Euskarabentura
Euskara motxilan sartu, eta Euskal Herria ezagutzera
Abiatu da Euskaraldia Mauletik. Hilabete iraungo du eta Getxon amaituko da hilaren 31n. Ane Insausti kazetariak emango du bidaiaren berri BERRIAko blogean.

Martxan da espedizioa. Aurkezpen ekitaldia egin berri, proiektuaren sorreraren xehetasunak azaldu eta hilabeteko funtzionamendua nolakoa izango den adierazi dute antolatzaileek. Maule izan da abiapuntua. Michel Etxebest Mauleko alkateak ongietorria egin diete, eta espedizioa bertatik abiatzea "ohorea" dela adierazi du.
Hiru alditan zeharkatuko du Euskarabenturak Euskal Herria, gaurtik hilaren 31 bitartean. Euskara zabaldu eta euskal kultura eta historia ezagutzea izango dute helburu bertan parte hartuko duten gazteek, eta haien artean izango da Ane Insausti BERRIAko kazetaria ere. Bidaiaren nondik-norakoak jarraitu ahal izango dira Insaustiren blogean ez ezik, BERRIAren Instagrameko kontuan eta Insaustiren Twitter kontuan.
Espedizioaren bigarren urte honetan, 16 eta 17 urte bitarteko 121 gazte euskaldunek zeharkatuko dute Euskal Herria. Getxora, guztira 798 kilometroko ibilbidea osatuko dute gazte zein xerpek. Horietatik 483 kilometro oinez egingo dituzte.
Bidaiariek xerpa taldea izango dute bidelagun: hezitzaileak (xerpak), medikuak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kameralaria, bideogilea, kazetariak… Jon Zarate xerpa taldeko arduradunak ekainaren amaieran aurreratu duenez, ordurako lotuta zituzten lo lekuak eta bisitak. Berrikuntza gisa, aurten aplikazio bat izango du espedizioak: EuskarAbentura. Helburua da bidaiaren zuzeneko jarraipena egitea.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.