Zinema

Woody Allen: "Ez dio axola gertatzen denak. Beti zentratzen naiz nire lanean"

Zinemagile estatubatuarrak bihar hasiko du bere lan berriaren errodajea Donostian. Zinemaldian girotutako komedia erromantiko bat izango dela baino ez du aurreratu, aktore taldearekin egindako aurkezpenean. Bere aurka haren alaba adoptatuak eginiko sexu abusuen salaketen auzia presente egon da agerraldian. 

Woody Allen, film berriko aktore taldea eta ekoizlea ez ezik, Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria alboan dituela, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko uztailaren 9a
07:45
Entzun

Bihartik aurrera, Donostian bere lan berria grabatzeko lanetan murgilduko da Woody Allen zinemagile estatubatuarra. Eta proiektuaren inguruko hainbat xehetasun eman ditu, gutxi izan badira ere, aktore taldearekin batera Kursaalean egin duen agerraldian. Donostiako Zinemaldian girotutako komedia erromantiko bat izango dela aurreratu du. "AEBetatik Donostiako jaialdira iritsitako hainbat pertsonaren inguruko istorio bat da, zeinetan gertakariek oihartzun komikoak izango dituzten beren bizitzetan, ezkon-harremanean eta bertan topatzen dituzten pertsonengan". Nahiz eta filmak oraindik ez duen izenburu zehatzik, Rifkin's Festival izena jarri dio, oraingoz, proiektuari, pertsonaietako bati erreferentzia egingo liokeena. Eta harekin Donostiaren bere ikuspegia eman nahi duela gehitu du, aurretik New York hiriarekin egin zuen moduan. Hortik aurrera, zuzendariak ez du argumentuari buruzko azalpen gehiagorik eman, ez eta aktoreek jokatuko dituzten pertsonaien ingurukorik ere. Sergi Lopez, Gina Gershon, Elena Anaya eta Wally Shawn aktoreak izan ditu alboan Allenek agerraldian, baita Jaume Roures The Mediapro Studio ekoiztetxeko arduraduna ere.

Allenek hirian piztutako ikusminaren lekuko izan da agerraldian bildutako argazkilari eta kazetari kopurua. Bere ohiko kapelaren azpian agertu da 83 urteko zinemagilea, proiektuko lantaldea lagun, Kursaaleko eskailera nagusietan argazkiak ateratzeko hitzordura. Mahaiaren bueltan eseri orduko, eta proiektuaren inguruko azalpen labur batzuen ondotik, haren aurka Dylan Farrow alaba adoptatuak eginiko sexu abusu salaketei eta MeToo mugimenduari erreferentzia egiten zion lehen galdera heldu zaio, eta ez da izan gai beraren inguruan jaso duen bakarra; auzia agerraldi osoan egon da presente. Allenek ez du galderarik saihestu, baina ez dio gaiari zuzenean heldu ere. Auzi horren harira azkenaldian AEBetan jasaten ari den “boikota” ikusita ez ote duen erretiroa hartzean pentsatu galderari ezezkoarekin erantzun dio. "Ez dut erretiroan pentsatu, inoiz ez dut erretiroan pentsatzen. Nire filosofia beti izan da ez diola axola zer gertatzen den. Nire lanean zentratu izan naiz beti, eta horretan jartzen ditut nire indar guztiak, asteko zazpi egunetan. Ez dut mugimendu politiko edo sozialetan pentsatzen, ez nago gatazka horien ikuspegi sakon bat izateko mentalki hornituta. Ez, ez naiz erretiratuko; ziurrenik film baten muntaketa prozesuan hilko naiz, edo errodaje batean".

Lantaldeko aktoreen hitzetan, "zorte handia" nahiz "amets bat betetzea" da Allenekin lan egiteko aukera izatea. Zein pertsonaia jokatuko zuen jakin aurretik ere baiezkoa emateko zalantza gutxi izan zituela azaldu du Sergi Lopezek, eta Allen “jenio bat” dela iritzi dio Elena Anayak. Bere aktore ibilbidea Allenekin hasi zuela ekarri du gogora Wally Shawnek, eta film berriaren gidoi “ederra” nabarmendu du Gershonek.

Filmaketa lanak Donostian hasiko ditu zuzendariak, bihar, baina Gipuzkoako beste hainbat lekutan ere egingo ditu grabazioak, besteak beste, Zumaian eta Pasaian. Errodajeak abuztuaren 20ra bitarte iraungo duela aurreikusten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.