Bertsolaritza

Irailaren 14tik abenduaren 14ra jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Hiru hilabeteko epean, hamasei saio izango dira, eta 48 bertsolarik hartuko dute parte. Saio guztietarako sarrerak irailaren 2an jarriko dituzte salgai.

Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, gaur goizean, Asteasun. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
itziar ugarte irizar
2019ko uztailaren 16a
07:26
Entzun

Asteasun (Gipuzkoa) aurkeztu dute, gaur goizean, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Asteasun, herriko Pello Errota bertsolaria hil zela ehun urte betetzen direlako aurten, eta hari zein Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrari keinu bat egitea nahi izan duelako Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Txapelketaren irudia eta sintonia —Don Inorrez taldeak egin du musika— sortzeko abiapuntutzat hartu dute urteurrena. Bertsoaren mugimendua errotarenarekin erkatu du, hala, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: "Irudi horrekin laburtu izan nahi dugu bertso mugimenduak eta bertsolarien sormenak errotak bezalatsu funtzionatzen dutela: askotariko gaiak uztartuz, emari etengabearekin, aleak xehatzen, apurka-apurka, eta emaitza horrekin elikatuz".

Parte hartuko duten 48 bertsolarietatik 34 udaberrian jokatu den Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik heldu dira. Horiei beste hamalau bertsolari gehituko zaizkie orain; duela lau urteko txapelketaren finalean kantatu zuten seiak —Iñaki Apalategi, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Jon Maia eta Alaia Martin— eta beste zortzi, 2015ean gutxienez finalaurrekoetara iristea lortu zutenak.

Zazpi final-zortziren, bost final-laurden eta hiru finalaurreko saio hartuko ditu txapelketak. Finala abenduaren 14an jokatuko da Illunben, Donostian. Ondorengo herrietan izango dira aurreko saioak:

Final-zortzirenak:

Irailak 14 (larunbata), Oñatiko Santa Ana antzokian

Irailak 15 (igandea), Amasa-Villabonako Gurea antzokian

Irailak 21 (larunbata), Ordiziako Herri antzokian

Irailak 28 (larunbata), Zumarraga-Urretxuko Zelai-Arizti aretoan

Irailak 29 (igandea), Elgoibarko Herriko antzokian

Urriak 5 (larunbata), Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean

Final-laurdenak:

Urriak 19 (larunbata), Andoaingo Bastero kulturgunean

Urriak 20 (igandea), Irungo Amaia Kultur zentroan

Urriak 26 (larunbata), Eibarko Coliseo antzokian

Urriak 27 (igandea), Azpeitiko Soreasu antzokian

Azaroak 2 (larunbata), Azkoitiko Baztartxo antzokian

Finalaurrekoak:

Azaroak 17 (igandea), Arrasateko Uarkape pilotalekuan

Azaroak 24 (igandea), Oiartzungo Elorsoro kiroldegian

Abenduak 1 (igandea), Tolosako Usabal kiroldegian

Saio guztiak 17:00etan hasiko dira. Irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta saioen egunetan ere eskuratu ahal izango dira, aretoetan bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.