Josu Urrutikoetxea

Frantziar Errepublikak Urrutikoetxea "aitortu eta babestu" dezan nahi dute Frantziako ekologistek

Bakearen artisaua berehala askatzeko eskatu dute Eva Joly, Noel Mamere eta Jose Bovek Mediapart egunkarian argitaratu duten iritzi artikuluan. Bihar beste epaiketa bat izanen du Parisko auzitegi korrekzionalean.   

Eva Joly, eurodiputatu ohia da artikuluaren sinatzaileetako bat. ISABELLE MIQUELESTORENA
Berria
2019ko ekainaren 27a
20:02
Entzun

EELV - Berdeak alderdiaren ondotik, Frantziako hiru figura ekologistek Josu Urrutikoetxea bakearen artisaua berehala askatzeko eskaera berretsi dute Mediapart egunkarian argitaratu duten iritzi artikuluan. Noel Mamere diputatu ohiak eta Eva Joly eta Jose Bove eurodiputatu ohiek izenpetu duten testuan, zuzenbidera itzuli eta Parisko Dei Auzitegiak Urrutikoetxea aske uzteko erabakia errespetatzeko eskatu dute, "Euskal Herriko bakearen artisau hori, merezi duen gisan eta behin betikotz, Frantziar Errepublikak aitortu eta babestu dezan".

Josu Urrutikoetxeak (Ugao, Bizkaia, 1950) bihar epaiketa bat izango du Parisen, Auzitegi Korrekzionalean, 2011-2013an Osloko elkarrizketa saioan ETAren egiturako kideetakoa izan zelakoan. 2017an zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten horregatik, baina sasian zen orduan, eta pasa den maiatzean atzeman ondotik berriro epaitzeko eskatu zuen —2010eko beste zigor bategatik ere bai—. 2011ko urriaren 20an jarduera armatua bukatutzat eman ondoren, Espainiarekin gatazkaren ondorioez aritzeko asmoa zuen ETAk Oslon, nazioartearen anparoan. Madril ez zen agertu. 2012ko udazkenean Frantziari proposamen bat egin zion ETAk, emaitzarik gabe.

Mediaparten argitaratu duten artikuluan 1980etik Urrutikoetxeak ETA erakundean izan duen jarduera xeheki aipatzen dute hiru ekologistek, negoziazio saio guzien parte izan dela eta ETAk jarduera armatua utzi zezan bere alderdikoak konbentzitu zituela nabarmenduta. 1990ean, 2010ean eta 2017an Frantziako auzitegietan izandako zigorrak ere oroitarazi dituzte, azpimarratuta, negoziazio eta elkarrizketa saiakeretan parte hartzea leporatu izan diotela aldi oro. "Hala, gizon hau, berezitutako polizia zerbitzuen txostenek agerian uzten duten gisan, ez da sekula ekintza militarretan inplikatua izan, nahi ezta halakorik gehiegitan irakurri dezakegun zenbait hedabidetan". Negoziazio garaietan, besteak beste, Suitzako eta Norvegiako estatuen babes diplomatikoa izan zuela ere adierazi dute.

"Europa guziari dagokio"

Joan den ekainaren 19an Josu Urrutikoetxea aske uzteko Parisko Dei Auzitegiaren ebazpena gogora ekarrita, presondegitik atera aitzin DGSI Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiko agenteek atxilotu izana desleiala dela salatu dute hiru sinatzaileek. "Ekologistek irmoki salatzen dugu estatuaren esku hartzea, bere biziaren 35 urte Europako gatazka zaharrena konpontzeari eskaini dizkion gizonaren kontra". Haien ustez, Urrutikoetxearen kasuak, Euskal Herria, Frantzia eta Espainiari ez ezik, Europa guziari dagokio. "Edo Europak pentsatzen du nola osatu posibilitate egiazko bat herrialde batean, hizkuntza batean, kultura abegitsu batean hasieratik erroak izan eta atxikitzeko, modu libre eta independentean, betiere destino bereko komunitate handiagoen barnean, edo Europa azpian hartuko du itxikeria identitarioen amorruak."

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.