KATALUNIA

Preso politikoak behin-behinean aske ez uztea ebatzi du Auzitegi Gorenak

Kataluniako espetxeetarako lekualdatzea onartu du auzitegiak.

Junqueras hitza hartzeko pronto, joan den ekainaren 12an. EFE
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 21a
10:50
Entzun

Oriol Junquerasek, Raul Romevak, Carmen Forcadellek, Joaquim Fornek, Jordi Turullek, Josep Rullek, Jordi Sanchezek, Jordi Cuixartek eta Dolors Bassak, hortaz, kartzelan jarraituko dute. Hori bai, Gorenaren asmoa da Espainiako Kartzeletatik Katalunikoetera aldatzea. Iazko uztailetik joan den otsaila arte, epaiketa hasi arte, hango espetxeetan egon ziren.

Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak eskatu bezala, prozesu subiranistaren ondorioz kartzelan dauden buruzagi independentistak espetxean mantentzea deliberatu du Gorenak. Iruditzen zaio ez dagoela "bat-bateko arrazoirik" behin-behineko neurria indargabetu eta haiek aske uzteko. Sanchez eta Cuixart 2017ko urritik daude espetxeratuta; Junqueras eta Forn 2017ko azarotik; eta gainontzekoak iazko martxotik.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Atxiloketa Arbitrarioaren Lantaldeak eskatu zion Espainiako Gobernuari, joan den maiatzaren 29an, Cuixart, Sanchez eta Jonqueras aske uzteko. Gorenak, ordea, eskaera hori baztertu du, argudiatuz lantaldearen ebazpena ez dela loteslea.

Buruzagi subiranisten kontrako epaiketak lau hilabete iraun du, eta pasa den asteazkenean amaitu zen, presoek egindako alegatuekin. Ez dago argi noiz kaleratuko duten epaia, baina epaimahaiaren magistratuetako batek atzo bertan adierazi zuenez, irailean edo urrian izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.