Xingola horiak

Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientzia zantzuak ikusi ditu Torraren jarreran

Auzitegiak uste du Kataluniako presidenteak ez zuela Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua bete: Generalitatearen eraikin publikoetatik xingola horiak erretiratzea.

Quim Torra Kataluniako presidentea, liburu baten aurkezpen ekitaldian. MARTA PEREZ / EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 27a
15:07
Entzun

Kataluniako Auzitegi Nagusiak amaitutzat eman du xingola horien auziko instrukzio fasea. Hortaz, Carlos Ramos epaileak hamar eguneko epea eman die fiskaltzari eta herri akusazioari –Vox alderdiari— akusazio idatziak idazteko; testu horiek idatzita, Quim Torra Kataluniako presidentearen aurkako ahozko saioa hasiko lukete. Kasua artxibatzea ere eska lezakete.

Auzitegiak instrukzio fasearen amaierako autoan azaldu duenez, desobedientzia zantzuak ikusi ditu Torraren jarreran, xingola horiak eraikin publikoetatik garaiz ez erretiratzeagatik.

Zehazki, Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidenteari agindu zion xingola horiak kentzeko Espainiako Gorteetarako apirilaren 28ko hauteskundeen kanpaina hasi baino lehen, baina Torrak halakorik egin ez zuela uste du: "[Batzordearen] Agindua ez betetzeko asmoa ezkutatzen saiatu zen, edo hori betetzeko asmoa ahalik eta gehien atzeratzen".

Kataluniako presidenteak maiatzaren 15ean deklaratu zuen Kataluniako Auzitegi Nagusian, eta saio horren ostean Espainiako Estatuaren "atzeratze demokratikoa" salatu zuen.

Hauteskunde Batzordeak Espainiako Fiskaltza Nagusiari eskatu zion Generalitateko presidentea desobedientziagatik ikertzeko; Espainiako Fiskaltza Nagusiak aintzat hartu zuen batzorde horren eskaria eta, Kataluniako Fiskaltza Nagusiari agindu zion Torraren kontrako kereila bat aurkezteko Kataluniako Auzitegi Nagusian. Auzitegiak apirilan onartu zuen kereila, eta Torra ikertzen hasi zen.

Kereilak jaso zutenez, Kataluniako presidenteak era "kontzientean eta jakinaren gainean" erabaki zuen Hauteskunde Batzordearen aginduari muzin egitea. Salaketak nabarmendu du Generalitateko presidenteak preso dauden buruzagi independentisten aldeko xingolak eta bestelako sinbologia mantendu zuela gobernuaren eraikin publikoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.