Kalean harro jarraitzera dei egin du LGTBI komunitateak

Ehunka eta ehunka herritarrek martxak eta manifestazioak egin dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Duela 50 urte Stonewalleko istiluak gertatu eta mugimendua nola sortu zen gogoratu dute. Borrokan jarraitzera dei egin dute.

Bilboko manifestazioaren momentu bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko ekainaren 28a
09:32
Entzun

Aurrera egin ahal izateko, atzera begiratu dute, hastapenetara: LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko mobilizazioetan, lehen ekainaren 28 hura izan dute gogoan; bai Euskal Herrian eta bai mundu zabalean. Izan ere, gaur mende erdia bete da New Yorkeko (AEB) Stonewall Inn tabernan izandako istiluetatik.

«Duela 50 urte Poliziaren gehiegikerien aurka altxatu ginen. Gaur eta hemen, Poliziaren errepresioaren aurka irmo agertzen gara, memoria daukagulako eta gizarte eredu honek bazterrean uzten dituen beste kolektibo batzuekiko elkartasuna adierazteko», aldarrikatu dute gaur arratsaldean Bilbon, Bizkaiko E28 koordinakundeak deituta hiriburuko erdigunea zeharkatu duen manifestazioan.

Bilbo:

Bilboko manifestazioa

Mezu bera zabaldu dute Euskal Herriko beste hainbat hiri eta herritan egindako mobilizazioetan. Salatu dute egungo «sistema zapaltzailearen beso armatua» dela Polizia, «pertsona arrazalizatuak kriminalizatzen, kapitalaren etxegabetzeak babesten, jendea kale gorrian uzten eta errefuxiatuak deportatzen» dituelako.

Argi utzi dute ekainaren 28ko mobilizazioak antikapitalistak direla.«Sexu askapenerako borrokaren oinarria biziberritzen dute. Horregatik, helburu ekonomikoekin turismoa handitu eta gure auzoak gentrifikatuz hainbat erakundek egiten duten instrumentalizazioaren kontra dago E28 koordinakundea». Aparteko salaketa egin dute Bilbon joan den astean egindako Bilbo Bizkaia Harro jaiaren aurka.

Donostia:

LGTBI kolektiboko kide askok agertu dute kezka hori, baita Euskal Herritik kanpo ere. Stonewallen ere gaur izan dute gogoan urteurrena, eta ekainaren 28ari dagokion urteroko martxa egin dute New York hirian. Baina ez da mobilizazio bakarra izango: biharko beste bat dago antolatuta, alternatiboa. 1970eko lehen martxa hark egin zuen ibilbide bera osatuko dute.

Ann Northrop kolektiboko militantea da antolatzaileetako bat: «New Yorken eta munduko beste hainbat hiritan LGTBI harrotasunaren martxekin gertatzen ari dena tragedia hutsa da, erro politiko guztia galdu dutelako. Komunitateak parte hartzen zuen, eta poza eta aldarrikapena nahasten zituzten martxak ziren, eta enpresek sustatutako karrozen desfile bihurtu dira».

Iruñea:

Mezu berari heldu dio Euskal Herriko mugimendu feministak. Gaurko egunaren harira egindako oharrean azpimarratu du ekainaren 28a aldarrikapen eta borroka eguna dela: «Hainbat eremu politiko eta ekonomikotatik egiten den LGTBI+ kolektiboaren merkantilizazioaren eta despolitizazioaren aurka gaude». Alde horretatik, sexualitatearen dimentsio politikoa aldarrikatu dute, «pertsonala politikoa delako, eta, hortaz, harreman sexu-afektiboak gai politikoak direlako».

«Patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua» ezbaian jartzen dituztenak gero eta gehiago direla ohartarazi du mugimendu feministak. Aitortu dute horren ondorioz erasoak jasaten dituztela. Hala ere, zehaztu dute erasoak ezberdinak direla gizarte klasearen, arrazaren, adinaren edo prekaritate mailaren arabera.

Iruñea:

Aliantzaren beharra

Northropek ohartarazi du oraindik lorpen asko falta dituela kolektiboak. Adibidez, gogoratu du 70 estatutan homosexualitatea legez kanpokoa dela. Beste kasu batzuetan atzerapausoak eman direla esan du, eta AEBetako Donald Trump presidentearen erabakiak salatu ditu, eta hil hasieran Londresen bi lesbianak izandako erasoa ere gogoratu du.

Mugimendu feministak ohartarazi du Euskal Herrian ere badirela erasoak; bereziki, lesbiana eta transen aurka. Euskal Herriko azken eraso LGTBIfoboa Sestaoko (Bizkaia) gizon batek salatu du; joan den zapatuan gertatu zen. E28 koordinakundearen arabera, horri kontra egiteko bidea gizarte mugimenduen arteko zaintza sarea indartzea da. «Hain handia den etsaiaren aurrean, aliantza indartsu, kritiko eta intersekzional baten beharra daukagu».

Gasteiz:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.