Osakidetza

Murga: "Inoiz ez dut esan egozten didaten esaldia"

Osasun sailburuak salatu du haren izen onaren kontrako "funtsik gabeko adierazpen publikoak" gertatu direla. Nabarmendu du ez duela ezer ezkutatzeko.

Nekane Murga Osasun sailburua, kargua hartu zuen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Rejado.
2019ko ekainaren 14a
07:12
Entzun

"Inoiz ez dut esan egozten didaten esaldia: ez duela hamabost urte, ez orain. Inoiz ez dut tribunal batean parte hartu, eta inoiz ez dut jakin oposizioen emaitzarik horien zerrendak publiko egin aurretik". Hitz horiekin gezurtatu du Nekane Murga Osasun sailburuak azken egunotan publiko egin den grabazioa. Osakidetzaren barne ikerketako grabazioa da Murgak gaur hizpide izan duena, Eusko Legebiltzarrean. Mediku baten deklarazio entzun daiteke, azalduz egungo sailburuak —garai horretan ez zuen ardura politikorik— iruzurra iradoki ziola, duela hainbat urte.

Kontrolerako osoko bilkuran eman ditu azalpenak Murgak, Rebeka Uberak (EH Bildu) eta Cristina Makazagak (Elkarrekin Podemos) hala eskatuta. Aipatu bi legebiltzarkideek "iruzur sarearekin" amaitzeko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diote sailburuari, eta, hori egin ezean, "sinesgarritasuna" galtzen jarraituko duela. Murgak Osasun sistemaren ospea zikintzea leporatu die bi legebiltzarkideei, eta ezagutarazi diren grabazioak haren izen onaren kontrako "funtsik gabeko adierazpen publikoak" direla.

Are, Murgak "errotik" gezurtatu du Osakidetzako lan eskaintza publikoetan oposizioak kritikatu duen "iruzur sarea". Aitortu du, agian, noizbait kasu puntualen bat egon dena, baina gaineratu du ez duela hori gertatu denaren berri.

Darponen eredua

Rebeka Uberak Murgari gogorarazi dio Osasun sailburu izendatu zutenean "sinesgarritasun txikia" zuela, Jon Darpon Osasun sailburu ohiaren lantaldetik heltzeagatik. "Konfiantza" eman arren aurreko sailburuaren bide beretik doala hausnartu du Uberak. "Aurreko sailburuak egiten zuena egiten baduzu berdin amaituko duzu", ohartarazi zion. Legebiltzarkideak "gezurra" edo "hitz neurtuak" esatea leporatu zion sailburuari, eta neurriak hartzeko eskatu zion. "Bada garaia barkamena eskatzeko, eta iruzurra errepikatu ez dadin neurriak hartzeko".

Cristina Makazagak hausnartu du Eusko Jaurlaritzak urte bateko batean, iruzur salaketak publiko egin zirenetik, aro ezberdinak izan dituela. "Hasiera batean dena ukatu zenuten; beste alde batera begiratu zenuten gero; kaltetu gisa jokatzen hasi zineten gero...". Ordea, Osasun Sailari "era opakuan" jokatu izana, eta justiziari ere informazio osoa ez ematea, justiziak berak hori eskatu arte. "Aurpegi aldaketa ez da nahikoa; eredua da aldatu behar dena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.