Kataluniako prozesu subiranista

Junquerasek ezingo du hartu eurodiputatu egiaztagiria

Gorenak ez dio baimenik eman astelehenean Diputatuen Kongresura joan eta tramiteak egiteko, eta, beraz, ez du immunitaterik izango buruzagi subiranisten aurkako auzian.

Oriol Junquerasen irudia Bartzelonan epaiketa jaraitzeko jarritako pantaila erraldoi batean. MARTA PEREZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko ekainaren 14a
13:19
Entzun

Hauteskunde Batzordeak astelehen eguerdirako deitu du konstituzioari men egiteko ekitaldia, Espainiako Kongresuan. Bertara deitu ditu Espainiako Estatuan hautatuak izan diren 54 eurodiputatuak. Oriol Junquras diputatu presoak Auzitegi Gorenari eskatu dio bertara joan eta egiaztagiria eskuratzeko tramiteak egin ahal izateko baimena, baina epaitegiek ukatu egin diote.

Auzitegien arabera, tramiteak egin ostean, egiaztagiria jaso ahal izateko Bruselara joan beharko luke Junquerasek, eta horrek "atzeraezineko arriskuan" jarriko luke prozesu judizialaren helburua. Horrez gain, zehaztu dute "behin-behinekoa" dela eurodiputatu tramiteak egiteko debekua.

Junquerasek egiaztagiria jasotzeko baimena izan balu, immunitatea lortu ahal izango zuen eurodiputatu gisara, eta horrek haren aurkako zigorra indargabetu edo atzeratu zezakeen. Baina Gorenak ate horiek itxi dizkio, fiskaltzaren eskaerari kasu eginez.

ERCko buruak ez zik, Carles Puidemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Toni Comin Kataluniako Osasun kontseilari kargugabetuak ere zail izango dute egiaztagiria jasotzea; izan ere, horretarako Espainiako Kongresura azaldu beharko dutela berretsi du Hauteskunde Batzordeak. Arazoa da Cominen eta Puigdemonten aurkako atxilotze aginduak indarrean direla Espainian eta, beraz, muga igaroz gero atxilo hartuko dituztela biak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.