Galizia

Espetxera bidali dituzte Resistencia Galegarekin lotuta atxilotutako laurak

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz egin zituzten atxiloketak, atzo. "Independentismo antolatua kriminalizatu eta salbuespen giroa zabaldu" nahi izatea egotzi dio Madrili Causa Galiza antolakundeak.

Viamarin herrian Guardia Zibila egindako atxiloketa. CAUSA GALIZA.
2019ko ekainaren 18a
21:01
Entzun

Vigon eta Vilamarinen egin zituzten atxiloketak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak igande gauean zabaldu duenez. Resistencia Galega delako taldearekin lotu dituzte lau galiziar independentistak; talde horretako kide izatea egotzi diete Anton Garcia Matos eta Asuncion Losada Camba. Miguel Garcia Nogales ere atzeman zuten haiekin, Vigon, hari laguntzea leporatuta. Laugarren lagun bat ere atxilotu zuten, Oxenen. "Talde terroristako" kide edo laguntzaile izatea egozte diete. Gaur, Auzitegi Nazionaleko epaileak espetxera bidali ditu laurak.

Guardia Zibilak igande gauean zabaldu zuenez, 2006tik zuten Garcia Matso eta Losada Camba bilatu eta atxilotzeko agindua. Causa Galiza erakundeak jakinarazi zuenez, bi atxilotu horiek inkomunikatu egin zituzten.

Causa Galiza erakundeak eta bestelako eragile batzuek atxiloketak salatu zituzten, "zirku antiterrorista" gisa izendatu zuten operazioa, eta salatu zuten "independentismo antolatua kriminalizatu eta salbuespen giro polizial, informatibo eta penala zabaldu" nahi duela Espainiak. "Bi hipotesi: edo PSOEk PPren politika eta paradigmak erreproduzitzen ditu Galiziako independentismo antolatua kriminalizatu eta erreprimitzeko, edo halako operazioak gauzatzen dituen indar militarrak zehazten du estrategia botere politikoa bazter utzita". Ceivar errepresioaren aurkako mugimenduak antolatuta, mobilizazioak egin zituzten atzo.

Espainiako Auzitegi Gorenak "erakunde terroristatzat" jo zuen 2014an Resistencia Galega talde independentista galiziarra. 2015ean, bederatzi lagun atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.