Biktimak

Miguel Angel Blanco oroitu dute Ermuan, ETAk hil zueneko 22. urteurrenean

Juan Carlos Abascal Ermuko (Bizkaia) alkateak "isilik ez geratzera" deitu ditu herritarrak. Kritikatu egin du euskal presoak espetxetik irteten direnean horiek "heroi gisa" hartzeko "omenaldiak" antolatzea.

Ermuko Udalak Miguel Angel Blancoren omenez antolatu duen ekitaldia, gaur, Blancoren oroimenez Ermun altxatako monolitoaren parean. LUIS TEJIDO, EFE
2019ko uztailaren 11
07:18
Entzun

Miguel Angel Blanco PPko zinegotzi zena oroitu dute gaur Ermuan, bere herrian. ETAk 1997ko uztailaren 10ean bahitu zuen, eta euskal presoak Euskal Herriratzeko exijitu zion Espainiako Gobernuari, hura askatzearen truke. Espainiako Gobernuak entzungor egin zion ETAren exijentziari, eta talde armatuak Blanco hil zuen bi egun beranduago, tiroz. ETAk Blanco hil zuela 22 urte bete dira gaur. Hori dela eta, hura oroitzeko ekitaldia eta lore eskaintza egin dituzte Ermuan haren oroimenez altxatutako monolitoan. Ekitaldian izan dira udal talde guztietako ordezkariak, Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak eta Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria. Ermuko Udalak Sotero Mazo ile apaintzailea ere omendu du. 1980an hil zuen ETAk.

Lore eskaintzaren aurretik, hitza hartu du Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak. Azaldu duenez, ekitaldiaren helburua ETAren bi biktimen "senideei eta lagunei elkartasuna adieraztea" da, eta "beren mina pixka bat arintzea". Abascalek salatu du ETAk "krudelkeria adierazezin eta harrigarriarekin" hil zuela Blanco, baina talde armatuak ez zituela lortu bere "helburu totalitarioak", ezta Ermuko herriaren "duintasuna" apaltzea ere.

Alkateak indarkeriaren erabilera gaitzetsi beharra nabarmendu du. Haren esanetan, "zoritxarrez", talde batzuek "indarkeria justifikatzen eta aldarrikatzen dute gatazka baten erantzun logiko gisa". Gaineratu du euskal presoak "heroi gisa" hartzen direla espetxetik irteteten direnean egiten zaizkien "omenaldietan". Aldiz, "euskal herritarren artean jatorri, identitate eta ideologia" defendatzen dutenei "frankistak eta antieuskaldunak" deitzen zaiela salatu du.

Hori dela eta, egoera kezkagarria dela deritzo Abascalek. Are gehiago "faxismoen gorakada" kontuan hartuta. Alkateak egoera horri aurre egitera deitu du, "bestelako etorkizun bat" eraikitzera, "gizarte hobe bat" lortzeko hurrengo belaunaldientzat. Horretarako, ezinbestekotzat jo du iragana oroitzea eta "historia berriz errepikatzea" eragoztea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.