Estradizioen lege proiektua

Hong Kongeko gobernuburuak "barkamena" eskatu die manifestariei

Carrie Lamek "beste aukera bat" emateko eskatu die protestariei. Iragan igandean bi milioi herritar atera ziren kalera Txinarako estradizioen lege proiektuaren aurka, protestaren antolatzaileen arabera.

Carrie Lam Hong Kongeko gobernuburua, gaur, barkamena eskatzeko egindako agerraldian. JEROME FAVRE / EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 18a
13:44
Entzun

Hong Kongeko gobernuburuak aitortu du hura dela "hein handi batean krisiaren erantzulea", eta gehitu du ez duela aurrera jarraituko Txinarako estradizioen lege proiektuaren inguruan "kontsentsua" dagoen arte. Iragan larunbatean behin-behinean eten zuen lege hori protesten eraginez, nahiz eta adierazi zuen erabakiak ez zuela zerikusirik azken asteotako manifestazioekin. Gaur, bada, beste pauso bat eman, eta "barkamena" eskatu die herritarrei.

Giza Eskubideen Fronte Zibilak, ordea, ez du Lamen barkamen eskaria onartu, eta jakinarazi du manifestazioekin jarraitzeko asmoa dutela. Bonnie Leung frontearen koordinatzaileordearen arabera, Hong Kongeko gobernuburuak ez die "jaramonik egin".

Keinu gisa, atzo Joshua Wong ekintzaile gaztea askatu zuten —2014ko Aterkien Iraultza-ko buruzagietako bat da—, baina manifestariek hainbatetan agertu dute protestan jarraitzeko asmoa, gobernuak lege proiektua bertan behera uzten duen arte; Lamen dimisioa ere eskatu dute, baina gobernuburuak oraingoz ez dio erreferentziarik egin eskari horri, argudiatuta Pekinek "konfiantza, errespetua eta babesa" helarazi diola.

Parlamentuak estradizioen lege proiektua onartuko balu, Hong Kongek aukera izango luke edozein iheslari Txinara estraditatzeko. Eta, hori gertatuko balitz, protestariek uste dute handitu egingo dela Pekinekiko duten menpekotasuna.

Azken asteko kexa bat dator urteotako beste kritikekin: Txinak erreforma demokratikoak oztopatzen dituela, eta Hong Kongeko 2017ko hauteskundeak manipulatu zituela; zeharkako botoa eman zuten herritarrek, eta hautagai independenterik gabe egin ziren, Hong Kong Txinaren parte denetik egin bezala. Lamek irabazi zituen.

Hong Kongek estatus politiko berezia du Txinan: Herrialde bat, bi sistema esan ohi zaio, autonomia handiagoa duelako eta sistema ekonomiko desberdina, kapitalista —Londresek eta Pekinek adostu zuten sistema, 1997an—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.