Hezkuntza

Getxon bere buruaz beste egindako nerabeak 'bullying'-a salatu zuen

Uriarte sailburuak azaldu du eskola jazarpenari buruzko protokoloa martxan jarri zutela, nahiz eta ez zuten "frogarik" sumatu. Beste ikastetxe batean ari zen.

Galea lurmuturraren ingurua. Han agertu zen gaztetxoa hilik, astelehenean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 20a
16:12
Entzun

Mutiko bat hilda aurkitu zuten astelehen goizean Galea lurmuturraren inguruan, Getxon (Bizkaia). Bezperatik ari ziren haren bila, falta zela salatu baitzuen familiak. Uste dute bere buruaz beste egin zuela Galeako haitzartean. Ertzaintzak zabalik du ikerketa. Besteak beste, aztertzen ari da eskolan izandako arazoek eragin ote zuen gazteak bere buruaz beste egitea. 13 urte zeuzkan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak izana zuen gaztetxoaren berri orain baino lehen. Bullying-a jasaten ari zelakoan, salaketa bat jaso zuen. Hala baieztatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak. Garai hartan, Erandion (Bizkaia) ari zen gaztea ikasten, Jado ikastetxean. Hain justu, eskola horrek ohar bat kaleratu zuen atzo, "dolumina" adierazteko. Hala ere, gertatutakoari buruzko argibiderik ez zuen eman ikastetxeak.

Uriarte sailburuak agerraldia egin du —gaitasun handiko ikasleei kasu egiteko plana aurkeztu du—, eta nerabearen suizidioaz galdetu diote. Xehetasun handirik ez du eman nahi izan, nabarmenduz ikerketa martxan dagoela eta adingabe bat dagoela tartean, argitu du, baietz, jazarpenagatik salaketa bat jaso zutela. "Printzipioz, bazirudien ez zegoela jazarpenaren frogarik, baina, hala ere, martxan jarri zen protokoloa. Esku hartu zen".

Ikastetxez aldatu egin zuten gaztetxoa. "Familiak eta ikastetxeak adierazi dutenez, ez zeukan inolako arazorik" nabarmendu du Uriartek. "Izatez, nota onak ateratzen ari zen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.