Akordio nuklearra

Iranek gainditu egin du itun nuklearreko uranioaren biltegiratze muga

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak baieztatu du Teheranek 2015eko akordioa urratu duela.

Irango zentral nuklear bat. EFE
Berria
2019ko uztailaren 1a
07:17
Entzun

Irango Energia Atomikoaren Agentziak duela bi aste ohartarazi zuen Teheranek gainditu egingo zuela 2015eko akordio nuklearrean finkaturiko uranio aberastuaren biltegiratze muga —300 kilogramokoa—, eta uztailaren 7tik aurrera uranioa %20 aberasten hasteko aukera izango duela, nahiz eta itunean %3,67ko muga adostu zuten. Iranek gaur jakinarazi du 300 kilogramoko biltegiratzea gainditu duela, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) sinesgarritasuna eman dio albisteari.

Akordioaren Europako sinatzaileak iragan astean batzartu ziren Iranekin, hark akordioa errespetatzen jarrai dezan konbentzitzeko. Bileratik ateratzean, ordea, Irango Atzerri ministrorde Abbas Araghchik adierazi zuen progresiboki akordioa urratzen jarraituko zutela: "Ez dut uste gaurko [iragan ostiraleko] garapena nahikoa izango denik prozesua gelditzeko, baina erabaki hori Teheranen hartuko dute". Halere, astebete dute oraindik, Irango presidente Hassan Rohanik uztailaren 7ra arteko epea ezarri baitzien gainontzeko sinatzaileei.

Iranen erabakiaren atzean dago Ameriketako Estatu Batuen (AEB) duela urtebeteko erabakia. Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi zuen herrialdea akordio nuklearretik aterako zuela, eta Irani zigor ekonomikoak berrezarriko zizkiola, batez ere petrolioaren industriari; Hassan Rohan Irango presidenteak orduan erantzun zuen hitzarmenean jarraituko zutela beren interesak bermatuz gero.

Egoera horren aurrean, Europako sinatzaileek Instex ordainketa sistema jarri zuten mahai gainean: Iranekin salerosian aritzeko mekanismo bat da, Europako Batasunak proposatua, hein batean bada ere AEBen zigorrak saihesteko balioko lukeena. Irango Atzerri ministrordeak baldintzak jarri zizkion: "Instex Iranentzat erabilgarria izan dadin, europarrek petrolioa erosi behar dute edo finantzaketa lerroak zabaltzeko aukera kontuan hartzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.