Hezkuntza

Bilera egin dute Kristau Eskolako arduradunek eta sindikatuek, baina ez du fruiturik eman

Katigatuta jarraitzen dute bi aldeek, eta langileek gogora ekarri dute Hezkuntza Sailak auziak duen "erantzukizuna"

Kristau Eskola eta IZEAko greba deialdiko manifestazio bat, joan den apirilean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE, FOKU
arantxa iraola
2019ko ekainaren 13a
19:48
Entzun

Bizi jarraitzen du Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako lan gatazkak. Bilera bat egin dute gaur langileek patronalarekin, baina ez da bi aldeen artean hurbilketarik egon. Langileen ordezkariek deitoratu dute lehendik ere aurkeztutako proposamen batekin agertu direla zentroetako arduradunak: "Ez da berria". Patronalak, berriz, kritikatu du "etsigarria" dela sindikatuen jarrera: "Guk mahai gainean jartzen ditugun proposamenak aski ez direla esatera mugatzen diren heinean, ordezko proposamenik lantzen ez duten bitartean, ezinezkoa izango da akordioa".

Maiatzaren 30ean bilera bat izan zuten Lan Harremanen Kontseiluan bi aldeek, eta beharginen aburuz, orduan aurkeztu zuen neurri sortarekin agertu da gaur da gaur patronala, langileen "eskakizunak" aintzat hartzeko aterik zabaldu gabe. Patronalak, berriz, sindikatuei egotzi die ez ordezko proposamenik eramatea bilerara.

Langileek gogora ekarri dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere "erantzukizuna" duela auzian, eta esku hartzeko eskatu diote. Orain arte erakundeak izan duen portaera arbuiagarritzat jo dute:  "Ez da ari gatazka bideratzeko deus ere egiten".

Ikasturte guztia egin dute langileek protestan, eta 24 greba egun egin dituzte. Ezinegona sortu du horrek zentroetan, eta kexu ere azaldu dira hainbat familia egoerarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 215 ikastetxe daude sarean eta 120.000 ikasle inguru dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.