Madrilgo alkatetza PPrentzat, Ciudadanosen eta Voxen botoekin

Azken ordura arte ibili da negoziatzen PP, eta azkenean lortu du Jose Luis Martinez-Almeida Espainiako hiriburuko alkate izatea. Bart arratsean itxi zuen akordioa Ciudadanosekin, eta Begoña Villacis alkateorde izango da. Ondoren errazago lotu zuen PPk Voxen babesa, baina ez du argitu ultraeskuindarrek zein ardura postu izango dituzten. 

Jose Luis Martinez-Almeida (PP) Madrilgo alkatea, Begoña Vilacis (C's) alkateordearekin. EMILIO NARANJO / EFE
Irune Lasa.
2019ko ekainaren 15a
17:00
Entzun

Azken hauteskundeetan lortutako salba-gerrikoetako bati —Madrilgo erkidegoa da bestea— tinko eutsi dio PPk, jakin baitaki Madrilgo alkatetza berreskuratzea berebizikoa zaiola, bai nolabaiteko hondoa jarri nahi badio alderdiaren azken urteetako gainbeherari, bai eta eutsi nahi badio Ciudadanosek borrokatzen dion Espainiako eskuinaren lidergoari.

PPko hautagai Jose Luis Martinez-Almeidak Ciudadanosen eta Voxen botoak jaso ditu eta Espainiako hiriburuko alkate izango da hurrengo lau urteetan. Salba-gerrikoa garaikur bihurtu da eta azkenean tranpolina bilakatuko dela dute PPn. Pablo Casadoren arabera, "gaur hasi da datozen hauteskundeekin Espainiara iritsiko den aldaketa". 

Hauteskundeak Manuela Carmenaren Mas Madridek irabazi arren —hemeretzi zinegotzirekin— Madrilgoko Udala atzera eskuinarentzat izango zela nahiko argi zegoen, nahiz eta udalbatza osatu bezperaraino luzatu ziren eskuineko hiru alderdien arteko elkarrizketak. Adosteko gehienak Ciudadanosekin zituen PPk, baina ez bereziki politika edo programei buruzkoak, baizik eta karguei zegozkienak. Ciudadanos txandako alkatetza eskatzeraino iritsi zen —lehen bi urteetan PPko Martinez-Almeida izatea alkate, eta ondoren Ciudadanosko Begoña Villacis—, Albert Riveraren alderdiak jakitun baita Madrilgo alkateak duen proiekzio publiko eta politikoaz. Azkenean, Villacis Madrilgo alkateordea izango da.

Vox-en eragina

Ciudadanos lokaztu gabe uzteko, PPren eta Voxen artekoa izan da beste negoziazioa. Baina ez akordio horretan hitzartutakoen xehetasunik ez da ezagutzen. Adibidez, ez dago argi Voxeko zerrendaburu Javier Ortega Smithek ardurarik izango duen Martinez-Almeidaren gobernuak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.