Industria

Patronalak dio papergintzako grebak kalte egiten diola "enpresen iraunkortasunari"

Euskadiko Paperaren Klusterreko enpresek 1.182 milioi euroren salmentak egin dituzte 2018an,  %5,9 gehiago. 2019an eskaerak gutxitzen ari direla dio klusterrak, eta "ziklo inbertitzailea" bukatu egin dela. Elkarteak adierazi du enpresek lehiakortasuna irabazi behar dutela, eta sektoreak "ongi ordaindutako kalitatezko enplegua" ematen duela.

Papergintzako langileen manifestazioa, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2019ko ekainaren 20a
07:39
Entzun

Papergintzako klusterra "oso kezkaturik" dago Gipuzkoako zazpi enpresari eragiten dien greba dela eta.  Atzoko eta gaurko lanuzteek lehiakortasunari eragiten diotela ohartarazi du, eta horrek "epe ertainera eta luzera enpresen iraunkortasuna murriztuko duela". patronalak adierazi du KPItik gorako igoerak adostu direla, eta lanaldiak zein lan baldintzak, oro har, Espainiako lehiakideenak baino hobeak direla. Alegia, paperaren klusterrak "gatazka lehenbailehen" bukatzea nahi du, "normal" jarduten has daitezen enpresak.

Sektorearen aurtengo egoera aurreko urtekoa baino gogorragoa baita, klusterraren arabera. Eskaerak gutxitzen ari direla dio, eta "ziklo inbertitzailea" bukatu egin dela. Ez dago batere garbi 2018. urteko emaitza onak berritzeko gai izango ote diren. Iaz, 1.182 milioi euroren salmentak egin zituzten,  %5,9 gehiago. Horietatik 612 milioi (+%1,6) esportazioen bidez fakturatu ziren. Horrez gain, 41 milioi euroren inbertsioak egin zituzten, eta 2.338 enplegu zuzen eman zituzten (+%8,4). Paperaren eta paper pastaren ekoizpena 1.329.000 tonakoa izan zen (-%2,6).

Batzar Nagusia

Datu horiek guztiak helarazi dituzte gaurko Batzar Nagusian, Senen Amunarrizek eta Iñaki Ugartek, klusterreko presidenteak eta kudeatzaile nagusiak. Arduradunek esplikatu dute eskaerak gain behera doazela. Azken urteetan, packaging esparruko negozioa asko hazi da, baina azken hilabeteetan, eta inbertsio handiak egin ondoren, urritu egin da eskaeraren emaria. 2018ko azken hiruhilekotik ari dira nabaritzen joera negatibo hori paper fabriketan, eta ez bakarrik packaging alorrean, baita tisu paperean eta paper berezietan ere, balio erantsi handikoetan.

Amunarrizek eta Ugartek lehengaien "salneurri garestiez" hitz egin dute, energia kostuei loturiko "lehiakortasunaren galera" ahaztu gabe. Lehiakortasunari kalte egiten dion beste aldagaia lan kostua da. "Beste erkidego batzuetako enpresekin alderatuta, %20 eta %30 arteko aldea dago".

Sektoreko hitzarmenaren aldeko greba egin zuten Gipuzkoan atzo, eta gaur ere lanuztera deitu dute sindikatuek. Klusterrak ez dio oinarririk ikusten mobilizazio horiei. "Egia da azken 20 urteotan enpresa batzuk itxi egin direla eta, enpleguak sufritu egin duela, baina gure enpresek langile kualifikatuak kontratatzen dituzte urtero, eta kontratuen %92 finkoak dira". Soldaten auzian buru-belarri sartu zen klusterra: "Lanaldi osoko langile baten batez besteko soldata gordina %44 handiagoa da Estatuko batena baino". Eta sektoreak, zeharkako 7.000 enplegu ematen dituela gogorarazi du.

Negoziazioa

Sektoreak egin duen "ahalegin inbertitzailearen gainetik", eta soldatetan, eta oro har, lan baldintzen inguruan "egon den aurrerapena egonda ere", sindikatuek  hamasei greba egunera deitu dutela gogoratu du klusterrak. Atzo, gaur, ekainaren 26an eta 27an dira lanuzteak; uztailaren 3an, 4an, 10ean eta 11n beste lau greba egun iritsiko lirateke; irailean, berriz, 18an, 19an, 25ean eta 26an lirateke lanuzteak; eta urrian, 2an, 3an, 9an eta 10ean.

ELAko ordezkari Eneko Agirreurretaren arabera, patronala mahai gainean jartzen ari den proposamena "ez dator bat sektorearen egoera onarekin". Soldata igoerekin batera, lan erreformaren aurkako blindatzea eskatzen ari dira sindikatuak; haiekin batera, berdintasun planak eta kontziliazio planak nahi dituzte, gainera. Sektoreko hitzarmenaren indarraldia 2018an bukatu zen Gipuzkoan, eta gaur egun luzaturik dago. ELA, LAB eta CCOO daude negozio mahaian.

"Egoera hain da kezkagarria, ezen lehiakortasuna murrizten baitu, eta horrek enpresen iraunkortasuna murriztuko du, era berean. Merkatua oso oldarkorra da, eta inbertsioak exijitzen ditu aldiro", esan du Paperaren klusterrak. Elkarteak espero du gatazkari irtenbide bat emango zaiola laster. Gaur-gaurkoz, ordea, Gipuzkoako langileak kalean daude beren eskubideen aldeko mobilizazioan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.