Pilota

Emakume Pilotarien Elkartea sortu dute, emakumeen pilota "duinagoa eta justuagoa" lortzeko

Elkarteak 80 emakumezko pilotari federatu biltzen ditu. Oraingoz, esku pilotan eta paletan aritzen diren pilotariak elkartu dira.

Emakume Pilotarien Elkartearen aurkezpen ekitaldia. IMANOL MAGRO EIZMENDI, @IMAGRETO
2019ko ekainaren 29a
08:18
Entzun

Emakume Pilotarien Elkartea aurkeztu dute gaur, pilotaren munduan berdintasuna bultzatu eta "jarduera profesional batera" jauzi egiteko. Aurkezpenean adierazi dutenez, emakumeen eskuzko pilotak "hazkunde nabarmena" izan du eta "arrakasta lortzen ari da gizartean", baina gorakada hori ez da pilotarien jardunerako baldintzetan islatu.

"Emakume pilotariok kantxetan protagonistak izan arren, ikuskizunaren parte baino ez gara, jokoan soilik oinarritzen da gure jarduna. Gehienetan, ez dugu irabazi ekonomikorik jasotzen, nahiz eta txapelketa batzuetan diru-sarrerak egon", adierazi dute. Egoera horren aurrean, "emakumeen pilota egituratzeko" eta emakumeen pilota "duinago eta justuago bat" lortzeko, elkartea sortzea erabaki dute. "Guk izan nahi dugu gure etorkizunaren jabe, eta emakumeen pilotari orain arte eman ez zaion bultzada ematea da gure helburua".

Bestalde, elkarteko kideek azaldu dute paletako jokamoldeek ez dutela emakumeen esku pilotaren adinako hazkunderik izan, nahiz eta jokamolde horietako pilotariak "munduko hoberenetakoak" izan.

Elkarteak jakinarazi du bere helburuak gauzatzeko, hitzarmenak adosten ahaleginduko dela emakumeen pilota sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.