia, eta nahiko azkar, Estrasburgoko erritmoak aintzat hartuz gero.

Prozedura azkar hori dela-eta, Estrasburgok ez du publiko egin erabakiaren gaineko oharrik, eta beraz, ez du arrazoien gaineko azalpenik eman. Auzitegiko iturriek azaldu dute hiru arrazoi egon daitezkeela halakoetan: eskaria oinarririk gabea izatea, epez kanpo aurkeztua, edo salatzailearen estatuko bertako bideak agortu ez izana. Kasu honetan, hirugarren arrazoia litzateke indar gehien duena, kontuan hartuta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez zuela ezer ebatzita oraindik Forcadellen espetxealdiaz hark eskaria aurkeztu zuenean.

Maiatza amaieran, Estrasburgok ontzat jo zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferendumaren osteko osoko bilkura debekatu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.