Psikiatriari so egiteko leiho bat

Donibane Garaziko Psikologia Medikuntza Zentroan sartu dira Ipar Euskal Herriko Hitza eta Euskal Irratiak. Erizain eta pazienteek ateak ireki dituzte eritasun desberdinak dituztenen lekukotasunak emateko, eguneroko artak esplikatzeko eta ahalen eskasia salatzeko.

2019ko uztailaren 7a
10:39
Entzun

Ez dira beti ezagunak, baina lurralde gehienetan badira Psikologia Medikuntza Zentroak, bat izan behar baita 70.000 biztanlerentzat. Hazparnen, Kanbon, Maulen, Donapaleun, Biarritzen, Donibane Lohizunen, Angelun eta Baionan ere badira. Donibane Garazikoa Baionako ospitaleko psikiatria sailaren lekuko adarra da, besteak bezala funtsean. Laguntza beharra dutenak, depresioak jo dituenak, eskizofrenia, bipolaritatea… eritasun psikiatriko edo psikologiko desberdinak dituzten pertsonei irekia da merkatu estalitik hurbil den etxea.

Erizainek, medikuek, psikiatrak, psikologoak eta laguntzaile sozialak osatzen dute medikuntza taldea. Izan mediku batek igorriak ala beren baitarik agertzen direnak, hurbileko zerbitzu baten bila sartzen dira pazienteak. Elkarrizketak, mediku kontsultak edo psikologoarekin hitzorduak eskaintzen zaizkie hor, Baionara joateko beharrik gabe. Beren etxeetan ere segituak dira batzuk, nahiz eta erizain gehiago behar litzatekeen zerbitzu horri indar gehiago emateko. 2018an 255 pertsona pasatu ziren zentrotik, horietarik batzuk epe luzean segituak direnak, beste batzuk behin baizik ez direnak agertu.

Ahal dena, ahal gutxirekin

Harrera goxoa da sartzean, ospitale girotik zinez desberdina. Bulegoan lau erizainak aldizkatzen dira beti norbait izan dadin atea irekitzen duenarentzat. Entzuteko, laguntzeko. Begi bistakoa da halere, beste osasun guneetan ez bezala, dena eskuz izkribatzen dutela, dosierrak oro paperean eta hitzorduak paperezko agenda handi batean. Antton Moustirats erizainaren ustez, gisa horretako zentro batek ez du material anitzen beharrik, baina “Bellevue bezalako ospitaleetan material zaharkitua dute, eta han sentitzen da sos eskasa”. Psikiatrikoa “azken putza” da, bere erranetan, dirua partekatzerakoan: “Baionan, Psikiatrikoa eta Somatikoa badira, eta, somatikoak sosa eskas badu, joanen da psikiatrikoari lapurtzera. Horretan gaude”.

Donibane Garaziko zentroak Donapaleuko sektorea ere bere gain hartzen du azken lau urteetan. “Alta, taldea ez da anitz handitu”, sektore horri egokitzeko, Cathy Salagoiti erizainak dionaz. Ondorioa: batzuetan, beharrei ihardesteko epeak luzeago direla. Materialki ez izanagatik, pazienteekin harremanak ziurtatzeko langile gehiagoren beharra badela argi dute erizainek.

Dituzten ahalak ez dira beharren heinekoak, baina zentroan laguntza jaso duten pertsona batzuen lekukotasunek agerian uzten dute ezinbesteko lana dela. Hitza-k eta Euskal Irratiek elkarlanean laster argitaratuko duten Barnetik ikus-entzunezkoan, bipolaritatea duen lekuko anonimo batek hala dio: “Jakin behar da eritasun psikiatriko batekin, tratamendu on bat baldin baduzu, zure bizia ontsa pasatzen ahal duzula. (…) Beste eritasun bat bezala da”. Esker ona adierazten die ondotik zentroan laguntzaile ukan dituen langileei, “zeren eta hitzak atzeman dituzte bide zuzenean berriz ezartzeko eta anitz lagundu naute azken urte horietan”.

Taldean aitzinatzen

Pazienteak banaka segitzea da zentroaren lanaren parte bat: entzunez, mintzatuz eta tratamenduak egokituz. Beste partea taldeko lana da; partaide desberdinekin duten elkarlanak zahar etxe eta zerbitzu sozialekin lan egitera eramaten ditu, besteak beste, erizainak.

Baina pazienteak ere, beren artean, elkar laguntzen dira. Ostiralez sukalde tailerra egiten dute, eta astelehenez pala tailerra, adibidez. Nahiz eta hor ere ahal ekonomikoen eraginez tailer batzuk kendu behar izan dituzten, gogotik parte hartzen dute: “Bakoitzak badu bere istorioa, bere patologia, baina ez dugu kontatzen”. Pala tailerrean lekukotasun anonimoa eman nahi izan duen gizonarentzat “zinez ona da jarduera fisiko hori ukaitea”, bestela ez lukeelako kirola egiteko paradarik. Beste batentzat “etxetik ateratzeko aitzakia” da, sinpleki. Denek onartzen dute, halere, talde giroa tailerrera mugatzen dela, ez direla hortik kanpo elkartzen.

Ostiraleko tailerrean, berriz, zentroko sukaldea txiki bilakatzen da. Bat amuarraina garbitzen, bestea lur sagarrak zuritzen… eta lekua doi-doi denentzat. Kanboko zentrotik hurbildu parte hartzaileak badira, beste lekuetatik noizean behin jiten diren bezala. Hor ere agerikoak dira patologia desberdinak: badira sukaldean trebe direnak, taigabe mintzo direnak eta ogia erostera joateko beren baitan energia handia xerkatzen dutenak. Elkarrekin ari dira, bakoitzaren erritmoari egokituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.