euskal presoak

Josu Urrutikoetxearen bi auziak gibelatzea erabaki du Parisko auzitegiak

2010eko afera urtarrilaren 6ra gibelatu dute, Kasazio Auzitegiak hartuko duen erabakiaren zain, eta 2017ko afera irailaren 12an epaituko dute.

Josu Urrutikoetxea, 2000ko abuztuan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko ekainaren 28a
09:34
Entzun

Auzi egutegi kargatua izanen du Josu Urrutikoetxeak hurrengo hilabeteetan. Gaur pasatzekoa zen Parisko Auzitegi Korrekzionalean, baina airean dituen prozedura ezberdinak gibelatzea erabaki du epaileak. 2010eko afera urtarrilaren 6ra gibelatu dute, Parisko Kasazio Auzitegiak hartuko duen erabakiaren zain. 2017ko afera irailaren 12an epaituko dute, baina soilik prozeduraren ikuspegitik. Azkenik, 2004-2007 arteko gizateriaren aurkako krimenagatik irekitako auzian Espainiak egindako euroagindu eskaera urriaren 16an aztertuko dute; horrez gain, uztailaren 10ean, beste bi Espainiaratze agindu jakinaraziko dizkiote.

Pasa den maiatzaren 16an atxilotu zuten ETAko kide historiko izandakoa Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian, ebakuntza bat egitera zihoala, eta presondegian sartu. Bi espetxe zigor ditu betetzeko Frantzian: Parisek 2010ean zazpi urteko zigorra ezarri zion, ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatuta; eta 2017an, zortzi urtekoa, 2011-2013 artean Osloko elkarrizketa mahaian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita. Urrutikoetxea bi epaiketetan ez zegoela ebatzi zenez, haiei uko eginez gero berriro epaitzeko aukera aitortzen dio Frantziako legeriak, eta hala egin zuen.

Joan den ekainaren 19an, Parisko Dei Auzitegiaren aitzinean pasatu zen 2010eko aferaren harira. Epaileak auzia lehen instantziara itzultzea eta Urrutikoetxea kontrol judizialpean aske uztea erabaki zuen, baina prokuradoreak erabakiei helegitea ezarri zien eta Parisko Kasazio Auzitegiaren esku dago orain dosierra. Oraingoz, auzia urtarrilaren 6ra gibelatzea erabakia dute, baina Kasazio Auzitegiak helegiteez erabaki bitartean ezingo dute afera epaitu —Kasazio Auzitegiak afera berriro Dei Auzitegira itzultzea erabaki lezake—. Gainera, hilaren 19an, aske ateratzear zela, Urrutikoetxea atzeman egin zuen DGSI Poliziak, Espainiaren atxilotze eskaera bat zela eta.

Gaurko auzi saioan Korrekzionalak 2017an ezarritako zigorra aztertzekoa zuten. Defentsa abokatuek prozedura akatsak agertu dituzte, eta, ondorioz, auzia irailaren 12ra gibelatzea erabaki dute prozedura akats horiez eztabaidatzeko —ez dira auziaren mamian sartuko—.

Espainiako Gobernuaren eskaera bat gaur

Frantzian dituen prozedurez gain, Espainian ere zigortu nahi dute Josu Urrutikoetxea. Oraingoz, hiru kasuren harira agertu dute Espainiaratzeko agindua eskatzeko asmoa, baina bakarra jakinarazi diote ETAko kide historikoari. Asteazkenean pasatu zen Parisko Dei Auzitegiko Instrukzio aretoko epailearen aitzinetik, eta honek, 2004-2007 artean gizateriaren kontrako krimenak leporatuta, Espainiako Estatuak eskatua duen euroagindua notifikatu zion. Urriaren 16an eginen diote horri dagokion auzia.
Bitartean, Urrutikoetxea behin behinean preso atxikitzeko erabakiari helegitea ezarriko diote bere abokatuek; hamabost eguneko epea izanen du epaileak helegitea aztertzeko.

Azkenik, uztailaren 10erako ere eman diote epailearen aitzinean hitzordua Urrutikoetxeari, Espainiaratzeko beste eskaera bat notifikatzeko. 1987ko Zaragozako kuarteleko atentatuagatik bere kontra irekia duten prozeduragatik izan liteke. Hain zuzen, Espainiako Gobernuak Frantziari estradizio eskaera ofiziala egin dio, Isabel Zelaa jarduneko bozeramaileak gaur Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan esan duenez. Dolores Delgado Justiziako jarduneko ministroak eraman du proposamena kontseilura, Auzitegi Nazionalaren eskaera jasota. Zelaaren arabera, orain dokumentazioa Espainiak Parisen duen lotura epaileari emango diote, honek Frantziako auzitegiei helarazi diezaien.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002ko azaroan Zaragozako ekintzagatik inputatu egin zuen Urrutikoetxea, garai hartan ETAko zuzendaritzako kidea zela jota eta atentatuarekin zerikusirik izan zezakeelakoan. Urrutikoetxea ez zen azaldu bi hitzorduetara, eta hura atzemateko nazioarteko agindua eman zuen Madrilek. 11 lagun hil zituen ETAk 1987ko atentatu hartan, Guardia Zibilaren kuartelaren aurka bonba-auto bat lehertuta.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.