Estrasburgok ontzat jo du U-1aren osteko osoko bilkura debekatu izana

Auzitegiaren iritziz, Konstituzionalak ez zuen diputatuen eskubiderik urratu. Puigdemont Kataluniaren independentzia deklaratzekoa zen saio horretan

Puigdemont Kataluniako Parlamentuan, independentzia deklarazioa etetea proposatu ostean. 2017ko urriaren 10ean egin zuen, 9an egin beharrean. Q. GARCIA / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferendumaren osteko osoko bilkura debekatu izana. Epai horrekin, Estrasburgok ez die arrazoia eman Konstituzionalaren erabakiaren aurka salaketa aurkeztu zuten Kataluniako Parlamentuko 76 diputatuei, argudiatuta Espainiako auzitegiaren erabakia beharrezkoa zela «segurtasun publikoari, ordenaren defentsari eta besteren eskubideen eta askatasunen babesari eusteko». Eta, beraz, Konstituzionalak ez zuela eskubiderik urratu.

Erreferendumaren Legeari aipamena egiten ziolakoan, 2017ko urriaren 5ean Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen Junts Pel Sik —konbergenteen eta ERCren koalizioak— eta CUPek adosturiko Carles Puigdemonten agerraldia; urriaren 9rako zegoen finkatua hitzaldi hori. PSCk aurkezturiko babes helegite baten ondorio izan zen auzitegiaren erabakia.

Ofizialki, 2017an Kataluniako presidentea zena «[garai hartako] egungo egoera politikoaz» arituko zen; Erreferendumaren Legearen arabera, independentzia deklaratzeko bilkura behar zuen urriaren 9koak. Auzitegiaren erabakia saioa debekatzea izan bazen ere, Puigdemontek parlamentuan azalpenak emateko baimena eskatu zuen, eta urriaren 9an egin beharrean hurrengo egunean egin zuen, 10ean. Orduan, Kataluniako presidenteak independentzia deklaratu zuen, baina horren eraginak eta ondorioak etetea proposatu zuen.

Egun horretan bertan aurkeztu zuten salaketa 76 diputatuek—tartean, Puigdemontek—, argudiatuta aurreko eguneko osoko bilkura bertan behera uztea botere banaketaren kontra zihoala, eta giza eskubideak urratzen zituela, hala nola adierazpen askatasunarena, biltzeko eskubidearena edo legebiltzarraren eztabaida eskubidea. Carme Forcadell garai hartan parlamentuko presidente zenak sinatu zuen salaketa.

Kataluniako Gobernuaren eledun Meritxell Budok atzo adierazi zuen Estrasburgoren erabakia «errespetatzen» dutela, eta Espainiakoari eskatu zion gauza bera egin dezala, Kataluniako prozesu subiranistarekin zerikusia duten «kondena sententziak» iristen bazaizkio.

«Argudioen aurkakoa»

Josep Borrell Espainiako jarduneko Atzerri ministroarentzat, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzo jakinarazitako erabakia Kataluniako mugimendu independentistak «emandako argudioen aurkako» epaia da.

Are, uste du Espainiako Justiziaren funtzionamenduak, Espainiako sistema juridikoak eta Auzitegi Konstituzionalak babesa jaso dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.