Munduko Kopa

Rapinoe haserre agertu da FIFArekin

Kritiko agertu da Munduko Koparen finala jokatu den egun berean beste bi final jokatu direlako: gizonezkoen Amerikako Koparena eta Urrezko Koparena. Jokalariaren esanetan, ez da behar bezala zaindu emakumezko futbolaren txapelketarik garrantzitsuena.

2019ko uztailaren 8a
15:54
Entzun

Megan Rapinoe AEBetako jokalariak pozerako motibo asko ditu, Munduko Kopako finala irabazi ostean. Baina baita kezkarako arrazoiak ere. Munduko txapeldun izendatu berri, haserre agertu da FIFArekin. Rapinoek salatu du antolatzaileek ez dutela behar bezala zaindu emakumezkoen futbolaren egunik garrantzitsuena. Jokalari estatubatuarrak nabarmendu du beste bi futbol txepelketetako finalak jokatu direla egun berean. "Emakumeen Munduko Kopa benetan axola bazaizu, antolatuko al zenituzke hiru final egun berean? Ez", adierazi du finala irabazi osteko prentsaurrekoan. "Hau Munduko Kopako finala da. Gainontzeko guztia bertan behera uzteko eguna da".

AEBek eta Herbehereak Munduko Kopako finala jokatu zuten, atzo, elkarren kontra. Egun berean, gizonezkoen Amerikako Kopako finala jokatu zuten Brasilek eta Peruk, eta gizonezkoen Urrezko Koparena Mexikok eta AEBek. Rapinoek arreta handiagoa galdegin du emakumeen futbolarentzako. "Emakumezkoen futbolean izan ditzakegun bururik argienak behar ditugu, hura egunero hazten laguntzeko".

Jokalariak adierazi du ez dakiela nola gertatu den egun berean hiru final jokatzea. "Nonbait entzun dut ez dutela horretan pentsatu. Horixe da arazoa".

Trumpekin eztabaida

AEBek laugarrenez irabazi dute Munduko Kopa, Herbehereei 2-0 irabazita. Orain, ikusteko dago taldeak nola ospatuko duen. Izan ere, Rapinoek esana du Donald Trump AEBetako presidenteak Etxe Zurira gonbidatzen baditu, bera ez dela joango. Rapinoe aspalditik ari da LGTBI kolektiboaren eskubideak aldarrikatzen, eta Trump arlo horretan egiten ari den politika salatzen. "Arrazista, homofoboa, gaiztoa, zekena eta misoginoa da", adierazi zuen. AEBetan gizon eta emakume futbolarien artean dagoen soldata arrakalaren aurka ozenen mintzatu diren futbolarietako bat ere bada.

Rapinoek  ez du AEBetako ereserkia abesten partiden aurretik, eta ez du eskua bihotzean jartzen taldekideen gisara. Hori eginez, AEBetan bazterkeria eta jazarpena jasaten duten kolektiboen egoera azalarazi nahi du, Colin Kaepernick futbol amerikarreko jokalaria 2016an egiten hasi zen moduan. Trumpi ez zitzaion keinua oharkabean pasa. "Keinu hori errespetu falta bat da gure herrialdearentzat. Harro egon beharko zenuke ordezkatzen duzun banderaz. Gainera, harrera egiteko, irabazi egin beharko duzue lehenbizi", zuzendu zitzaion Rapinoeri.

Selekzioko bi kidek babesa azaldu diote publikoki Rapinoeri: Ali Kriegerrek eta Alex Morganek. Kriegerrek mezu garbia idatzi zuen Twitterren bertan, Trumpi zuzenduta. "Badakit ez dituzula gustuko kontrolatu ezin ditzakezun emakumeak, baina ni Rapinoerekin nago".

Munduko txapeldunak Etxe Zurira gonbidatuko dituen ala ez erabaki beharko du orain Trumpek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.