Katalunia

Trapero datorren urtean epaituko dute Auzitegi Nazionalean, matxinadagatik

2020ko urtarrilaren 20an hasi, eta martxoaren 19an amaituko da mossoen buruzagi ohiaren eta beste hiru goi kargudunen aurkako ahozko saioa. Guardia Zibilak Generalitatea miatu du U-1aren harira.

Trapero, iragan martxoan, Espainiako Auzitegi Gorenera iristen. EFE
2019ko uztailaren 9a
10:14
Entzun

Josep Lluis Trapero mossoen buruzagi ohiaren aurkako epaiketa 2020ko urtarrilaren 20an hasiko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatu du Traperorentzat, Pere Soler mossoen zuzendari ohiarentzat eta Cesar Puig Barne Kontseilaritzako idazkari nagusi ohiarentzat.

Teresa Laplana mossoen intendente ohia ere epaituko dute, haren kasuan sedizioagatik. Fiskaltzak lau urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat.

Traperori, Solerri eta Puigi matxinada delitua egotzi diete 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma "ahalbidetzeagatik", eta urte horretako irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren aurreako "setioa ez gelditzeagatik".

Lau akusatu horien aurkako epaiketaren dataren berri eman duten egun berean, Guardia Zibila Kataluniako Gobernuaren hainbat eraikinetan izan da berriz ere; Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko Alejandra Gil Lima epaileak aginduta egin dituzte guardia zibilek miaketak. Fiskaltzak informazio gehiago eskuratzeko egindako eskaera onartu zuen epaileak joan den ekainaren 23ko autoan. Lima Gil 2017ko urriaren 1eko erreferendumerako prestakuntzak ikertzen ari da.

Generalitatera ez ezik, Lan Kontseilaritzara, Atzerri Gaietarako Kontseilaritzara, Presidentetzara eta kabinete juridikora ere sartu dira urriaren 1arekin zerikusia izan dezaketen dokumentazio eta kontratazioen bila. Ekainaren 23an emandako autoan, Lima Gil epaileak ikertu gisara deklaratzera deitu zituen uztailaren 19rako kontseilaritza horietako hainbat ordezkari.

Guardia zibilen miaketek bat egin dute Kataluniako Gobernuak astero Generalitatean egiten duen bilerarekin.

Auzibidea 30 lagunen aurka

Bartzelonako 13. epaitegiak auzibide bat hasi zuen martxoan Kataluniako 30 pertsonaren aurka —goi kargudun publikoak gehienak—, 2017ko erreferenduma antolatzen parte hartu zutela eta hori delitua dela iritzita. Bost delitu egotzi zizkien —desobedientzia, prebarikazioa, funtsak bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta sekretuak jakinaraztea—. Fiskaltzak, ordea, martxoko eskaerei beste bat gehitu zien maiatzean: «talde kriminala» osatzea.

Delitu hori egotzi zien 30 auzipetuetatik 27ri. Horien artean daude Vicent Sanchis TV3 Kataluniako telebista publikoko zuzendaria, Saul Gordillo Catalunya Radio irrati publikokoa, Alberto Royo Diplocat Generalitatearen zerbitzu diplomatikoaren burua zena eta Amadeu Altafaj Generalitateak Europako Batasunerako zuen arduraduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.