Albertia eguna 2019. 49 urte Oroimen Historikoa ahanzturatik berreskuratzen

Antxon Gomez Lorente eta Alberto Muñoz Zufia (Eusko Lurra Fundazioko kideak)
2019ko uztailaren 5a
21:37
Entzun

Duela jada 49 urte, egun Estatuak legez kanpo jarritako EAE-ANV alderdi historikoaren militanteen talde txiki batek, klandestinitate betean, Albertia Eguna ospatzen hasi zen. Orduan, egun Oroimen Historikoa deitzen duguna ez zen existitzen. Are gutxiago hurrengo urtetan, post-frankismoaren Erreforma politikoaren urtetan. Sasoi haietan alderdi nagusiek "elkar adiskidetze” eta “Trantsizio demokratikoaren” izenean  Frankismoaren Gizateriaren aurkako krimenak eta hamarkadetako estatu terrorismoa ahaztu zituzten. Are gehiago, gizarteari ahantzarazi zizkioten euren interes politikoen izenean, Frankismoak erabat baldintzatutako ordena berrian beraiek leku bat eduki ahal izateko. Justizia eskatzen jarraituz eta inpunitate eta ahanztura irentsi ez zituztenak “bakearen etsaiak” eta “iluminatu politiko erradikalak” izendatu zituzten. Frankismoaren aparatu guztiak, armada, polizia, judikatura, hedabideak, politikari faxistak, … demokraziaren zaintzaileak bilakatu ziren. Soilik ezker abertzaleko borrokak mantendu zuen hainbat hamarkadetan Euskal Herrian Frankismoaren zigorgabetasunaren  kontrako bandera zutik.
Albertia Egunean, gatazka hartan hilak edo zaurituak suertatu ziren EAE-ANVko ehunka gudarien oroimena gorde da, baita haien kontra frankistek burututako zenbait bidegabekeri eta gerra krimenak. Baina aldi berean haien borrokaren zentzu eta zergatia gogoratu dira urtero. Haien ideologia eta helburu politikoak. Euskal Herriko errepublika batu, burujabe eta sozialista bat. Europako, munduko zein iberiar herriekin senidetuta, alderdiak gerra hasi baino hilabete pare bat lehenago onartutako programa politikoan ondo zehaztuta.
Aurten ere gogora ekarri nahi izan dugu EAE-ANVko militanteen parte hartze garrantzitsua Frantzian Nazien kontra borrokatu zuen Gernika Batailoia. Bereziki Kepa Ordokiren irudia. Batailoiko komandantea eta EAE-ANVko militantea, nahiz eta batzuek azken hau etengabe ezkutatzen edo gutxiesten saiatu diren. Antza Ordokiren militantzia ezkertiar eta abertzalea ez erosoa egiten zaielako. Horretan nagusi, esate baterako, EAJ-PNVren bultzadaz Batailoiaren inguruan bururatutako hainbat ekimen, EITB-k diru publikoarekin ordaindutako erreportaje berezia barne.
Zeren eta deigarria izan arren, gaur egun Oroimen Historikoa Frankismoaren zigorgabetasuna ezarri zuten alderdien propaganda politikorako tresna bilakatu da neurri handi batean. 1977ko frankisten krimenentzako amnistiaren legea onartu zuten PSOE eta EAJ-PNVk Oroimen Historikoaren ekitaldi instituzionaletan nagusi agertzen dira. Erabat mezu nahasiak botaz eta, kasu askotan, duela gutxi Artxandako bataila oroitzeko ekitaldian bezala, hainbat talderen arteko Oroimen Historikoaren ekitaldirekin zer ikusirik ez zeuzkaten mezu alderdikoiak botatzeko plataforma gisa.
Frankismoaren zigorgabetasunaren oinarria eta, beraz, Genozidio frankistaren eta estatu terrorismoaren biktimek Egia, Justizia, Erreparazio eta Berriro ez Gertatzeko Bermeak ez izateko arduradunak beraiek dira. Legeak aldatzeko Espainiako Parlamentuan gehiengo bat izanik, “Amai puntu lege” (Ley de punto final) guztiak mantentzen dituztelako.
Apala izan arren, beharrezkoak dira Albertia Eguna bezalako ekitaldiak Oroimen Historikoa batzuek sartu duten nahasmendu eta itxurakeri putzuan argi izpi batzuk botatzeko. Komunikabide nagusien boikota ziur dugu, gure mezua erosoa ez delako, baina hainbat lagunek berriro zutituko dugu hildako EAE-ANVko ehunka gudari eta militanteen ideien bandera.
Eusko Lurra Fundazioak antolatutako ekitaldi apal hau, ezker abertzaleko ehunka militante erori ziren Albertia Mendiko tontor eta magalean, Oroimen Historikoa haien ideien aldeko borroka tresna bezala aldarrikatuko du.
Albertiako tontorrean ikusiko gara hurrengo uztailak 7an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.