Turismoa

Euskal Elkargoko Turismo Bulegoak turismoa "denboran eta espazioan hedatzea" du xede

Joan den urrian, Elkargoari lotu zitzaizkion 19 turismo bulego, elkarrekin aritzeko nahiarekin. Sasoiaren hasiera dela eta, dispositibo berriak abiatu dituzte "turismo arduratsu" baten alde.

Turista talde bat, Basque Bondissant konpainiaren autobus batetik jaisten, Lapurdin. NORA ARBELBIDE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko uztailaren 10a
12:31
Entzun

Egitura aldaketa egin dute Ipar Euskal Herriko turismo bulegoek. 2018ko urrian bateratu ziren Ipar Euskal Herriko hainbat bulego, eta Elkargoaren besapean kokatu dute egitura berria. Kostaldeko herriez gain, Maule (Zuberoa), Atharratze (Zuberoa), Baigorri (Nafarroa Beherea) eta Hazparne ere (Lapurdi) sartu dira proiektuan. Daniel Olzomendi Elkargoko turismo kontseilariak adierazi duenez, "turismo iraunkor" baten apustua egin dute, eta helburua da turismoa "urte osoan eta geografikoki" banatzea.

Helburu horretara iristeko, lehen egitasmo bat plantan ezarri dute: Euskal Pass izenekoa. Zenbait aukera emango ditu horrek. "Asteburuko formula" erosten dutenek, bi egunez nahi adina toki bisitatzen ahalko dituzte; 17 euro ordaindu beharko du pertsona bakoitzak, eta 6-13 urte bitarteko haurrek, 12 euro. "Egonaldiko formulak", berriz, 27 euroko kostua du helduentzat, eta 18 eurokoa haurrentzat. Hamalau eguneko balioa du, tarte horretan hiru egunez –jarraian ala ez– erabiltzeko. Txartel hori ordaindu, eta Ipar Euskal Herriko hainbat toki bisitatzen ahalko dituzte turistek. Nicolas Martin Euskal Elkargoko Turismo Bulegoaren zuzendariaren arabera, "familia batek bi toki bisitatzea aski du txartela kitatzeko". Haien xedea da barnealdean diren tokiak "bisitariei zabaltzea eta Ipar Euskal Herria Ezpeletatik harat joaten dela erakustea". Webgune bat ere eratu dute: bertan, Ipar Euskal Herriko hainbat herri bisita daitezke argazkien eta 360 graduko bistaren bidez.

Bestalde, Euskal Monetarekin hitzarmen bat adostu dute. Dante Edme Sanjurjo Euskal Monetako lehendakariaren ustez, horrek "Euskal Herritik pasatzen direnek ere tokiko ekonomian parte hartzea ahalbidetuko" du. Bi eskaintza mota izanen dira; lehenik, 20 euroren trukean, 18 eusko jasoko ditu erabiltzaileak –bi euro behar dira kide izateko–, eta, bigarrenik, 48 euskoz osaturiko gutuna jasoko du erabiltzaileak, 50 euroren truk. "Ekonomia lokala sustatzeko, geure burua turismoan kokatzea inportantea da", Edme Sanjurjok nabarmendu duenez. Partaidetzan dauden turismo bulegoetan izango dira eskuragai euskoak.

Ohartarazi dute turismoa Ipar Euskal Herriko enpleguaren %10 dela –nahiz eta horietako lan asko prekarioak izan– eta, beraz, sektore garrantzitsua dela, "egonkortzekoa". Geroari begira, helburua garraioak egituratzea da. Dominique Martinek uste du hemendik bi urtera Ipar Euskal Herriko garraiobideak hobetuko direla eta horretarako Elkargoarekin lanean arituko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.