Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ere ez du aintzat hartu Mondragonen kontrako demanda kolektiboa

Preskripzioa berretsi eta harago joan da Probintzia Auzitegia, auziaren mamian sartuz; Ordainduk eta Eskuratuk leporatutako engainurik ez zela egon ebatzi eta absolbitu egin du Mondragon.

Ordainduko eta Eskuratuko kideak, iazko maiatzean, Bergaran izandako epaiketan. XABIER MARTIN
Irune Lasa.
2019ko uztailaren 2a
07:17
Entzun

Ordainduk eta Eskuratuk galdu egin dute oraingoan ere. Joan den urteko uztailean Bergarako Lehen epaitegiak baztertu egin zuen Fagor Etxetresnak kooperatibako eta Edesako langile ohiek aurkeztutako demanda, preskribatuta zegoelako. Auziaren aurkezleek epai haren aurka helegitea aurkeztu zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, eta gaur jakinarazitako epaian azken horrek  Mondragonek auzian erantzukizunik ez duela ebatzi du.

Oraingo epaian, hori bai, Probintzia Auzitegia auziaren funtsean sartu da; preskripzioa berretsi egin du, baina harago ere joan da eta Mondragon absolbitu egin du Ordainduk eta Eskuratuk leporatutako ekintza guztietatik. Epaiaren arabera, "demandatzaileek bazuten aurretiaz kooperatibaren finantza egoeraren berri" eta .

Ordaindu eta Eskuratu elkarteetan bildutako Fagor Etxetresnak kooperatibako langile ohiek —900 kidetik gora— 47 milioi euro eskatu zizkioten Mondragoni, 2015. urteko azaroan aurkeztutako demandan. Haien arabera, Mondragonek "engainatu" egin zituen: jakitun zen bai Fagor Etxetresnak bai Edesa Industrial itxi egingo zirela, baina "informazio engainagarriekin", bazkideak euren ekarpenei eustera bultzatu zituen, eta, ondorioz, kooperatibak hondoa jo zuenean, ekarpen horietan utzitako aurrezkiak galdu egin zituzten.

Horrela jokatu zuela ukatu egin du beti Mondragonek. Eta Probintzia Auzitegiak ere ebatzi du ez zela engainurik egon. Gaur jakinarazitako epaiari buruz, Arrasateko taldeak azpimarratu du Mondragonek "hasieratik defenditu dituen argudioak berretsi " dituela Probintzia Auzitegiak, "horien artean "Mondragonek ez zituela auzi jartzaileak engainatu, kooperatibak autonomoak eta burujabeak direla, eta, beraz, horien etorkizunari buruzko erabakien erantzukizuna soilik eurena dela, eta ezin dela beste ezein instantziatan delegatu".

Arrasateko taldearen arabera, epaiak azpimarratu egiten du "Mondragoneko kooperatibek Fagor Etxetresnak taldeari eta Edesari laguntzeko garatutako elkartasunezko esfortzua".

Salatzaileak, "suminduta"

Gipuzkoako Auzitegiaren epaia "suminduta" jaso dute Ordainduk eta Eskuratuk, haien iritziz,  "kontraesan handiak" dituelako. Ziurtatu dute epaileek ez dutela "batere sentsibilitaterik erakutsi adineko pertsonen talde batekiko", eta berriro nabarmendu dute zein den beren salaketa: "Mondragon Korporazioak borondatezko ekarpenaren luzapena eta hartzekodun konkurtsoa antolatu zituen, enpresen aktibo nagusiak Arrasateko taldearen esku gera zitezen".

"Bizia eman genuen Mondragon Korporazioaren alde, eta orain bazterrean utzi gaituzte", salatu dute. Epaiak "zalantzan jarri ezin daitekeen egia" alde batera utzi du, hau da, "engainatu" zituztela beren aurrezkiak Fagorren eta Edesan uzteko, "zuzendaritzako kideek beren inbertsioak oztoporik gabe ateratzen zituztela".

Hurrengo egunotan batzarrak egingo dituzte Ordainduko eta Eskuratuko bazkideek, eta hor erabakiko dute Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarriko ote duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.